Berria egunkarian eszedentzia eskatu, eta ostatu batean aritu da lanean Zaldi bat liburua idatzi bitartean Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, Lapurdi, 1994), Unai Iparragirre Zaldua, liburuko protagonistetako bat, hil zen leku berean. Mirenek, beste protagonistetako batek, emango du haren berri gehienetan, hain justu, haurra jaio eta sei hilabetera mendira aldiro joaten hasi eta zaldi bat aurkitzen duenean; harekin sortutako harremana da liburuaren oinarrietako bat, Unai ekarriko baitio gogora.
Hirugarren eleberria duzu; nolakoa izan da bidea?
Erranen nuke beste bi liburuetan –Ene baitan bizi da (2020) eta Ez erran inori (2022)– idazten hasterako argi samar nuela zer kontatu nahi nuen eta nola; honako honetan, aldiz, idazteko materialtzat erabili ditudan helduleku edo lehengai batzuk eduki arren, ez neukan hasieratik garbi zein forma izanen zuen liburuak. Hasierako momentuetan horrek, formak, eragin zidan buruhauste handiena, eta uste dut islatua gelditu dela liburuan ere, forma fragmentarioa hartu baitu.
Miren da protagonistetako bat; eta, haren bitartez, dolua da lantzen den gai nagusienetariko bat.
Hasieran buruan nituen heldulekuetako bat zen doluarena; eta batik bat interesatzen zi-tzaidan lagun baten doluaz aritzea, uste baitut agian ez dela horrenbeste hitz egiten, gehiago landu dela senideena edo bikotekideena, esate baterako. Unairen pertsonaia hor nonbait egonen zela ere argi nuen, baina ez zein forma hartuko zuen; azkenean, liburuak duen formarengatik, modu fragmentarioan iristen zaigu haren berri, Mirenen bidez gehienetan, baina baita ahots propioz ere, Unaik berak hitz egiten baitu atal batzuetan. Funtsean, herri txiki bateko gizonezko bat da Unai, berrogeita piko urte dituen Mirenen laguna, eta nahiko izaera markatukoa; hala ere, ez nuke gehiegi markatu nahi irakurlearen begia.
"Diskotzat irudikatu nuen liburua: melodia nagusi bat du, zaldi bat atalak izango liratekeenak, baina, tartean, etenak ditu”
Dolua, hala ere, ez da lantzen den gai bakarrenetako bat; baita amatasuna ere.
Interesgarria iruditzen zitzaidan gatazka hori planteatzea. Batetik, ama izan berri da Miren, sei hilabeteko umetxo bat du liburuaren hasieran, eta ume bat bada lotura handia eskatzen duen izakitxo bat, eta are gehiago emakumeen kasuan; denbora asko pasatzen du harekin, baina, aldi berean, hortik aska-tzeko une bat behar du; bada, hori da mendira joan eta zaldiarekin harremana hasten duen unea. Orduan berpizten zaio bizitzako zirkunstantziengatik itzalita zuen dolua, eta hor dago gatazka: umearekin egon nahi du, eta sentitzen du egon beharko litzatekeela, baina baita zaldiarekin ere, eta, haren bitartez, Unairekin.
Liburuko aipuetako bat da honako hau: “Beharbada, zaldi bat zinen, pertsona baten haragian sartua. Beharbada zaldi bat zara. Ez edozein zaldi. Zaldi bat”. Baita beste hau ere: “Zurekin egoteko denbora eta lekua dauzkat orain, zu hil eta bortz urtera”.
Uste dut irakurketa diferenteak egingo dituela jendeak norberak espiritualtasunarekin-edo duen loturaren arabera. Irakurketa posibleetako bat izan daiteke benetan sinestea zaldi horrekin duen harremana, eta Unai nolabait haragitua dagoela zaldi horren barruan; hori izan daiteke agian estremoenetako edo magikoenetako bat. Hala ere, agian hain magikoa izan gabe ere, uste dut gizakiok batzuetan badauzkagula gure moduak arrazoimenaren bide azaldu ezin ditzakegun gauzak bertze modu batera kanalizatzeko; esaterako, uste dut oso zaila dela pertsona baten heriotza eta horrek sortutako mina arrazoiaren bidez esplikatzea eta sendatzea. Mirenek dolu hori kanalizatzeko bere modua du, zaldiarekin; harreman horri esker lortzen du.
Liburuak forma fragmentarioa duela aipatu duzu; melodia nagusi bat du, baina etenekin.
Egia erran, sekulako desordena neukan hasieran: istorio nagusi bat nuen, zaldiarena, baina banituen aparteko puskak ere, txataltzat ageri diren kontakizunak. Ez nekien oso ondo non sartu puska horiek, eta honako hau galdetu nion Garazi Arrulari, harekin egin bainuen edizio honen hasiera: “Hau egin al daiteke? Buruan gauza bat dut, baina ez dakit zentzua duen”. Hark animatu ninduen aurrera jarraitzera. Hala, diskotzat irudikatu nuen liburua: melodia nagusi bat du, zaldi bat atalak izango liratekeenak, baina, tartean, etenak ditu; esate baterako, bat-batean pause egiten du, eta beste melodia bat sartzen zaigu. Puska horiek nahiko diferenteak dira elkarren artean, eta agian ez dira hain modu esplizituan lotzen zaldi bat istorioarekin; uste dut nire asmoa horietako bakoitzarekin irakurlearengan sentsazio bat uztea zela.
