Athletic Clubek eta Unai Egiluzek akordioa lortu dute bien arteko kontratua 2028ko ekainaren 30era arte luzatzeko. Erdiko atzelariak lehen taldearen fitxa izango eta Ernesto Valverderen aginduetara egingo du denboraldiaurrea, talde zuri-gorriak sarean argitaratutako ohar batean jakinarazi duenez.
Atzelari durangarrak duela bi urte debutatu zuen jada Athleticekin, taldeak gerora irabazi zuen Koparen lehen kanporaketan, UE Rubi taldearen aurka.
Aurreko denboraldian 33 partida ofizial jokatu zituen Mirandesekin. Dernboraldiak aurrera egin ahala, errendimendua hobetu eta protagonismoa irabaziz joan zen, taldeko jokalari erabakigarrienetakoa izatera iritsi arte.
Bada, jokalari durangarrak arrakastaz bikatu zuen LaLiga HyperMotion lehiaketan izandako lehen lagapena. Lehenago, Bilbao Athleticetik ere igaro zen, 50 neurketa ofizial jokatuz, eta orain lehen taldeko fitxa izango du.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Asier Bastida argazkilariak azken 15 urteetan Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdian egindako lanaren lagin bat bildu du 'The Folk Faces' argitalpenean. "Herriaren tradizioetan eta folklorean txertatuta dagoen arima eta herri nortasunaren gaineko harrotasuna erakusten duten begiradak" dira, aurkezpenean azaldu dutenez.
Bizkaiko Foru Aldundiak kaleratutako argitalpenak azken urteetan Portugaleteko Folklore Jaialdian parte hartu duten 36 herrialdetako artisten 65 erretratu biltzen ditu; 55 banakoak dira, eta 10 taldekoak.
Aurkezpenean, Asier Bastidarekin batera izan da Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua, eta adierazi lanak "gure sustraien eta kulturaren garrantziaren ikuspegi globala" ematen duela.