Síguenos en redes sociales:

MusikaJulie RoualtMusikaria

“Kantuetan eta eszena gainean errazagoa da niretzat sentimenduak agertzea”

Bizi osoa musikari eta kantuari loturik, azken hiru urteetan musikari profesional gisa ari da lanean Julie Rouault uztariztar gaztea. ‘Eklore’ bere lehen lana kaleratu zuen urrian eta Senpereko Larreko gelan aurkeztu. Barnean gordetako sentipenak askatzeko baliatu du diskoa: gai pertsonal eta unibertsalei nostalgiaz eta sakontasunez heltzen die, ez tristuraz, gozotasunez baizik

“Kantuetan eta eszena gainean errazagoa da niretzat sentimenduak agertzea”FANTINE PLOUVIE

Hamabi kantu jaso ditu Juliek bere lehen lanean, denak berak idatzi eta konposatuak. Dolua, askatasuna, elbarritasuna, desberdinkeria eta haurtzaroko oroitzapenak bezalako gaiak landu ditu pop doinu ezti bezain hunkigarriekin. Kantuen erdia euskaraz idatzi ditu eta beste erdia frantsesez, oraindik ere euskara ikasketetan sakontzen ari delarik. Senperen hasi zuen aurkezpen kontzertu bira eta Euskal Herri osoan zehar aritzea du amets.

Txiki txikitatik zara musikari eta dantzari lotua. Ikasketak egin dituzu Baionan eta Lilen, besteak beste, eta Arpège orkestran zein Anna Smïle kabaretean ere ikusi zaitugu kantuan eta dantzan. Nola laburtuko zenuke zure ibilbidea?

Pixka bat luzea da nire ibilbidea. 28 urte ditut eta ttipitik kanta-tzen dut denetan eta egun osoan. Anitz gustatzen zait dantzatzea eta kantatzea. Hamabost urte nituenean Baionako kontserbatorioan izena eman nuen hiru urterako, katu lirikoa eta solfeoa ikasteko. Gero, ikasketak egin nituen Bordelen. Nire lehen lana da ergoterapeuta, haurrekin eta elbarriekin lan egiten dut, eta oraindik segitzen dut lan hori egiten asteazkenero.

Julie Roualt

Horrez gain, musikaz bizi zara.

Frantzian badugu ikusgarriko intermitentea figura, zerbait profesionala kantarientzat eta dantzarientzat. Duela hiru urte intermitentea naiz, beraz, musikari esker bizi naiz. Formakuntza egin nuen La Mecanique de L’artiste eskolan, Frantziako iparraldean, Lilen. Dantza, antzerkia eta kantua formakuntza bat zen. Urte batean izan zen hori eta maitatu nuen anitz, eta maitatzen dut anitz ere musikala, produktu bezala. Urte horretan formakuntza bat egin nuen Francis Cabrel kantariaren eskolan, Astafforten, kantuak idazten eta konposatzen ikasteko. Oso interesgarria izan zen, egin nuen frantsesez lehenik, eta bigarren aldiz euskaraz. 

Beti izan zara musikari lotua, baina orain kaleratu duzu zure lehen lana.

Hemezortzi urterekin hasi nintzen kantatzen profesional bezala orkestra batean, Arpège izenekoan, herriko festak alaiturik lau urtez. Hori izan zen nire udako lana lau urtez. Oso nekatua zen hori egitea, kontzertuak oso berant ziren eta utzi nuen duela kasi bost urte. Duela hiru urte nire lehen albuma prestatzen ari naiz. Dena idatzi eta konposatu dut, frantsesez eta euskaraz. Kabaret talde batean ere banaiz, kantari eta dantzari gisa aritzen naiz eta hori maite dut anitz, baina nire diskoarekiko oso desberdina da. Lumekin eta dirdirarekin ikusgarri handi bat egiten dugu.

"Nire ametsa orain da nire kantuak ezagutaraztea Euskal Herri osoan; baita Hego Euskal Herrian ere.”

