Iraganeko oihartzunaren egungo erantzuna
Iragana eta oraina oinarri ‘Ikimilikiliklik Vol.2’ obra sortu du Loraldiak, duela 50 urte Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak egindako ikuskizunaren oihartzuna entzunda. Elkarrizketa artistiko berritzailea da ondu eta erakutsi dutena
Badira lan batzuk desagertzen ez direnak. Denborak aurrera egin arren, atzean gelditzen ez direnak. Eta, batzuetan, belaunaldi berri batek lan horien oihartzuna entzuten du, hari ikusezin bati tiraka lanean hasten da, jolasean, eta obra berri bat sortzen du: ez lehenengoa omentzeko, ez errepikatzeko, baizik eta ulertu, astindu eta berri bat sortzeko.
Duela 50 urte, Mikel Laboak, Artze anaiek, eta Jose Luis Zumetak Ikimilikiliklik sortu zuten: diziplina anitzen arteko esperimentazio lan ausarta, garaiko muga artistikoak hautsi zituena: Laboaren lehen kantak, Artzeren poesia, ikus-entzunezkoak, Zumetaren artea… baita txalapartaren erabilera berri bat. Musikak, poesiak eta arte plastikoek bat egin zuten, eta ikuskizun hark ez zituen soilik forma berriak proposatu, sormenaren ulermen berri bat ekarri zuen.
Eta orain, bost hamarkada geroago, Loraldia jaialdiak hari hari heldu dio. Baina ez birjarpen bat egiteko, ezta oroimen ariketa huts bat proposatzeko ere. Helburua bestelakoa da: orduko espirituarekin elkarrizketa bat sortzea, gaur egungo begirada eta baliabideekin ikuskizun berri bat proposatzea. Horrela sortu dute Ikimilikiliklik Vol.2. “Ikimilikiliklik originalari zor diogun minimoa beraiek jokatu zuten bezain garaikide jokatzeko baimena hartzea da. Errespetuz begiratzen diogu bai ondareari, bai praktikatzen zuten ausardia artistikoari ere”, adierazi dute sortzaileek.
Abangoardia berrikusi
Ikimilikiliklik berrikusi, berrasmatu, birmoldatu nahi izan dute belaunaldi ezberdinetako puntako musikariekin. Iñaki Salvador arduratu da musika zuzendaritzaz eta Edurne Azkarateren eszena zuzendaritzaz. Kultur-diziplina ezberdinen uztarketan oinarrituko lana eraiki dute: musika, arte-lanak, antzezpena eta ikus-entzunezkoak. Adin, jatorri artistiko eta euskalduntze fase desberdinetako gorputzak batu dira eszenaratze berrian.
Proiektuaren abiapuntuan galdera sinple baina sakon bat dago: zer da gaur egun abangoardia? Loraldiaren izenean, Amaia Ozerinek azaldu duenez, urteurrena aitzakia izan zen hausnarketa hori pizteko. Duela 50 urteko lana euskal kulturaren abangoardiatzat hartu bazen, zer izango litzateke gaur egun halakotzat? “Asmoa izan da orduko esperimentazio espiritua berreskuratzea eta gaur egungo sortzaileen bidez berriro martxan jartzea. Sormenetik ekarpen berri bat egin nahi genion euskal kulturari”, azaldu du.
Salvadorrek ere ideia bera azpimarratzen du: ez dute imitazioa bilatu, baizik eta jatorrizko bulkadarekin konektatzea. “Ideia izan da haiek egindako proposamen haren bultzada jasotzea. Kontua ez zen zerbait kontinuista planteatzea, baizik eta jatorrizko bulkadarekin hitz egitea”.
Salvadorrek ere ideia bera azpimarratzen du: ez dute imitazioa bilatu, baizik eta jatorrizko bulkadarekin konektatzea.
Proiektu osoa zeharkatzen duen galdera nagusia da abangoardiarena. Baina erantzuna ez da bakarra. Loraldiatik sortzaileei askatasuna eman zaie galdera hori praktikaren bidez aztertzeko. Ez teoria bat eraikitzeko, baizik eta sormen prozesu baten bidez galdera bera esploratzeko. Horretarako, dokumentazio lana egin dute: garaiko kritikak, idatziak, audio grabazioak eta testigantzak bildu dituzte. Gainera, jatorrizko sortzaileen ingurukoekin ere hitz egin dute. Hala ere, informazio hori guztia abiapuntu izan da, ez helmuga.
Ideia horren garapena argi azaltzen du Intza Alkainek: “Sortze prozesua jatorrizko materialarekin izandako elkarrizketa bat izan da. Haien testuak, musikak eta ideiak entzun eta jaso, eta hortik abiatuta gaur egungo erantzun bat sortu”. Hasieran, testuak moldatzeko aukera aztertu zuten, baina, horiek ez ukitzea erabaki zuten: “Hitzak bere horretan mantendu ditugu, baina gaur egunetik esanda bestelako esanahiak hartzen dituztela ohartu gara”. Hala ere, testu berriak sortu dituzte, sortzaileek eurek material horri emandako erantzun gisa.
Alkainek dio abiapuntua paradoxikoa dela. “Duela 50 urte sortutako zerbait gaur egun oraindik berritzailetzat da. Beraz, zer da benetan berria?”, dio. Salvadorren ustez, abangoardia ez da helburu bat. “Pentsatzen dut bakoitzarentzat gauza desberdina izango dela, baina nik ez dut abangoardia izateko beharrik sentitzen, ezta kontrakoa izateko beharrik ere. Niretzat tradizioa eta abangoardia txanpon beraren bi aldeak dira. Niretzat funtsezkoena jarrerarik ez behartzea da, zintzoa eta benetakoa izatea. Zintzotasun horren emaitza gero kritikariek abangoardia deitzen duten zerbait bada, ongi etorri”.
