Síguenos en redes sociales:

MusikaHaritz OlateaMusikaria

“Musikaren merkantilizaziotik aparte geratzeak ez nau nahitaez sorkuntza-prozesutik edo zirkuitu kultural orotik kanpo uzten”

Haritz Olaeta oñatiarrak ibilbide luzea egin du dagoeneko, eta garaturiko proiektuen artean DOCE C deiturikoa nabarmentzen da. Aurten aurkeztu du lehenengo diskoa: ‘Gerraosteko irrintziak’

“Musikaren merkantilizaziotik aparte geratzeak ez nau nahitaez sorkuntza-prozesutik edo zirkuitu kultural orotik kanpo uzten”Juan Lazkano

Haritz Olaeta musikan hasi zen gitarraren bidez. Oñatin ohikoak ziren punk, rock eta oi! estiloak, baina bideak musika urbanoa egitera eraman du. Hainbat izen ager-tzen dira Haritz Olaetaren ondoan. Lehenengoa, Josu Ezeizabarrena, unibertsitateko gelakidea eta denbora gutxian bere musika kidea bihurtu zena. Biek osatzen dute DOCE C taldea. Rap, pop eta rock estiloak uztartzea lortu dute. Orain dela sei urte hasi ziren proiektuarekin, baina aurten aurkeztu dute lehenengo diskoa: Gerraosteko irrintziak. Ekoiztetxerik ez, baina ondo inguratu dira diskoa sortu ahal izateko. Musika ulertzeko modu anitz daudenaren seinale da Olaeta, eta idazteko grinari tiraka egin du bidea.

Haritz, ezagutzen ez zaituen norbaitentzat. Zelan laburtuko zenuke zure ibilbidea? 

Oso gaztetatik hasi nintzen musikarekin. Lehenengo kontaktua gitarra izan zen. Ni Oñatitik natorrenez, normalean punka, rocka, eta oi! musika entzuten zen. Ibilbidea joan da popera eta musika urbanora gerturatzen urteen poderioz, baina noski, prozesua luzea izan da, hamar urte inguruko ibilbidea izan da.

Hainbat estilo aipatu dituzu, esaterako, musika urbanoa… zuk zein izen jarriko zenioke egiten duzunari?

Urbanoa esaten dugunean, dena esaten ari gara;eta, aldi berean, ezer ez. Gaur egun musika urbanoa entzuten dugunean rap eta bere deribatuak dira, baina musika urbanoa, berez, kaletik datorren edozein musika da. Musika urbanotik dezente dauka egiten dudanak, baina nahasten da soinu komertzialagoekin, pop tradizionalarekin, rockarekin… nahasketa bat da. Askotan kostatzen zait egiten dudan estiloa identifikatzea, baita konturatzea nondik hartu ditudan erreferentziak eta influentziak ere.

"Nik nire kabuz gauzak egin ditudan arren, proiektu handienak elkarlanean izan dira”

Haritz Olatea . Musikaria

Ibilbide luzeena DOCE C proiektuarekin egin duzu, Josu Ezeizabarrenarekin batera. Duela hainbat urte hasi zineten musika egiten, baina aurten zuen lehen diskoa atera duzue: ‘Gerraosteko irrintziak’. Orain arte egindako guztiaren uztarketa da proiektua?

Hainbat estilotatik pasatu naiz. Unibertsitatera heldu nintzenean, Josu ezagutu nuen eta nire lehenengo kontaktua izan zen raparekin. Ez dakit uztarketa bat den, edo bizitzaren ibilbide horretan egin dudan azken gauza. Esan duzun moduan, luzeena da. Sei bat urte ditu proiektuak, baina urte bakoitzak ez ditu fruitu berdinak eman. Proiektu luzeena da, baina egia da ez dudala esan nahi DOCE C denik egin dudan guztiaren gailurra. Egoeraren araberakoa izan da, gogoa izan genuen hau egiteko eta honekin hasi ginen, baina egindako beste gauzekiko lotura gutxirekin. Niri beti gustatu zait idaztea eta musika egitea, ia edozein formatuetan. Ez dut esango jazza entzuten dudala, gezurra esatea litzatekeelako, baina garai horretan momentuak rapa egitea eskatu zigun: Josuk gustuko zuen, niri idaztea gustatzen zitzaidan eta apur bat hortik sortu zen musika urbanorako joera. Uztarketa izan daiteke, baina momentuko kontu bat izan zen gehiago.

