Arabako enpresak deskarbonizazioari buruzko erronka eta aukeren inguruan sentsibilizatzeko asmoz, Arabako Foru Aldundiak jardunaldi bat antolatu du gai horri buruz. Datorren asteartean, martxoak 28, izango da jardunaldia, Europako Biltzar Jauregian. Hala, foru erakunde honek gaur goizean jakinarazi duenez, jardunaldi honen bidez, Arabako lurraldeko enpresen deskarbonizazio prozesuaren eraldaketa faktore garrantzitsuenei buruzko hausnarketa egin nahi da. Adibidez, klima-aldaketaren ondorioak arintzen nola lagundu eztabaidatuko da. Laburbilduz, jardunaldi honen helburu nagusia da enpresek prozesu honi ekiteko eta prozesu hori finkatzeko dituzten oztopoak gainditzeko beharrezko laguntza-mekanismoak eskaintzea.

Ildo horretatik, Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak, topaketa irekitzeaz arduratuko denak, uste du “gure gizartearen deskarbonizazioa dela, zalantzarik gabe, erronkarik garrantzitsuena, gaur egun eta datozen hamarkadetan aurre egin beharreko aldaketarik funtsezkoena. Gure lurraldean, BPGaren ia % 30 industriatik baitator, erronka handia da, eta lurralde gisa funtsezko urratsak ematen ari gara norabide horretan”.  "Deskarbonizaziorako planak eta neurriak abian jartzea mugarri bat da, eta epe laburrean lortu behar da; izan ere, gero eta presio handiagoa sortarazten dute klima aldaketaren arloko legeriak eta araudiak, finantza sistemak eta balio- eta hornidura-kateen dinamikak", gaineratu du.

Azkenik, parte hartu nahi dutenentzat, izen ematea araba.eus web orriaren bidez egin daiteke.