“Musikaria zaren momentuan, ikerlaria zara”
Ehun urte baino gehiago dituzten euskal kanten afinazioa aztertu du Nerea Erbiti abeslari, jazz musikari eta ikerlariak. Lanari Donostiako Orfeoia-EHU XXV. saria eman diote
Ilusio handiz eta pozez mintzo da Nerea Erbiti abeslari, jazz musikari, ikerlari eta irakaslea (Leitza, Nafarroa, 1980). Jakin-min handiko pertsona da, eta etengabe dabil gehiago ikasi nahian. Inprobisazioa eta esperimentazioa ere maite ditu, eta horrek duela ehun urte baino gehiagoko grabaketen afinazioa atertzera eraman du. Donostiako Orfeoia-EHU XXV. saria eman diote Afinazio neutroa euskal kantu monodikoetan: Lehen Mundu Gerra garaian (1916-1917) Alemanian euskal presoei egindako grabazioen azterketa izeneko lanagatik. Ikerketaren nondik norakoak azaldu ditu.
Lehen Mundu Gerran Alemanian euskal presoei egindako grabazioen afinazioa aztertu duzu. Zerk eraman zaitu horretara?
Jazz ikasketak amaitzean, ez nekien zer egin, eta disko bat egitea proposatu zidaten. Ez nuen neure burua ikusten ingelesez jazz estandarra kantatzen, ez nintzelako identifikatua sentitzen. Orduan, hasi nintzen pentsa-tzen zer eskaini nezakeen. Kanpoko musika ikastea itsasoruntz joatea da, eta Lurpekariak taldearekin bide hori hartu genuen. Lehen diskoak Itsasotik iturrira zuen izena. Ahoz ahokoa galdu da, eta atzera begiratzeko eta ikasi ez duguna ezagutzeko beharra nuen.
Zein galdera sortu zitzaizkizun?
Ea nola abesten dudan nik, zer pasako litzateke gure musikaren transmisioa hautsi izan ez balitz… jazzaren tradizioarekin pasatu zen bezala, eboluzio bat egon da, eta nik oraingo eboluzioa ikasi dut. Nola izan da eboluzio hori? Ahots bakarreko grabazio bat zegoen Caubet Chubuko Arhanena, eta aditu nuenean ikusi nuen afinazioa ez zela gaur egungo musika tenperatura bezala. Orduan, nire galdera zen: Zergatik kantatzen da horrela? Ikasi daiteke horrela kantatzen? Afinazio edo erabiltzen den era ezaguna egiten zait? Desafinatzen da edo arau batzuk daude? Jakin nuen EKE Euskal Kultur Erakundean Alemaniatik ekarritako grabazio pila bat zituela, eta eskatu nizkien. Oso eskertuta nago pasa zizkidatelako. Oso jende gutxik aztertu ditu. Agustin Mendizabalek transkripzio batzuk egin zituen, baina afinazioa ez zuen ikertu. Oso eskura etorri zi-tzaidan dena, eta oso eskertua nago bere ikerketa ikusteko eta zalantzak galdetzeko aukera eman zidalako.
Zein ezaugarri identifikatu dituzu?
Fenomeno honi “entonazio neutroa” deitu beharko genioke. Lana gaztelaniaz egin nuen eta “afinazio neutroa” jarri nion, “entonazio neutroa” hitzak konnotazio desberdina daukalako. Hala ere, euskaratzerakoan “afinazio neutroa” jarri zen. Aztertzen dudana afinazioa da. Hau da, zein altuera duen nota bakoitzak, altuera horiek zein ezaugarri bete-tzen dituzte, noiz ateratzen diren afinazio batekin edo besterekin, ea tonu laurdenak dauden eta beste. Horretarako, nota bat ehun zati desberdinetan banatu nuen. Behin banatuta aztertu nuen ea notak zenbat urruntzen edo hurbiltzen ziren puntu batetik, ikusteko ea nota hori kontsideratzen zen edo oso urrun bazegoen desafinatzen zen.
Preso egoteak eta bertako baldintzek eragina izan dezakete afinazioan?
Iparraldeko euskal presoak ziren. Prusiako Komisio Fonografikoak jaso zituen grabaketak, eta helburua zen mundu guztiko hizkun-tzak eta dialektoak jasotzea. Orduan, informazio asko dago. Soilik afinazioan zentratu nahiz mugatzeko beharra nuelako. Alabaina, konklusioetan aipatzen dut aztertzeko moduko gauza bat dela. Hau da, zergatik abesten zuten horrela? Zein zen euren istorioa? Zergatik zeuden hor? Oso bide interesgarria zen. Zure jarrerak eragina izan dezake noten afinazioan, baina gehiago ikusten da nola abesten duzun zuk etxean. Ematen diozun espresioa beste gauza bat da.
Orduko afinaziotik gaur egungora zein ezaugarri desberdin identifikatu dituzu?
Gaur egungo afinazioa tenperatua da. Horrek esan nahi du, piano bat imajinatuko bagenu, nota guztien artean distantzia berdina dagoela. Hau da, nota zuri batetik hurrengo beltzera eta hurrengo zurira distantzia berdina dago. Beraz, gaur egungo afinazioa artifiziala da;baina, berez, nota batzuk pixka bat gorago daude, beste batzuk beherago eta tonu laurdenak erabiltzen dira. Batzuetan erabiltzen dira eskala maiorra eta menorra esaldi berean. Askoz afinazio naturalagoa erabiltzen da. Laugarren graduak goraka egiten du, bigarren graduak beheraka, eta hiru sei eta zazpi gradu mobilak dira.