Haritz Olaeta musikari oñatiarra.

Zuen kabuz egin duzue bidea, eta gauzak egiteko moduari esker, ondo inguratu zarete lehenengo proiektu honetan: Raperu, Odei Barroso, Monsieur leCrèpe, beste batzuen artean. Zer eskaintzen dizkiote horrelako kolaborazioek lehen proiektu honi?

Kolaboratu duten hainbat pertsona lagunak dira, baina kolaborazio potenteenak ez dira lagun artean egindako zerbait. Guk Juantxoren musika kontsumitu dugu txikitatik. Juantxo, Josu bezala, tolosarra da, eta izan da apur bat gure idolo bat ezagutzea. Beste kolaborazio ba-tzuek beste arrazoiren bat izan dute, baina hau bai izan zen gure erreferentea izan den jendea ezagutu nahi izan genuela, eta haiengana jo genuen. Txikitan entzuten genuen musiksti batekin aritzea guretzat amets bat betetzea izan da.

Esan bezala, estilo anitzeko musikaria zara, eta aldi berean, bide ani-tzekoa ere. Zure kabuz momentura arte hiru kolaborazio egin dituzu, horietako bat IDOIArekin. Zer eskaintzen du Haritz Olaetak bere izenarekin sinatzen duenean?

Nik egiten dudana, izen batekin edo bestearekin, berdina da. Egia da abesti batzuk edo proiektu batzuk sortu zaizkidala modu pertsonalago batean. Idoia, adibidez, aspalditik da laguna, eta egin zidan eskain-tza hori Idoia eta nire arteko zerbait zen. Nire izena erreserbatu dut “nireagoak” ziren gauzak egiteko. Saiatu naiz mantentzen distantzia hori taldearen eta nire proiektu pertsonalaren artean.

"Proiektu luzeena da, baina egia da ez dudala esan nahi DOCE C denik egin dudan guztiaren gailurra”

Haritz Olatea . Musikaria

Haritz, urte hauetan nahiago izan duzu zure kabuz aritzea, buruak eskatzen zizuna egiten. Musika egitetik haratago doan zerbait bezala ulertzen duzu zure artista izaera?

Ez da erabaki bat izan. Hipokrita izango litzateke ni salbatzaile bezala jartzea, nik ez dudalako erabaki, ez dut ekoiztetxe batekin lan egiteko aukerarik izan. Hala ere, aipatu didazu nire kabuz lan egiten dudala. Bi ardatzetatik hartu daiteke hori. Nik nire kabuz lan egiten dut, bai, baina saiatzen naiz nire kabuz sekula lanik ez egiten %100ean. Saiatzen naiz beste pertsona batzuekin elkartzen, uste dudalako proiektuen helburuak handiagoak direla kolektiboki egiten baldin badira, okinak ogia egiten duen moduan irakasle bati saltzeko, eta irakasleak klaseak ematen dizkion moduan okinaren semeari. Iruditzen zait guztiok irabazten dugula gehiago pertsona batek abesten badu, beste batek ekoizten badu, eta beste batek arropak lantzen baditu. Nik nire kabuz gauzak egin ditudan arren, proiektu handienak elkarlanean izan dira. Elkarlan hori beti nire printzipioen arabera da, elkarlan justu bat eta parez parekoa. Ekoiztetxeek daukaten kalte bat da lanean gertatzen den berdina da, neurri baten janetzen direla beste baten sorkuntzatik haiek ere dirua irabazi ahal izateko. Horrek ez du esan nahi zerbitzurik eskaintzen ez dutenik, horrekin ados nago, baina ekoiztetxe batera lotzea uste dut izan ahal dela zugandik ateratzen den sorkuntza bat zuzenean produktu bihurtzea. Saiatzen naiz sor-tzen ditudan harremanak elkar babesean oinarritzen, guztiok proiektua guztion onerako ulertze horretan eta ez norbaitek beste norbaitekiko daukan aprobetxamendu jarrera horretan. Elkarlanetik, zain-tzatik eta parekotasunetik abiatutako proiektuak izan daitezen.

