Deportivo Alaveseko lehen taldeko lau jokalarik autografoak sinatuko dituzte irailaren 2an eta 3an Mendizorrotzako kirolgunean eta Gamarrako parkean, hurrenez hurren. Jarduera Udalaren Kirol Zerbitzuak antolatuko du eta udal kirol-instalazioetako abonatuei zuzenduta dago, aldi baterako pasea dutenentzat edo jardunaldi baterako sarrera erosi dutenentzat.

Ana López de Uralde Kirol zinegotziak azaldu duenez, "Kirol Zerbitzutik antolatzen ditugu autografoen sinadura hauek, herritarren artean oso harrera ona dutelako".

Era berean, aitortzen du "gure udal kirol-instalazioetara joaten diren pertsonei eskaintzen diegun aukera bat dela hiriko gizonezkoen lehen futbol taldeko jokalariak ezagutu eta haiekin argazkiak atera ahal izateko".

Irailaren 2an, asteartean, Pablo Ibáñez erdilariak eta Jonny Otto atzelariak autografoak sinatuko dituzte Mendizorrotzan 17.00etatik aurrera. Ordubetez, futbolariek arreta emango diete sinadurak lortu nahi dituzten eta argazki bat atera nahi duten Arabako zaleei, instalazioko pasealeku nagusian, igerileku olinpikoaren eta eraikin sozialaren artean.

Irailaren 3an, asteazkenean, Toni Martínez aurrelaria eta Víctor Parada harrobiko jokalaria Gamarrako parkera hurbilduko dira. Autografoen sinadura frontoian izango da 17.00etatik 18.00etara.

GASTEIZ

Bestalde, Gasteizko Udalaren Kirol Zerbitzuak 55 urtetik gorakoentzako 'Ibilbideak natur inguruetan' programaren udazkeneko denboraldiari ekingo dio berriro. Hamar irteera egingo dira, astearte eta ostegunero, irailaren 16tik urriaren 16ra bitarte. Ibilbide bakoitzak 100 plaza izango ditu gehienez, eta izena emateko epea irailaren 4an, ostegunean, irekiko da, 08.30ean.

Ana López de Uralde Kirol zinegotziak azaldu duenez, ekimen honen helburua 55 urte baino gehiagokoek "gure inguruko paisaia naturalez gozatzen duten bitartean aktibo egoteko aukera izatea eta, aldi berean, gero beste ibilbide batzuk partekatu ahal izateko beste mendizale batzuk ezagutzeko aukera ematea" da.