Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera. Gizarte Politiketako sailburuak Haurren eta Nerabeen Legearen aurreproiektua aurkeztu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Tourra hasteko 4 egun falta direnean, azpimarratu du “jaialdi hau” Euskadiren irudi positibo bat munduan proiektatzeko aukera paregabea izango dela. Gainera, Bingen Zupiriaren arabera, aukera ona izango da, batez ere, txirrindularitza zalentzat, baina baita gainerako biztanleentzat ere, “kolorez eta interesez” betetako ikuskizunaz gozatu ahal izateko.

Azken prestaketei dagokienez, Zupiria sailburuak azaldu du herritarrei mugikortasunari buruzko mugei buruzko informazioa eskaintzen ari zaiela, Tourraren garapen egokirako beharrezkoak diren azpiegitura guztiak prestatzen ari direla eta boluntarioekin koordinazio-lan handia egiten ari direla. Grand Départ baino lehen, ostegunean taldeen aurkezpena egingo dela gogorarazi du.

Bestetik, Lan eta Enplegu sailaren eskutik, eta Inklusiorako V. Euskal Planaren barruan, Kontseiluak 2 milioi euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du gizarteratzeko proiektu esperimentalak egiteko, bazterkeriaren aurkako estrategian sakontzeko eta desberdintasun hori eragiten duten faktoreei erantzuteko. Laguntza hauek bi erakunde publikoren artean banatuko dira: Vitoria-Gasteizko eta Donostiako udalak, eta gizarteratzera bideratutako irabazi-asmorik gabeko zortzi erakunde pribatu. Zupiriak azaldu duenez, propiektu hauen helburua izango da, modu berezi batean, emakumeak, desgaitasun psikikoa edo intelektuala duten pertsonak edota osasun mentaleko arazoak eta adikzioak dituztenak laguntzea.