“Ondarea zaintzen dugu, eta ezagutzaren jarraipena bermatzen dugu”
Sentsibilitate artistikoarekin eta kultura zein ondare balioa zainduz lan egiten du Maite Fernandez Azkona zaharberritzaileak. Artez proiektuaren parte da, eta helburu dute objektu historikoak zaintzea eta berreskuratzea
Artelanek, eraikinek eta monumentuek denboraren arrastoak gordetzen dituzte, eta zaharberritzailearen egitekoa da arrasto horiek ulertzea, kontserbatzea eta, behar denean, esku-hartze neurtu baten bidez haien bizitza luzatzea. Horretan dihardu Maite Fernandez zaharberritzaileak.
Zer da zaharberritzea?
Zaharra dena berriz bere hasierako egoerara bueltatzea da. Baina, gaur egungo irizpideen arabera, ez direla horrelako esku-har-tzeak egiten; normalean, patina deitzen dena kontserbatzen dugu, edo objektuaren bizi-tzaren arrastoak izan direnak, betiere narriadurak direnak kenduz, baina ez berritze oso bat eginez. Izan ere, bai artelanek, bai eraikinek, baita monumentuek ere badute beraien bizitza eta bizitza horrek arrastoak lagatzen ditugu.
Bizitza arrastoak uzten dituzue, baina ez duzue ez dagoena asmatzen.
Gure lanean ezin dugu ezer asmatu. Ezin dugu ezer sortu. Zerbait falta bada, ez dugu berregiten. Zenbait kasutan, argazkien bidezko dokumentazioa balego edo artelanaren aurretiko irudiak edo grabatuak baleude, horiek erabil genitzake falta den zatia berregiteko. Hala ere, gure lana artelanaren irakurgarritasuna berreskuratzea da, eta artelan bati hura ulertzeko funtsezkoa den zati bat faltako zaionean egiten dugu hori.
"Gure lana artelanaren irakurgarritasuna berreskuratzea da, eta artelan bati hura ulertzeko funtsezkoa den zati bat faltako zaionean egiten dugu hori”
Piezek bere esentzia mantendu behar dute. Eta zuek pieza ezberdinak izaten dituzue esku artean, Artezen.
Artezen denetarik lantzen dugu: mihiseak, margoak (olio margoak normalean edo taularen gainekoak), erretaulak, eskulturak (egurraren eta harriaren gainekoak), monumentuak, eraikinak, horma margoak... ez ditugu ez papera ez oihalak lantzen.
Zein izan da lanik bereziena?
Denak dira bereziak, maitagarriak eta kuttunak. Egia da batzuek berezitasun handiagoa dutela, zure herrikoak direlako edo denbora luzez haietan lanean aritu zarelako. Esaterako, balearen hezurdura oso berezia izan zen; pieza berezia zelako, eta azken euskal balearen hezurdura zaharberritzea sekulakoa izan zelako. Baina, Bergarako San Pedro elizako erretaula desmuntatzea ere oso berezia izan zen, haren kontserbazioa kolokan zegoelako. Baita 500 urtez estalita egon diren Beasaingo horma margoak aurkitzea eta zaharberritzea ere.
Historia asko daukaten objektuak dira guztiak.
Bada erantzukizuna, bada ilusioa. Zaharberritzen ditugunak bakarrak dira, ez daude gehiago, eta horrek erantzukizun handia dakar. Baina, egia da horretarako prestakun-tza sakona jaso dugula, eta horrek lasaitasuna ematen digu.
"Ez ditugu artistak, baina haien lan egiteko modua ulertzen dugu. Horiek galtzen baditugu, lan egiteko modu horiek guztiak ere galduko ditugu”
Ez da ofizio oso ezaguna.
Oso exotikoak gara. Egia da orain jende gehiago ari dela, baina urte oso zailak igaro ditugu, krisi ekonomikoetan normalean lehenik kulturatik kentzen delako, eta kulturaren barruan errazagoa delako zaharberri-tzeari kentzea zinemari kentzea baino. Eta 2010eko krisiaren ondoren, zaharberritzaile askok beren ogibidea utzi zuten; baita nik ere. Hezkuntzan jardun nuen urte batzuetan, baina gero bueltatu egin nintzen. Hala ere, jendea normalean ez da itzultzen. Pentsatu behar da gurean andamiora igotzea gero eta zailagoa dela adinean aurrera egin ahala. Beraz, polita eta gogorra da; bi aldeak ditu.
Zaharberritu beharreko ondarea dagoen lekura joaten zaretelako?
Bai, askotan piezak ezin dira mugitu eta kontserbaziorako ere ez da oso egokia. Izan ere, material gehienak higroskopikoak dira; hau da, tenperaturaren eta hezetasunaren arabera mugitu egiten dira, edo baldintzak aldatzean dilatatu egiten dira;egurra eta mihisea, kasu. Orduan, hobe da beren lekuan mantentzea.
Zer prozedura jarraitzen duzue ondare batekin hasterakoan?
Artelanei bisita egiten diegu, ondo ikuska-tzen ditugu, eta argazkiak ateratzen dizkiegu, ondoren narriaduren mapak egiteko. Horien arabera, esku-hartze proposamen bat egiten dugu, baita ikerketa txiki bat ere, gure esku dagoen neurrian; izan ere, gu ez gara historialariak. Baina, adibidez, antzinako argazkiak aurki ditzakegu, bakoitzaren ibilbidea ezagutzeko. Horrekin osatzen dugu gure proposamena. Onartzen badute, lanean hasten gara, eta amaieran beti txosten bat aurkezten dugu, egindako esku-hartzea jasoz, prozesua argazkiekin dokumentatuz, eta hasierako nahiz amaierako argazkiak jarriz. Prebentziozko kontserbazioa egiteko jarraibideak ere ematen dizkiogu jabeari: zer baldintzatan mantendu behar den, zenbatero egin behar zaion ikuskapena... Ondarea mantendu ere egin behar da.
"Zaharberritzen ditugunak bakarrak dira, ez daude gehiago, eta horrek erantzukizun handia dakar”
Denetariko ezagutza behar duzue horretarako.
Baditugu kimikaren, diseinu grafikoaren eta argazkilaritzaren ezagutzak… eta gureak propio diren ezagutza teknikoak ere bai. Hezur batekin lan egin dezakegu, harriarekin edo egurrarekin gero; ezagutza zabala eta askotarikoa behar da. Ez da edozeinek egin dezakeen zerbait. Artelan baten “medikuak” gara gu, baina edozein prestakuntzarekin ezin zara ez mediku ez zaharberritzaile izan.
Sentitzen duzue gero eta gehiago baloratzen dela zuen lana?
Ez. Badago sentsibilitate pixka bat, baina egia da askotan gogorra dela jendeak “zertarako egiten duzue hau?” galdetzea. Guk ondarea zaintzen dugu, eta ezagutzaren jarraipena bermatzen dugu. Ez da soilik ondarea mantentzea; ogibide bat ere bizirik mantentzen dugu. Duela 500 urte egindako horma-margoak zaharberritzean, ofizio hori bera ere mantentzen ari gara. Obrek hitz egiten digute morteroei, pigmentuei eta teknikei buruz. Ez ditugu artistak, baina haien lan egiteko modua ulertzen dugu. Horiek galtzen baditugu, lan egiteko modu horiek guztiak ere galduko ditugu. Jakintza hori guztia mantentzea ere oso garrantzitsua da.