Arantza Plazak jantziko dio txapela Bizkaiko bertsolari txapeldunari
Arantza Plaza Zamorak (Gizaburuaga, 1958) astero bertsolaritza irakatsi baitu herrietako ikastetxeetan, 'Mundu bat bertso' programaren bitartez
Arantza Plazak jantziko dio txapela Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari abenduaren 20an Bilboko Casillan, eta horrela, urte luzeetan bertsolaritzaren transmisioan egindako lana aitortu nahi izan dio Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.
Izan ere, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, Arantza Plaza Zamorak (Gizaburuaga, 1958) astero bertsolaritza irakatsi baitu herrietako ikastetxeetan, 'Mundu bat bertso' programaren bitartez.
Arantza Plaza 2004an hasi zen lehen eskoletan bertsolaritza irakasten eta 2022ra arte lan horretan aritu da. Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da.
Garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio bi hamarkada luzeetan. Hain zuzen, hainbat errealitate ezagutu ditu, hala nola egoera soziolinguistiko desberdinak, eskola handi zein txikiak, hiriburua eta herriak, eta kasu guztietan ederto moldatu da.
Bere esanetan, bertsoak asko laguntzen du euskarara gerturatzeko, baita kantuak ere, "umeekin konektatzeko altxorra delako".
Bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea eta zaletasuna piztea ez ezik, euskararekiko jarrera positiboa indartzea ere izan du helburu Arantza Plazak, eta euskara guztiak onak direla azpimarratzen zien ikasleei.
Elkarteko beste proiektutan ere egin du bere ekarpena: Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio beharretan ibili da hamaika elkarrizketa eginez, tartean, 'Bizkaiko Bertsogintza IV' liburuko dokumentazio lanetan.
TXAPELKETA
Txapelketa ere gertutik bizi izan du Plazak. Bizkaiko txapelketetan boluntario lanak egin ditu, eta etxekoak eta lankideak ere izan ditu oholtza gainean. Laneko erretiroa hartu badu ere, oso lotuta jarraitzen du bertso munduari, eta "lankide, ikasle, eta elkarteko kideek asko maite dute".
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 20an izango da Bilboko Casilla pabiloian, eta hantxe jarriko dio Arantza Plazak txapela txapeldunari.