Gasteizko Ironman triatloiaren bosgarren edizioa jokatuko da igandean, uztailaren 14an, eta 58 herrialdetatik iritsitako 1.800 triatleta inguru bilduko ditu. Parte hartzaileen artean 100 atleta profesional egongo dira, eta emakumezkoak %13 izango dira. Gainera, Gasteiz Ironman Pro Series lehiaketaren lehen edizioan sartuko da aurten.
Ibilbidearen xehetasunak eta aurtengo edizioko elastiko ofiziala ostegun honetan aurkeztu dituzte prentsaurrekoan. Bertan izan dira Gasteizko Udaleko Kirol zinegotzi Ana Lopez de Uralde, Arabako Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputatu Ana del Val, Eusko Jaurlaritzako Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriaga, Gasteiz Ironman lasterketako zuzendari Eduardo Martinez eta Europako, Ekialde Ertaineko eta Afrikako Ironmaneko zuzendari nagusi Agusti Perez.
Bosgarren edizioan, nazioarteko parte hartzea %68koa izango da eta, besteak beste, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Portugal eta Alemaniako kirolariak bilduko dira. "Datu positiboak dira. Gure hiria, Gasteiz, kirolari eta turismoari dagokienez nazioartean sustatzen du ekimenak, eta hiribururako motor ekonomikoa ere bada", nabarmendu du Lopez de Uraldek.
Proba 08:00etan hasiko da, igeriketarekin: triatletek 3,8 kilometro egin beharko dituzte igerian Uribarri-Ganboako urtegian. Jarraian, lehen trantsizioa egin beharko dute bizikletan 180 kilometro egiteko Landako urtegiaren ertzean. Arabako lautada eta Elgeako mendilerroaren inguruak zeharkatuko dituzte, bai eta kultura eta paisaiari dagokienez interes handiko udalerriak ere, eta Done Jakue bideko tarte batzuetatik oso gertu igaroko dira Gasteizko erdigunera iritsi aurretik.
Ondoren, zapatilak jantzi eta Gasteizko kaleetan maratoia egin beharko dute zirkuitu lauan. Zirkuituak lau itzuli izango ditu eta erdiguneko eta Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu. Helmuga Espainia plazan egongo da.
Eliteko ehun kirolari inguru izango dira bertan. Gizonezkoen kategorian, 1 zenbakidun dortsala Ironmaneko munduko txapeldun Sam Laidlow frantsesak izango du; emakumezkoen kategorian, aldiz, faboritoetako bat Gurutze Frades euskalduna da, 2023an Gasteizko Ironman irabazi zuena. Sari banaketa biharamunean egingo dute, uztailaren 15ean, 12:00etan, Europa biltzar jauregian.