Kezkatzen zaitu bide honek modu batean ere bestean zure burua zirkuitu kulturaletik kanpo uztea?

Ematen du zirkuitu kultural bakarra dagoela, baina nire zirkuitu kulturala, momentuz, eta espero dut horrela mantentzea, ez da Pello Reparaz San Mamesera jotzera eramaten duen zirkuitu kultural berdina, edo BBK Live bat antolatzera. Bi modelo antagoniko daude kultura sorkuntza prozesuan. Alde batetik, ekoizpena eta horren merkantilizazioa hobestetin dituen zirkuitua dago; eta, beste alde batetik, badago beste zirkuitu kultural bat non hobesten den esfortzua, zain-tza eta elkarlana, gaur egungo gizartean dauden arau kapitalista horietatik apur bat askatu eta beste modu batean artea sortzea posible dela aldarrikatzeko. Horrek ez du esan nahi gauzak egiteko modu konkretua dagoenik, baizik eta asmo konkretu bat. Hau da, modua ere bada, baina moduaren atzean askotan badago asmoa, nahi bat, eta hori gailentzen da beste gauza batzuen artean. Merkantilizazio horretatik aparte geratzeak ez nau nahitaez sorkuntza-prozesutik edo zirkuitu kultural orotik at uzten.

"Horrek ez du esan nahi gauzak egiteko modu konkretua dagoenik, baizik eta asmo konkretu bat”

Haritz Olaeta . Musikaria

Ibilbide honen azken geltokia, momentuz, Villasound lehiaketan parte hartzea izan da. Nolakoa izan da esperientzia?

Ni aurkeztu nintzen hiru abestiekin, Jonberekin egindako hiru abestiekin zehazki. Bidali nituen bozetoak eta jakin nuenean finalerako sailkatu ginela esan genuen ezin ginela joan bakarrik baseekin aurkeztu eta betiko berdina egin. Gauzak horrela planteatzea musika gustatzen zaigunontzat aspergarria izan zitekeen. Pentsatu genuen beste kide batzuekin elkartzea eta banda estiloko zerbait osatzea, oraindik osatzen ari dena, eta alde horretatik izugarria izan da. Giroa oso ona izan zen, ez da berdina etxean egindako lan guztia erakusleiho batean botatzea ordenagailu batetik play botoiari sakatuta eta gainetik abesten, edo momentuan bertan musika jotzen ibiltzea. hori egia da aspalditik nuela faltan, eta berreskuratu egin dugu. Momentuz aurrera joango da. Motibazio aldetik ekintza potentea izan zen.

Esan duzun bezala, talde berri bat aurkezteko aprobetxatu zenuen, Nehor. Zelan definituko zenuke jaio berri den proiektua?

Oinarria nik nire kabuz, Jonberekin batera, egindako abestiak dira. Proiektu hau sortzen da aipatutako nahi horretatik, zuzenean egin nahi izatetik orain arte etxean egiten nuena. Guretzat izan da aldaketa bat, zuzenean jotzeak ematen dizulako akatsak egiteko aukera, eta horrek emozioa ematen du. Etxetik eramaten baduzu guztia prest oso zaila da akatsak egitea eta horrek ematen duen exijentzia jaisten da, eta dibertsioa ere. Erronkekin lotzen dut hori… gauza elaboratuagoak, zailagoak eta dibertigarriagoak egiteko gogotik jaiotzen da proiektua, eta, momentuz funtzionatu du.