Araba Saski Cup txapelketak 600dik gora gazte saskibaloizale bildu nahi ditu lehen edizioan
Araba Saski Cup txapelketaren lehen edizioa egingo da abenduaren 26tik 29ra, nagusiki Gasteizen, baina baita Legution eta Arrazua-Ubarrundian ere, eta 600-700 gazte bildu nahi ditu saskibaloiko kantxaren inguruan.
Arabako kirol egutegiari gehituko zaion ekimen berrioa aurkezteko prentsaurrekoan izan dira ostegun honetan Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputatua, Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol zinegotzia eta Saioa Lopez Muguruza txapelketaren antolatzaile arduradunak.
Bada, zehaztu dutenez, Araba Saski Cup txapelketak lau kategoria izango ditu. Haurren kategorian (13-14 urte) 12 talde lehiatuko dira (120-140 pertsona), kadete mailan (15-16 urte) 18 (180-200 pertsona), juniorretan (17-18 urte) beste 18 (180-200 pertsona), eta senior mailan (18 urtetik gora) 12 (120-140 pertsona).
Lehiaketa ereduari dagokionez, multzoen fase bat izango da lehenik, eta ondoren, sailkatze partidak. Multzo bakoitzeko bina partida izango dira abenduaren 27an eta 28an, eta azken partidak, multzoen sailkapenaren arabera, hilaren 29an jokatuko dira. Finalen aurretik, hirukoen eta trebetasunen lehiaketa bat egongo da (talde bakoitzeko ordezkari bat).
Oraingoz, Araskik eta Baskoniak zenbait talderekin parte hartuko dutela baieztatu dute, eta Zuiak eta Laudiok talde banarekin. Halaber, baiezkoa eman dute Madril, Bartzelona, Miranda, Logroño eta Getafetik etorriko diren talde batzuek. Inskripzio epea irekita dago oraindik.
Araba Saski Cup lurraldeko bost instalaziotan jokatuko da, Gasteizko Ibaiondo, San Andres, Landazuri eta Lakua 03n, Duranako (Arratzua-Ubarrundia) Sologana kiroldegian eta Legutioko kiroldegian, hain zuzen ere.
Gainera, talde parte hartzaileak gonbidatuta daude Baskoniak abenduaren 27an Parisen aurka jokatuko duen Euroligako partidara, entrenatzaileek clinic bat izango dute Jota Cuspinerarekin eta David Gilekin, eta Arabak eta Gasteizek bisitariei egiten dieten Gabonetako eskaintzaz gozatu ahal izango dute guztiek.
Oraindik badaude leku libreak kategoriaren batean, eta antolakuntzak erraztasunak eskaintzen ditu inskripzioak finantzatzeko. Informazio guztia https://eu.arabasaskicup.es/ web orrian dago.