Ahoz transmititu den musika da, ezta?
Bai. Nik ikasi ditut eta xehetasun asko daude ikasi ez ditudanak. Pentagrama batean jar-tzen duzun momentuan informazio asko galdetzen da.
"Ikerketa erabili dut nire eta behar duenaren abesteko era aldatzeko tresna bezala erabiltzeko”
Norberak nola jasotzen duen ere eragina dauka transmisioan?
Noski. Tradizioa eraldatzen den zerbait da. Adibidez, kanta bat nola ikasi dudan nik aitonarengatik, nola oritzen dut, nire garaiaren arabera segurarki hitzen bat aldatuko dut, agian aitonak gauza bat esaten du, baina nik ezin dut hori esan. Esate baterako, Tapia eta Leturiaren Compostelako Erromesa kantaren letra aldatu du Maruxakek. Euren prismara aldatu dute. Orduan, jasotzen dugun hori aldatzen joan da. Duela ehun urte baino gehiagoko gauza bat aztertu dut nire prismatik. Nik ezagutzen dudan musikatik ari naiz hori aztertzen. Igual aztertzen ari naiz zein eskala zeuden, eta agian garai horretan ez zeuden. Haustura handi bat egon da.
Zer-nolako kantuak ziren?
Kantu monodikoak ziren; hau da, bakarka abesten zuten, edo batzuetan binaka edo hirunaka. Ahoz aho transmititutako kantak ziren, eta horietako batzuk gaur egun ezagunak dira, baina oso kantaera desberdina da.
Zerbaitek arreta deitu dizu bereziki?
Ez bereziki, baina galdera asko geratu dira. Adibidez, zein teknika erabiltzen duten. Abesten dute artzain batek abestuko lukeen bezala: bolumen askorekin. Horrek arreta deitu zidan. Gustatuko litzaidake ikasitakoa nolabait integratzea. Ikerketa erabili dut nire eta behar duenaren abesteko era aldatzeko tresna bezala erabiltzeko.
Zerbait jarri duzu praktikan?
Ikerketa egin baino lehen jarri nuen praktikan. Lurpekariak taldean bilaketa horretan geunden, eta praktikan jartzen saiatzen ginen. Ariketak egiten genituenean afinazioa kontuan hartzen genuen gauzetako bat zen. Oso belarriz egiten genuen. Gero grabazioekin tematu nintzen. Orain, diskoa entzuten dut eta oso afinatua edo gaur egungo afinazioari lotuta dagoela iruditzen zait. Saiakera hor dago, eta askotan erabiltzen dut nire inprobisazioetan.
Jendeak sumatzen zuen aldaketa?
Ezaguna egiten zitzaion jendeari. Oso musika esperimentala zen eta jendeari inprobisazio eta esperimentazio hori arrotza egiten zi-tzaion. Aldi berean, musika oso etxekoa egiten zen. Beldur nintzen pentsatuko zutelako desafinatzen ari nintzela, baina esperimentatzen ari nintzen.
"Beldur nintzen pentsatuko zutelako desafinatzen ari nintzela, baina esperimentatzen ari nintzen”
Haurdun egotean sumatu duzu kantatzeko modua aldatzen dela?
Ahotsari eragiten dio teknikoki. Abesterakoan triparen zonaldeko muskulazio guztia erabiltzen duzu eta muskulatura hori beste gauza bat eusten ari da. Orduan, abestean suma-tzen duzu behar duzun fondo hori ez duzula, eta oso desberdin abesten duzu.
Baliatu duzu kantatzeko esplorazio bide berriak bilatzeko?
Ez. Gehien bat da haurdun egon ondoren ohartzen zara kantatzeko muskulatura hori errekuperatu behar duzuna. Ez dago bere lekuan dena, eta landu behar da. Ez du lagun-tzen. Beste leku batetik abesten duzu ume bat duzulako eta umeari abesten diozulako. Bat-batean beste kanta batzuk abesten ari zara. Nik etengabe kantatzen eta inprobisatzen nion umeari. Tripan zegoenetik beharra sentitzen nuen.
Arlo askotan aritzen zara; erraza da oreka lortzea?
Ez, gauza guztiak egitea ez da erraza izaten. Musikaria zaren momentuan, ikerlaria zara. Adibidez, gitarra ikasi nahi duzu, irakasleak teknika erakusten dizu, baina ez datorkizu ondo. Orduan, ikertzen hasten zara nola egin zurera. Beti zaude ikasten eta ikerketa lana egiten arlo ez akademikoan. Ikasteko grina duzunean lan pila bat da. Nik ez dut inoiz erabaki proiektu bat egitea eta horrekin aurrera joatea. Hasi nintzenean hori egin izan banu agian diskografia bat edukiko nuke eta ez dakit jarraitzaile asko edukiko nituzkeen. Ez dut inoiz erabaki hori hartu eta asko gusta-tzen zait talde berriak ezagutzea eta talde desberdinetan aritzea. Oso polita da, baina oso gogorra ere ez dudalako errepertorio bat eta beti ikasten ari naizelako. Irakaskuntza asko gustatzen zait, asko ikasten dudalako. Ikasteari uzten dionan momentuan aspertzen naiz.
Orain arte egin duzun ibilbidean, zer-nolako melodia edukiko luke zure bizitzak?
Basaide bat izanen zen. Hau da, mendiko kanta bat edo artzain kanta bat. Basaideak letrarik gabeko melodiak dira. Iparraldean asko kantatzen dira. Izango zen ahots inprobisazio bat, bakarka.