"Diskotzat irudikatu nuen liburua: melodia nagusi bat du, zaldi bat atalak izango liratekeenak, baina, tartean, etenak ditu”
Eleberri baten ohiko egituretatik aldentzen al da zurea?
Arazo bat daukat: nahiko karratua naiz, eta ez dakit ez ote dagoen lotuta bertsolaria ere izatearekin, arau batzuk aintzat hartuta sortzen baitugu. Literaturan, aldiz, uste dut askatasuna erabatekoa dela, edo horrela izan beharko lukeela; zentzu horretan, uste dut ez naizela berritzailea, askoz apurtzaileagoak diren beste proposamen batzuk baitaude; esaterako, Danele Sarriugarteren Beste zerbait. Horrelako ereduak lehenago ere egon dira; nirea idazten nenbilenean, adibidez, Obabakoak zetorkidan burura; eta, horrez gain, Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima izan da lagundu nauen beste liburuetako bat; ez da nirearen bezalakoa, baina, azkenean, kapitulu bakoitza oso izaera diferentekoa da, denak osotasun bat osatzen duen arren. Horrelako adibide diferenteak daude, eta oraindik badago esperimentatzeko tartea.
Eskertza zerrenda luzeak ere badu lekua; beharrezkoa izan da ingurukoen babesa?
Bai, erabat. Uste dut askotan idazleei buruz badagoela horrelako mito bat, bere etxean bakarrik lan egiten duen sortzailearena, eta ez zait batera gustatzen irudi hori. Idaztea lan bat da, mahai gainean eseri beharra dago, eta orduak sartu behar dira; horretarako, ezinbestekoa da ingurukoen lagun-tza, babes emozionala. Gainera, liburu honetan, Unairen pertsonaia benetan existitu zen pertsona batean dago inspiratuta, eta liburuko pasarte batzuk Lesakan (Nafarroa) daude kokatuta, garai diferentetan. Hori lantzeko etnografia lantxo bat egin behar izan dut inguruko jendearekin; horrenbestez, emozionalki ez ezik, edukiari lotuta ere laguntza izan dut.
Liburuaren aurkezpena
MARTXOAREN 6an aurkeztu zuen ‘Zaldi bat’ eleberria Txoperenak, Donostiako Liburutegi Zaharrean, Iñigo Satrustegi Txalapartako editorearekin. Iruñea izan zuen aurkezpen birako lehendabiziko geldiunea, hilaren 11n, Uxue Rey Gorraiz kazetariaren laguntzarekin, baina beste lau hitzordu, behintzat, izango ditu: hilaren 18an, Baionako Biltxokon, 19:00etan, Nora Arbelbiderekin; 25ean, Bilboko Bira kulturgunean, 19:00etan, Maite Asensiorekin; apirilaren 21ean, Zizurkileko Plazido Otaño liburutegian (Gipuzkoa), 18:30ean, Oihana Aranarekin; eta maiatzaren 27an, Gasteizko Mara-Mara liburu dendan, 19:00etan, Amaia Iturriotzekin. “Hain zuzen ere, inguruko lagun, kazetari, idazle, bertsolariekin eginen ditut aurkezpenak, elkarrizketa formatuan; printzipioz, horiek dira lotuak dauzkadanak”. Lesakan ere aurkezpen musikatu bat egiteko asmoa dute, baina ez dute datarik zehaztuta. Horrez gain, irakurle talde batzuetara joateko hitzorduak lotuta dituela jakinarazi du, eta gehiagotatik deituz gero, “gustura” joango dela: “Orain, irakurleek zer dioten jakiteko gogoa daukat”.
Baduzu anekdotaren bat ere…
Anekdotatzat, eta politena ere hori delako, Lesaka agertzen den parte horretan, bisita gidatu bat egiten da ostatuz ostatu, eta John Lennon izeneko bat dago. Nik ez nuen ezagutu, itxi egin baitzuten ni sortzerako, eta, gainera, barrutik erabat desegin zuten; ez neukan taberna hori ikusteko aukerarik, eta argazkirik ere ez nuen aurkitu. Garai hartan gaztea zen jendeari galdezka aritu nintzen, eta horietako bati eskatu nion krokis moduko bat egiteko; azkenean, Eduardo Condek hiru dimentsioko maketa bat egin zidan taberna nolakoa zen ikus nezan. Sekulako oparia izan zen.
Eskertzen artean, bada eskaintza bat ere: Zubiriari.
Zalantza izan nuen horrekin, ea aitortza egin edo ez, uste baitut badagoela jendeak morbora jotzeko arriskua-edo; hala ere, aldi berean, uste dut Unairen pertsonaiak, Zubiria ezagutu zuten horiendako, nahiz eta fikzionatuta egon, badituela elementu oso identifikagarriak, eta zintzoena iruditzen zi-tzaidan, horrenbestez, inspirazio iturritzat izan nuela aipatzea. Pertsonalki, egia esan, sentitzen dut berari eginiko omenaldi txikitxo bat dela.