Goi mailako kirolarien laneratzea sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Basque Teamek eta Laboral Kutxak
Basque Team Fundazioak eta Laboral Kutxa kreditu kooperatiba lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan Arrasaten (Gipuzkoa), kirolariei sostengua emateko goi maila utzi eta lan mundura sartu behar direnean.
Laboral Kutxaren egoitzan egindako ekitaldian, Basque Teameko ordezkari gisa Gorka Iturriaga izan da, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Fundazioko idazkaria; Laboral Kutxaren izenean, Nuria Agirre pertsonen eta hedabideen zuzendariak eta Endika Palacio talentuaren arduradunak hartu dute parte.
Era berean, Maialen Chourraut hiru domina olinpikoren irabazlea eta Xabier Etxaniz Chourrauten beraren eta Pau Echaniz eta Miren Lazkano kirolari olinpikoen entrenatzailea aurkezpenean izan dira beste taldekide guztien ordezkari gisa, Basque Team Fundaziotik jakinarazi dutenez.
Basque Team Fundazioaren helburua da euskal goi mailako kirolaren garapen egokia sustatzea, ez bakarrik kirol errendimenduaren ikuspegitik, baizik eta kirolarien dimentsio soziala, pertsonala eta profesionala ere kontuan hartuta.
Hori dela eta, 'Laneratzea' deitutako programaren bitartez, besteak beste, Basque Teamen eredua laguntza integraleko ikuspegian oinarritzen da, kirol esparrua zaintzeaz gain, kirolariaren alde pertsonala eta enplegagarritasunerako eta ibilbide profesionala garatzeko prestaketa ere zaintzen baitira.
Ildo horretan, Laboral Kutxarekin sinatutako laneratzeko hitzarmena Basque Team Fundazioaren estrategia zabalago baten barruan dago. Estrategia horren helburua da kirol arrakastarekin batera egonkortasuna, prestakuntza eta etorkizunerako aukerak bermatzea.
Testuinguru horretan, Laboral Kutxarekiko harremana bi esparrutan garatuko da, elkarren osagarri diren bi mailatan, hain zuzen ere. Alde batetik, kirol programa sostengatzen laguntzen duen babes ekonomikoa eskainio du Laboral Kutxak, eta, beste batetik, lankidetza soziala eta profesionala bultzatuko du, "kirolari baten ibilbidean ikusezinagoa den alderdia", laneratzeko prestaketa eta etorkizun profesionala indartzera bideratuta.
XEDE ZEHATZAK
Bi erakundeen arteko hitzarmenak baditu xede zehatz eta praktiko batzuk ere: Basque Teameko kirolarien sarbidea erraztea Laboral Kutxako hautaketa prozesu eta lan poltsetara, entitatearen behar estrategikoekin lerrokatutako profil profesionalak identifikatzea eta lan aukera errealak sortzea, ahal den neurrian kirol ibilbidearekin bateragarriak direnak.
Hori guztia gauzatzeko, Laboral Kutxak dituen baliabideak Basque Teameko kolektiboaren esku jarriko ditu, hala nola banku funtzioarekin lotutako prestakuntza programak eta egiaztagiriak, finantzen kudeaketa eraginkorrerako prestakuntza espezifikoa eta ekintzailetzako baliabideetarako sarbidea (Gaztenpresa fundaziorako sarbidea).
"Laboral Kutxak aspalditik euskal kirolarekin eta euskal kulturarekin askotariko harremanak ditu eta hitzarmen honek harreman horiek sendotzen jarraitzeko aukera ematen digu", azpimaratu du Nuria Agirrek.
Gorka Iturriagak, bestalde, eskertu eta nabarmendu du Laboral Kutxak "oso ondo" babesten duela Basque Teametik kirolariei eskaintzen zaien laguntza integrala, "konpetentzia berezietan eskainiko zaien formakuntzaren eta lan mundura sartzeko ematen zaien aukeraren bitartez".
Temas
Más en Deportes
-
Galbiati: "Sobre mi futuro puedo decir que estoy con la afición y que vamos a dar el 300%"
-
La calculadora del Manomanista: ¿Qué necesitan Zabala, Artola, Larrazabal y Peña para entrar en las semifinales?
-
El camino rosa de Vingegaard
-
Estas son todas las afecciones por la Maratón Martín Fiz este fin de semana