Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak maila handiko proba bana jokatuko du aste honetan Okzitanian, Andorran eta Danimarkan, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Hain zuzen, asteazken honetatik larunbatera, ekainaren 18tik 21era, euskal taldea La Route d'Occitanie itzulian izango da, Tourmalet mendatearekin eta Luz Ardiden gainean amaituta.
Gainera, egutegiko bi klasiko berritan ere izango da, Andorra Morabanc Classica eta WorldTopur mailako Copenhagen Sprint jokatuko baititu, biak ala biak igandean, ekainaren 22an.
Nicolas Alustiza, Mikel Bizkarra, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Iker Mintegi, Danny van der Tuuk eta Unai Zubeldia dira La Route de Occitanie itzulian lehiatuko diren zazpi txirrindulariak, Ruben Perezen zuzendaritzapean. Jon Agirrek ez du parte hartuko Esloveniako Tourrean erradioren burua hautsi ostean.
Txirrindulari talde bera lehiatuko da igandean Andorra Morabanc Classica klasikoan, eta Jon Aberasturi, Iker Bonillo, Xabier Berasategi, Gotzon Martin, Paul Hennequin, Andoni Lopez de Abetxuko eta Louis Sutton izango dira egun berean WorldTourreko Copenhagen Sprint klasiko berrian, Jorge Azanzaren eta Pablo Urtasunen zuzendaritzapean.
BESTE ALBISTE BATZUK
Bestalde, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2025-2030 epealdirako Mugiment ekintza planaren zehaztasunak eman ditu asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean, batzordekideen ekarpenak jasotzeko.
Datozen asteetan Mugiment Mahaiko kideekin ere batzartuko da Bengoetxea, jarduera fisikoaren sustapena bultzatzea helburu duen planaren berri emateko eta euren proposamenak jasotzeko, plana indartzeko asmoz.
"Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Programako ardatzetako bat, lehena, pertsonak erdigunean jartzea eta euskal gizartean ongizatean haztea da", adierazi du Bengoetxeak Legebiltzarrean.
Izan ere, bere hitzetan, erronka demografiko bati aurre egin behar zaio: "Gizartearen bizi itxaropena handitzeak biztanleriaren adinekoen proportzioa handitzea ekarri du eta lehentasunezko erronka izango da zahartzarora ahalik eta osasuntsuen eta bizi kalitate altuenarekin iristea".
Helburu hori lortzeko bidean, Jaurlaritzak '2025-2030: Mugiment Ekintza Plana' osatu du, "gure gizartearen ongizate integralerako eta euskal komunitate osasuntsuago baterako tresna izango den plana".