GASTEIZ. NBAko Memphis Grizzlies taldeak 2013ko draftean aukeratu zuen, baina Orlando Magic taldeak bere eskubideak ditu 2015etik. Talde gasteiztarrak "erabateko hegaleko" baten aldeko apustua egin du, eta bere fisikoagatik eta jokoaren alderdi ezberdinetan nabarmentzen dela adierazi du.
Baskoniako jokalari berriak Letonian egin du kirol ibilbide gehiena. 2015-2016 denboraldian San Petersburgoko Zenit taldera joan zen eta azken bi urteak bertan egin ditu. Gaztea izan arren, esperientzia dauka Europan, azken hiru denboraldietan Eurocup jokatu baitu, VEF Riga eta Zenit taldeekin.
Letoniako selekzioarekin jokatu du eta Letoniako Liga eta Liga Baltikoa irabazi ditu. Zeniten denboraldi oso ona egin ondoren helduko da Gasteizera. Ligan, partidako 13.6 puntuko, 4 erreboteko eta 2.6 asistentziako batez bestekoak izan ditu, eta Europako lehiaketan jokaturiko 13 partidetan, 16.2 puntu, 4.7 errebote eta 2.9 asistentziakoak.