2022ko laugarren hiruhilekoan, esportazioen prezioak % 8,6 igo dira 2022ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, Eustatek landutako datuen arabera. Alderaketa aurreko urteko hiruhileko berarekin egiten badugu, 2021eko laugarrenarekin alegia, % 7,2ko gorakada izan da. "Inportazioen prezioek norabide berari jarraitzen diote: % 8,3 igo dira hiruhileko batetik bestera, eta % 10,0 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta", azaldu dute Eustatetik.
Esportazio energetikoen prezioak % 4,6 igo ziren aurreko hiruhilekoaren aldean, eta ez-energetikoenak % 8,6. Aurreko urtearen aldean, ondasun energetikoen prezioak % 3,9 igo dira, eta ez-energetikoenak % 6,7. Inportazioen kasuan, produktu energetikoen prezioen indizea % 7,1 hazi zen, hiruhileko arteko tasan, eta ez-energetikoena % 9,1. Urte arteko alderaketan, prezio energetikoek nabarmen egin dute aurrera, % 26,3, eta ez-energetikoen kasuan, berriz, % 6,5ekoa izan da igoera.
"Arreta inportazioetan jarrita, ikusten da ezen, 2022ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, Kontsumo-ondasunek % 6,9ko igoera izan dutela, baina urte arteko alderaketan sektore bakarra da zeinetan prezioak jaitsi diren, % 3,5 zehazki", gaineratu dute. Bestalde, beste bi ondasun motak, Bitarteko ondasunak eta Kapital-ondasunak, % 8,7 eta % 5,1 igo dira, hurrenez hurren, aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 11,9 eta % 4,4, hurrenez hurren, aurreko urtearekiko.
"Inportazioei doakienez, eremu geografiko guztiek prezio-igoerak izan dituzte aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta igoera horiek Munduko gainerakoan nabarmendu dira (% 13,3). Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, tasak positiboak dira eremu ekonomiko guztietan ere, eta berriz ere Munduko gainerakoa (% 13,0) eta ELGA (% 8,3) aise nabarmendu dira", ondorioztatu dute.