gasteiz - Araban gero eta enpresa gehiago ari dira euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzaketen onurez ari dira jabetzen alor sozioekonomikoan, enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak.

Badago zer hobeturik euskararen erabilera lan munduan indartsuago izan dadin. Ildo horretan, prozesuan parte hartu nahi du Lanabes talde eragileak, euskararen erabilera integratzeko beharrezko baliabide eta laguntza enpresei eskainiz. Lanabes-Araban Euskara Lanean egitasmoaren helburu nagusia Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea da. Egitasmo hori jarri zuten martxan Arabako zenbait erakunde, elkarte eta enpresak.

2017ko azaroan, Lanabes egitasmotik Arabako enpresei euskararen bidea erraztea helburu duen pilotaje erraz eta doakoa eskaini zuten.

Metodologia ulergarri baten bitartez, enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko laguntza eskaintzen dute, zerbitzua eta lan hizkuntza izateko ibilbidea zehazten. Arabako 10 enpresak euskararen pilotajea egin eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dute, euskararen alde egiteko erronkak ezarriz.

Pilotajearen metodologiarekin erakundearen hizkuntza egoera hobetzeko baliabideak eskaintzen diztuzte, esate baterako, hizkuntza egoera ezagutzeko baliagarria den auto-diagnostikorako aplikazioa, praktika egokiak eta eredugarriak, inprimaki-ereduak, etab.

Prozesuaren arduraduna da Bai Euskarari Elkartea, enpresei hizkuntza irizpide eta neurri egokiak definitzen laguntzen dienak, etengabeko aholkularitza emanez. Hauek dira pilotaje prozesuan parte hartu duten enpresak:

Orban diseño e impresión Bai Euskarari Ziurtagiriaren “Bidean” maila lortu dute. Hainbat helburu ezarri dituzte bezeroekiko harremana euskaraz izan dadin, batez ere, hizkuntza paisaia eta kanpo harremanekin zerikusia duten elementuak euskaratzeko. Lan hori egiteko, Bai Euskarari Elkartearen baliabideak eta laguntza izango dute.

Balerdi fisioterapia Bai Euskarari Ziurtagiriaren “Bidean” maila lortu dute. Enpresaren erronken artean, hizkuntza paisaia eta kanpo harremanak nabarmendu dira: errotuluak eta plakak (ordutegia eta antzekoak) euskaraz ere egingo dituzte; informazio orriak, tarifak eta produktuen katalogoak itzuliko dituzte; fakturak eta ordainagiriak euskaraz jarriko dituzte, telefonoaren erantzungailuko mezua bi hizkuntzetan jarriko dute?

GUNE Gasteiz S.C. Bai Euskarari Ziurtagiriaren “Bidean” maila lortu dute. Egiteko moduan, errotulu nagusia itzultzea eta bezeroarekiko harremanetan lehen hitza euskaraz egitea azpimarratu dira. Barne harremanetan ere, oharrak, telefono, fakturak? euskaraz izatea lehenetsi dute.

GEU Elkartea Jarduna ia osorik euskaraz burutzen dutela egiaztatuta, Bai Euskarari “Zerbitzua euskaraz” maila lortu dute. Hala ere, lana euskaraz egin ahal izateko, barne harremanak euskaraz sustatzeko beharra identifikatu da.

Ecopaja Bioconstrucción módular S.L. Euskaraz lan egiten hasteko hainbat helburu ezarri dituzte: erakundearen informazio orriak elebitan egingo dituzte; bezeroentzako faktura eta ordainagiriak itzuli eta bi hizkuntzetan eskaintzen hasiko dira, hala nola bezeroei bidalitako gutunak bi hizkuntzetan jarriko dituzte?

Arabako ALEA komunikazio taldea Euskara erdigunean duen proiektu komunikatiboa da. “Zerbitzua euskaraz” maila daukate eta helburu gutxi batzuk zehaztu dituzte “Zerbitzua eta lana euskaraz” mailara iristeko: telefono konpainiaren faktura euskaraz jasotzeko eskatuko dute; sistema eragileak euskaraz jarriko dituzte eta ofimatika eta web zein posta programak euskaraz jarriko dituzte ahal den heinean.

Errioxa Kultura Elkartea Bai Euskarari “Bidean” maila lortu dute, eta aurrerapausoak emateko, kartelak, lan kontratuak, nominak, fakturak? euskaratzen hasiko dira.

Kulturbide Gestión Sociocultural S.L. Bai Euskarari “Bidean” maila lortu dute eta gogoz ezarri dituzte hobekuntzarako helburu berriak: informazio orriak elebitan egingo dituzte, hala nola bezeroei emandako aurrekontuak eta fakturak; erakundearen argitalpenak eta eskolak emateko materiala elebitan egingo dute; bezeroarekiko ahozko zein idatzizko harremanetan euskarari lehentasuna emango diote?

Candido Besa Upategiak Enpresako langile guztiak euskaldunak dira eta haien jarduna euskaraz izaten da; hala ere, hainbat helburu zehaztu dira “Bidean” maila gainditu dezaten, batez ere hizkuntza paisaiari loturiko elementuen euskaratzearekin erlazionaturikoak.

Araski Arabako Emakumeen Saskibaloia Bai Euskarari “Bidean “maila lortu dute eta hainbat helburu zehaztu dira aurten jorratzeko. Gogotsu agertu dira kanpo eta barne komunikazioa euskaraz egiten hasteko eta batez ere, lehen hitza euskaraz egiteko.