Onartu du Edurne Azkarateren zuzendaritzapean lan egin dutela, eta berak hainbat ariketa eta dinamika planteatu zizkiela, bide berriak bilatzeko: “Begirada eguneratua da lana, bai, baina geure buruarekiko begirada bat ere bada, musika hori gaur egun sentitzeko dugun moduari begirada bat. Eta ez musikaren gaineko begirada bakarrik, irudien eta poesiaren gainekoa baizik. Egia esan, norbera agertoki batean egoteari buruz galdetzea izan da”, hausnartu du.
Diziplinartekoa
Jatorrizko Ikimilikiliklik lanak diziplina anitzen arteko fusioa zuen oinarri, eta bertsio berriak bide horri eutsi dio. Alkainek gogorarazten du duela 50 urte diapositibak erabiltzea bera berritzailea izan zela: “Duela 50 urte diapositibak erabili zituzten, eta Zumetaren lanak diapositiba bidez proiektatu zituzten frontoietan. Orain, berriz, gaur egun ditugun materialekin —eta aurrerapen teknologikoa tarteko, asko dira— proposamena gauza bera da: gauza plastikoak ikuskizunean sartzea”.
Horretarako, sorkuntza kolektiboa eraiki dute. Alkainek kontatzen du hasierako egunetan diziplina arteko trukea izan zela ardatz. Sortzaile bakoitzak bere alorra partekatu zuen, eta beste diziplinak probatzeko aukera izan zuten. “Horrek sormen giro berezia sortu zuen, non jolasa eta inprobisazioa funtsezko tresnak izan ziren”, dio.
Salvadorrentzat, esperientzia “berria” izan da. Normalean ez du sorkuntza kolektiboan lan egiten, baina aitortu du prozesuak aukera eman diola bakarka inoiz aurkituko ez lituzkeen ideiak deskubritzeko. “Bakarrik sortzaile gisa edo musika-zuzendari gisa aurkituko ez nituzkeen gauzak aurkitzera eraman nau. Beharbada beste moldaketa batzuk egingo nituen kantu batzuetarako, ez dut ukatzen, baina pozik nago beste gauza batzuk aurkitu ditudalako”.
Laboarekin aritu zen lanean urte luzez, eta norbera izanda saiatu da transmisio hori egiten: “Ni neu izan naiz, eta uste dut naizena transmititu dudala. Asko ikasi nuen Mikel Laboarekin eta hori nire DNA artistiko eta emozionalean dago, beste eragin askoren artean”.
Prozesuan zehar, materialak oholtzara eraman dituzte, probatu, moldatu eta berrinterpretatu. Testu berriak sortzerakoan ere, taldearen ikuspegia jaso nahi izan dute, ez indibidualarena bakarrik. “Lan korala izan da, zentzu osoan. Jolas ezberdinak egin ditugu, baina ez indibidualki; kolektibo modura ibili gara. Sekulako giroa sortu dugu eta plazerra izan da miresten dugun jendearekin lanean eta lagunartean ibiltzea”, adierazi du Alkainek.
Ozerinek ere azpimarratu du sortzaileak beren ohiko roletatik atera direla. Musikariek antzeztu dute, aktoreek kantatu, eta denek parte hartu dute diziplina anitzen arteko jokoan. Horrek ekarri du lanaren izaera hibrido eta berezia: musika, txalaparta, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak eta antzerkia uztartzen dira.
Ikuskizunak badu dimentsio sinboliko eta emozional sakon bat ere: belaunaldien arteko harremana. Alkainek azaltzen du sortzaile berriek aurrekoak “aita kultural” modura ulertzen dituztela, eta hortik sortzen dela ikuskizunean lantzen duten “alabatasunaren” ideia: “Ondarea jasotzea, baina modu aktiboan, berrinterpretatuz. Gainera, gaur egungo oholtzan emakumeen presentzia handiagoa da, eta horrek beste ikuspegi bat ekartzen du. Aldaketa hori ez da soilik kuantitatiboa; estetikan eta edukietan ere nabaritzen da”.
Mugarria?
Jatorrizko lanak nazioarteko presentzia izan zuen, eta bertsio berriarekin ere saiatu dira bide hori berriro irekitzen. Bi urtez aritu dira lanean ikuskizuna Veneziako Bienalera eramateko asmoz, lehen Ikimilikiliklik bezala, baina ez dute lortu.
Mugarria den ala ez? Sortzaileek diote Ikimilikiliklik Vol.2 ez dela erantzunak emateko sortu. Galderak pizteko baizik. Salvadorrentzat, garrantzitsuena ez da historiarako geratzea, baizik eta “zerbait serioa, zintzoa, koherentea, geure buruarekiko fidela” egitea, unean bertan ikuslearentzat “hunkigarria eta interesgarria” izatea. Alkainek ere ikuslearen esku uzten du interpretazioa. Batzuek iraganera begirako bidaia modura biziko dute; beste batzuek etorkizunerako proposamen gisa.
Loraldiatik, berriz, argi dute helburua bete dela: sormen berritzaile bat sortu dute: “Jendea liluratuta atera da ikuskizunetik, badelako kultur jolas bat, definitzen zaila den lan berezi bat”. Eta agian, 50 urte geroago, horixe da oraindik ere Ikimilikiliklik: elkarrizketa bat. Denboraren bi muturren artean luzatzen den hari bat. Eta etengabe berritzen den galdera bat.