Paul Urkijo zuzendariak hirugarren pelikula ondu du. Filmak Gaua du izena, eta berriz ere Euskal Herriko mitologia izan du oinarri. Bere lehenengo pelikula Errementari izan zen, eta gero heldu zen Irati. Hirugarren lan honen bidez, sorginei lekua egin die bere filmografian.

Yune Nogueiras aktoreak hezurmamitzen duen Kattalin da protagonista. Kondairen bidez, Kattalinek bidaia bat abiatuko du. XVII. mendeko Nafarroan izango du Kattalinek testuinguru, eta hiru emakume zahar izango ditu bidelagun: Graxiana (Elena Irureta), Beltra (Ane Gabarain) eta Remedios (Iñake Irastorza). Berarekin bidaiatu bainoago, sorginek Kattalin lagunduko dute abiatu duen bidaian. Protagonista sorginen istorioen entzulea izango da, eta pixkanaka kontakizunen protagonista bilakatuko da.

Pelikularen izenburuak iradoki bezala, gauez garatuko da trama. XVII. mendeko gauan, zehatzago esanda. Nafarroako iparraldea du ardatz eta euskal mitologiaren hainbat kondaira pantailaratuz. Zugarramurdi, Urdazubi eta bestelako herriak ikus daitezke luzemetraian, han gertatu baitziren gerora Logroñoko auzian epaituko ziren sorginkeria kasuak.

Hasiera, baina, Kattalinen baserrian du Gaua-k. Kattalin senarrarekin bizi da bertan, baina laster egingo du ihes, bizi dituen hainbat egoera dela medio: “Kattalin basoan murgilduko da, gauez…”. Gauak, noski, zentzu errotiko bat ere badu: “Gaua sartu ezin garen leku hori da”.

Kattalinek sufritzen dituen egoerak bere senarrarekin zerikusia dute, baita bere garaiko gizartearekin ere. Bere izateko era ez dago onartuta, eta baserritik ihes egiten duenean, ez du bakarrik bere errealitatetik ihes egingo: “Gauaren bidea hartzen duenean, erretorikoki erabatean argiaren bide zuzen horretatik ere ihes egingo du”. Gaua bera ere bada protagonista, Gaueko hainbat pertsonaien bidez gorpuzten dena. Iluntasunean, bere askatasuna lortzeko bideari ekingo dio Kattalinek. Urkijok azaldu bezala, gizartearen aurreiritziak ere zeharkatu beharko ditu. Hala ere, “horiek zeharkatu behar ditugu gu geuk izateko, eta argitan libre izateko”.

Gauez egingo duen bidaia horretan, Kattalin garbitoki batera helduko da, non hiru emakume egongo diren, edaten eta haien istorioak kontatzen. Kattalin istorio horien entzule izango da; eta, aldi berean, istorioen protagonista bilakatuko da “pertsonaiaren klimaxera heldu arte”.

Gaueko protagonistak Aspaldikoa da Paul Urkijoren eta mitologiaren arteko harremana. Hala ere, istorio bakoitzean ikuspuntu ezberdin batetik heltzen dio gaiari. Errementari filmean, umetan bere istorio kuttuna zena kontatu zuen, mitologia kristauari egindako omenaldi baten eran, baina deabruaren ikuspuntutik. Irati mitologiaren elementu naturalei buruz mintzo da: basoak, lamiak, ibaiak…

Kasu honetan, Gaueko pertsonaiaren bidez, iluntasuna, haizea, hotza… eta gauak sinbolizatzen dituen beste hainbat elementu izango ditu ardatz. Izaki asko bizi dira gauaren erresuman, eta horien artean daude sorginak. Sorginei buruzko istorio asko entzun izan dira, baina horiei buruz hitz egin zuten lehenak inkisidoreak izan ziren. Haiek kontatzen zuten sorginek hegan egiten zutela akelarretaraino, deabruarekin harremana izateko, Deabrua aker baten moldean hezurmamitzen dela.

Denborarekin, inkisidoreek kontatutako guztia gezurra zela jakin zen, baina ikonografiak iraun zuen izaki boteretsu eta ilunen irudiaren bidez: “Denboran zehar hausnarketak egin dira, eta hogeigarren mendean, sorginaren irudiaren interpretazio berriak hartu ditugu, non sorgina gaiztoa bada, zerbaitengatik izango zen”.

Gaua filmean, sorginen jatorri horri erreparatzen dio zuzendariak, baina interpretazio berriak kontuan hartuta. Zuzendariarentzat, gizartearen boterearen aurrean zutik jartzen ziren horiek ziren sorginak, eta ahalduntze figura bat dira. “Niretzat txikitatik sorginak ez dira beti gaiztoak izan, baina bai izan dutela bere alderdi errebeldea, eta tradizio hori eta akelarretako ikonografia harturik eta sorginen iluntasuna zeharkaturik, askatasunerako bideari egin diot omenaldia”.

Paul Urkijoren arabera, gehiengoak sorginei buruz duen irudia da filmean plazaratzen dena. Modu globalean aztertuta sorginen inguruan sortutako iruditegia ez da bidezkoa: “Sorginei buruz esandako guztia modu bateratuan aztertzen badugu, kontakizun fantastikoak beste forma bat hartu beharko luke”.

