BILBO. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioak %11,2 nominala gehitu dira 2014. urteko hirugarren hiruhilekoan, eta guztirakoa 5.429 milioi euro izan da, iaz 4.882 milioi izan zen bitartean. Inportazioak %20,1 gehitu dira, 4.551 milioi eurora iritsiz. Inportazio ez energetikoak bakarrik kontuan hartuz, gehikuntza %17koa izan da (2.707 milioi), Eustaten datuen arabera.

Saldo garbia positiboa izan da, 879 milioi euroko superabita lortuz, eta esportazioen inportazioen gaineko estaldura tasa %119,3 izan da. Produktu energetikoak bazter utzita, merkataritza saldo ez energetikoak 1.940 milioi euroko superabita du, 2013ko hirugarren hiruhilekoan baino 3,4 milioi gehiago. Estaldura tasa ez energetikoa 2013ko %183,7tik 2014ko %171,7ra pasatu da.

Europar Batasunerako esportazioak %15 gehitu dira 2013ko aldi beraren aldean, eta esportatutako guztiaren %63,4 izan dira, aurreko urteko hiruhileko bereko baino %2,1 gehiago. Herbehereetara (%76,3), Alemaniara (%21,6), Portugalera (%10,6) eta Italiara (%10,4) egindako esportazioak hazi dira, eta 28-EBtik kanpo, Norvegiara (%255,7), Txinara (%38,8), Mexikora (%7,7) eta AEBetara (%4,8) eginikoak.

Europar Batasunetiko inportazioak %63,8 gehitu dira, batez ere Letonia, Estonia eta Erresuma Batutik eginiko inportazio energetikoengatik. Frantziatikoetan %3,2ko galera izan da. Munduko gainerakoan berriz ere nabarmendu dira Iraketiko eta Norvegiatik (%23,5) egindako inportazioak, eta beheraka egin dute Errusiatik (%-51) eta Mexikotik (%-8,2) egindakoak, denak energetikoak. Txinatikoak ere nabarmen (%13,9) gehitu dira, aspalditxo baita EBtik kanpoko inportatzaile ez energetiko nagusia.

Muga zergen sekzioen arabera, esportazioez, Garraio materiala (%53,2) eta Produktu mineralak (%24,5) nabarmen gehitu dira, eta garrantzitsuenen artean Material elektrikoa bakarrik jaitsi da (%-4,3). Inportazioetan, Produktu kimikoak (%257,3) eta Metalak eta beren manufakturak (%9,2) gehitu dira, eta Material elektrikoa (%-4,2) murriztu.

LURRALDEKA

Lurraldeei dagokienez, Araban izan da esportazioen hazkunderik handiena (%22,9), batez ere Garraio materialagatik (%94,9). Halaber, Metalen eta beren manufakturen (%12,6) eta Plastikoen eta kautxuaren (%5,6) hazkundeak nabarmendu dira. Aurreko urteko aldi beraren aldean inportazio arabarrak %0,4 gehitu dira; bi sekzio garrantzitsuenak gehitu egin dira: Metalak eta beren manufakturak %2,8 eta Material elektrikoa %1,2.

Bizkaiko esportazioak %9,9 gehitu dira, Produktu mineralak (%25,7) eta Garraio materiala (%33,9) arloek izandako bultzadaren ondorioz. Jaitsierak izan dira Material elektrikoa (%-10,1) eta Metalak eta beren manufakturak (%-1,2) taldeetan. Inportazioak %28,8 gehitu dira Bizkaian, hiru lurraldeetako hazkunderik handiena, hiru sekzio nagusien (guztiaren %83) gehikuntzagatik. Produktu mineralak (%24,8), Metalak eta beren manufakturak (%10,1) eta eta Produktu kimikoak (%565,5) nabarmendu dira.

Esportazioen hazkunderik txikiena (%3,8) Gipuzkoan izan da, eta sekzio garrantzitsuenak, Garraio materiala (%10,7), Material elektrikoa (%3,9) eta Metalak eta beren manufakturak (%1,7) izan dira. Gipuzkoako inportazioak %5,1 gehitu dira, eta atal garrantzitsuenak Metalak eta beren manufakturak (%11,6) eta Material elektrikoa (%-1,4) izan dira.