Gasteizko Andre Maria Zuriaren pilota txapelketa abuztuaren 5ean hasiko da Ogetan, lehen finalerdiarekin. Bigarren finalaurrekoa biharamunean jokatuko da, abuztuaren 6an, eta finala bi egun geroago izango da, abuztuaren 8an.
Horrela jakinarazi dute astearte honetan aurkezpen ekitaldian Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun zinegotziak, Alfredo Alonso CaixaBank bankuko Arabako negozio arloko zuzendariak eta Unai Iglesias eta Inaxio Errandonea Baiko eta Aspe enpresetako arduradun komertzialek, hurrenez hurren.
Bada, Andre Maria Zuriaren txapelketa abuztuaren 5ean hasiko da, Gasteizko jaien egun handian. Lehen partida 17:15ean hasiko da, eta Ezkurdia-Bikuña eta Larrazabal-Aranguren bikoteek jokatuko dute. Ondoren, Artola-Mariezkurrena II.a eta Laso-Albisu aurrez aurre arituko dira lehen finalaurrekoan. Jardunaldia Senar-Elizegi eta De la Fuente-Aldabe bikoteen arteko partidarekin amaituko da.
Bigarren finalerdia abuztuaren 6an jokatuko da. Lehen partida Urrutikoetxea-Iztueta eta Dario-Martija bikoteek jokatuko dute, 17:15ean, eta ondoren, Altuna III.a-Rezusta eta Zabala-Zabaleta kantxaratuko dira partida nagusian. Eguna amaitzeko, Salaberrria-Eskuza eta Zubizarreta III.a-Salaverri II.a bikoteen arteko partida izango da.
Bi finalaurrekoetako irabazleek finala jokatuko dute abuztuaren 8an. Eguneko partidak 17:15ean hasiko dira, Elordi-Tolosa eta Larrazabal-Imaz bikoteen arteko norgehiagokarekin, eta, amaitzeko, finalaren ondoren, Bakaikoa-Lizeaga eta Egiguren V.a-Gaskue ariko dira.
Gasteizko Udalak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Andre Maria Zuriaren txapelketako egun bakoitzerako. Izena emateko epea uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 1eko 23:59an amaituko da. Irabazleen izenak abuztuaren 2an jakinaraziko dira.