Euskal Autonomia Erkidegoko industria produkzioa 2023ko otsailean aurreko urteko hil berekoa baino % 0,9 txikiagoa izan da, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek prestatutako datuen arabera.
Otsailean, aurreko hilarekin (2023ko urtarrila) erkatuta, berriz, Euskal AEko industria-jarduerak % 1,3 egin du gora, urtaro-ondorio egokiak zuzenduta. Ondasunen helmuga ekonomikoen arabera, Kontsumo-ondasunek urte arteko portaera positiboa izan dute 2023ko otsailean; % 1,9ko igoera izan dute sektorean, oro har. Igoera hori, nagusiki, Kontsumo iraunkorreko ondasunen produkzioan izan den % 2,7ko igoeraren ondorio izan da; haietan sartzen da, besteak beste, altzari eta etxeko aparatuen fabrikazioa. Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunek % 1,7 egin dute gora produkzioan. Haietan, honako jarduera hauek sartzen dira: elikagaien prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa; farmaziako produktuak, eta arropen jantzigintza. "Produkzioak gora egin du, era berean, Tarteko Ondasunetan (% 0,4), urte arteko terminoetan. Sektore horretan, honako jarduera hauek sartzen dira, besteak beste: metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa", azaldu dute txostenean.
Maila bereiziago batean, "Euskal AEko industrian pisu gehien duten sektoreen artean, 2023ko otsailean urte arteko hazkuntza handiena izan dutenak honako hauek izan dira: Garraio-materiala (% 5,3), Makinak eta ekipoa (% 4,1) eta Kautxua eta plastikoak (% 3,0). Bestalde, produkzioaren jaitsiera nabarmenena izan duten sektoreak honako hauek izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 8,4 behera), Elikagaigintza, edariak eta tabakoa (% 2,5 behera) eta Zura, papera eta arte grafikoak (% 1,4ko jaitsiera izan da produkzioan)", ondorioztatu dute.