Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarekin batera. Mendiak, bere aldetik, gaurko bileran onartu den Enpleguaren Euskal Lege-aurreproiektua aurkeztu du.
Gaurko Gobernu Kontseiluak EH Bilduren eskutik datorren Lege Proposamena aintzat hartzearen aldeko iritzia eman duela azaldu du Gobernuaren bozeramaileak. Baliabide publikoak jaso ondoren deslokalizaziora doazen enpresek azken hamar urteetan jasotako laguntza guztiak itzuli behar izatea planteatzen duen proposamena da aintzat hartu dena. Gai honi buruz erregulazio nahihoa dagoen arren, Eusko Jaurlaritzak egoki ikusi du, Zupiriaren hitzetan, aurki Gobernuak berak onartuko duen dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Lege Proiektua eta gaur onetsitako EH Bilduren Lege Proposamena bateratzea eta izapidetzea, betiere Eusko Legebiltzarrak kontuan hartzen badu.
Gaurko Gobernu Kontseiluan ADOS Aholku Batzordearen 2023-2026 Jarduera Programa aurkeztu da, Euskadiko komunitate islamikoekin lankidetzan aritzeko. Zupiriak azaldu duenez, ezaugarri horiek dituen bigarren dokumentua da abian jartzen dena, eta lehenengoan jada aurreikusten zen Komunitate Islamikoekin Lankidetzan Aritzeko Aholku Batzorde bat -ADOS- sortzea eta geroztik, batzorde hau sailen, erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzarako gune bat izan da. 2026ra arteko Jarduera Programa berri honen helburua, besteak beste, ADOS Batzordearen zeregina sendotzea da, komunitate musulmaneko euskal herritarren kezkak edo aldarrikapenak aztertzeko elkarrizketarako eta baloraziorako gune gisa, aniztasuna eta eskubide eta betebeharren berdintasuna errespetatzeko esparru baten barruan.