Kattalinen bidaia Kattalinen bidez ezagutuko ditugu mitoak eta kondairak, eta berarekin batera bidaia bat egingo du ikusleak. Heroiaren bidaiaren eskema jarraitu du Urkijok pelikulan, eta bidaia horren bidez, Kattalinek autoezagutza prozesu bat ere egingo du.

Kattalinek ihes egiten duenean, beldurra da daukan sentimendu handiena. Gaueko izango da bere mentorea. Baserrira ez itzultzeko gomendioa emango dio, eta horri esker Kattalinek aurrera egingo du. Hiru emakume zaharrek kontatzen dizkioten istorioak izango ditu bide bezala, eta istorio horietan lortuko du gaueko oztopoak gainditzea.

Bidaia horretan pertsonaia transformatuko da. Garapen bat biziko du Kattalinek, “ia sorginkeriaren jainkosa izatera heldu arte”. Hasieran, protagonista triste bat izango dugu, oso txikia dena. Bidaian aurrera egin ahala, bere begirada boteretsua bilakatuko da, eta horrekin batera, bere figura ere. Kattalinen pertsonaia hazten da, “bai era figuratiboan, baita literalean ere”.

Nik beti lan egiten dut instintoari jarraituz”. Instintoak, kasu honetan, Kattalinen bidaia istorioen bidez kontatzea eskatu dio. Pelikulan agertzen diren kondairak oso motzak dira, eta horrela mantendu nahi izan ditu zuzendariak. Barandiaranek eta Barojak ere horrela jaso zituzten, eta horrela kontatu dituzte Graxiana, Beltra eta Remediosen pertsonaiak pelikulan. “Hori da kondairen izaera, bere izataren ezaugarri bat da laburrak izatea. Omenaldia egin nahi nien istorioei, eta istoriotxo horiek kontatzeko modua hori da, sutondoaren inguruanErritual hori errespetatu nahi izan dut”. Sutondoa garbitoki bihurtu da pelikulan, hortxe aurkituko baititu Kattalinek hiru emakumeak, eta kapituluz kapitulu, euskal mitologiaren egoera famatuak ezagutu ditugu. Sorginen ipuinak ez ezik, Urkijok aukera ikusi du hainbat tradizio, esaldi, errima eta objektu txertatzeko.

Pelikula egiteko prozesua bitxia izan da zuzendariarentzat. Kapituluetan zatitu duenez, kronologikoki saltoak eman behar izan ditu. Hala ere, prozesuaz gozatu duela dio zuzendariak: “Gidoia hartu behar nuen, eta estruktura apurtu behar nuen kontakizunean zehar, ordena aldatu… gero berriz kronologikoki antolatzeko eta zentzua zuen ikusi ahal izateko”.

Istorioaren gaurkotasuna

XVII. mendea eta gaur eguna ez daude hain urrun, gutxienez, Urkijok kontatutako istorioa kontuan hartzen badugu: “Inkisidoreek kontatutako gezur horietan zerbait oso paradoxikoa aurkitzen da, gaurkotasuna duena”. Akelarreak oso era negatiboan jaso izan dira, non sorginek akerraren haragia jaten zuten berarekin larrua jo eta gero. Distantziarekin begiratuta, akelarrea bakarrik “festa handi bat zen, non jendeak ondo pasatzen zuen, eta sexua zegoen”. Inkisidoreek gizarteak markatzen zuen normaltasun bati jarraitzen zioten, eta akelarreak ez zuten lekurik normaltasun horretan.

Askatasunari egindako omenaldi bat da pelikula”, bai identitarioari, baita sexualari ere. Garaiko zapalkuntza horrek askatasun asko ezabatu zituen, eta emakumea zen gehienbat zapalkuntza horiek jasaten zituena. “Garai horretako zapalkuntza asko gaur egun ere aurkitzen ditugu, indarkeriaren hizkuntzaren bidez ezartzen saiatzen dizkigutenak”. Sare sozialetan ikusi ahal da hori, Urkijoren hitzetan, non jende askok gorroto mezua zabaltzen duen. Gaur-gaurkoz, sare sozialetako gorroto mezuak aztertuta, emakumeak dira ere gehien sufritzen dutenak: “Pelikulan ere hori islatu nahi izan dut. Gaur egunera eramaten badugu, inkisidoreen antza hartzen dute emakumeek nola bizi behar duten eta nola den benetako emakumea esaten dutenek”.

Urkijo mitoek etengabe gaurkotuak izateko gaitasuna dutela sinetsita dago; izan ere, azken finean, mitoak kontatzen duenaren eragina jasotzen baitu; are, kontatzen duenak bere garaiko eragina jasotzen du, eta horrela, etengabe kontatzen den garaira egokitzen da: “Eguneratu egiten dira behin eta berriro. Zuk kontatu ahal duzu 2.000 urte duen kontakizun bat, eta gaur egun kontatzerakoan, nahi gabe gaurkotu egiten da, gaur egungo beldurrekin, antsietateekin eta ametsekin bizi behar duelako”.