Julie Roualt . Misukaria

Eta orain, hiru urteko lanaren ostean, kalean da ‘Eklore’.

Nire diskoa atera zen urriaren 23an, ostegun batean, eta bi egun geroago, urriaren 25ean, nire lehen kontzertua eman nuen Senperen, nire lau musikariekin. Oso ongi pasatu genuen, gela betea zen, kasik 300 pertsona, biziki pozik nintzen. Orain espero dut anitz kontzertu emanen ditudala Euskal Herri osoan.

Horietakoren bat aurreratzerik duzu?

Azaroaren 27an eta 28an I Muvrini talde korsikarrarekin arituko naiz Baionan eta Pauen. Oso kontent naiz. Abenduaren 5ean Donostian badut beste kontzertu bat Lugaritz gelan nire taldearekin, eta Bilbon martxoaren 27an izanen gara Loraldia Festibalean. Oraindik hori da, baina espero dut gehiago izanen direla.

Diskoan gai sakonak lantzen dituzu, hala dolua nola elbarritasuna, askatasuna edo desberdinkeria. Zer kontatu nahi izan duzu?

Diskoa oso nostalgikoa da, zeren eta idazten hasi nintzen nire amatxi galdu nuelarik. Anitz inspirazioa eman zidan eta nire kantuak idazten hasi nintzen. Nire kantuak oso nostalgikoak dira, baina ez dira tristeak, nire ustez. Nire haurtasun garaiaz hitz egiten dut eta nire amatxiren oroitzapenaz, eta pixka bat nostalgikoa da. Disko honetan nire burua irekitzen diot munduari, zeren eta nire bizi normalean zaila zait nire emozioak parteka-tzea. Kantuetan eta eszena gainean errazagoa da niretzat sentimenduak agertzea. Dena erraten dut nire kantuetan, nire sentimenduak eta nire emozioak barne

Zure burua zabaltzeko modu bat da musika. Ideia horretatik dator lanaren izenburua?

‘Éclore’ frantses hitz bat da, eta euskaraz erran nahi du ‘loratu’. Lore bat bezala sentitzen dut, ekilore bat bezala. Eszena gainean, argiarekin, dena errazagoa da niretzat eta irekitzen naiz munduari lore bat bezala. ‘Éclore’ frantsesez ‘c’ batekin idazten da, baina euskal erreferentzia egiteko nik ‘k’ batekin ematen dut. Gainera, nire izen artistikoa Julie da bakarrik, eta nire logoa nire amatxiren idazkera da, beraz, oso sinbolikoa da niretzat.

Diskoa kaleratu ahal izateko diru-bilketa kanpaina bat egin zenuen. 

Duela kasik urte bat izan zen, bai.

Zer dela eta? Zer zailtasun izan dituzu bide honetan?

Duela kasik hiru urte profesionala naiz eta anitz kontzertu ematen ditut, baina bertsioekin eta ez nire kantuekin. Orain nire diskoa hemen da eta nire helburua da kontzertuak ematea nire kantuekin. Beraz, zailagoa izanen da orain. Disko bat egitea oso karioa da, oso-oso. Crowfounding cagnotte bat egin nuen duela urte bat eta anitz jendek parte hartu zuen eta lagundu ninduen. Oso poztu nintzen eta jendeari esker orain albuma hemen da. 

"Albumak sei abesti ditu frantsesez eta sei euskaraz. Frantsesa da nire amaren hizkuntz a eta euskara nire apitxi eta amatxiren hizkuntza"

Julie Roualt . Musikaria

Euskara ez da zure ama hizkuntza eta hobetzeko eskolak hartzen ari zara orain, baina diskoaren erdia euskaraz sortu duzu. Zer dela eta hautu hori?

Albumak sei abesti ditu frantsesez eta sei euskaraz. Frantsesa da nire amaren hizkuntza eta euskara nire apitxi eta amatxiren hizkuntza da, baina ez dut ikasi ikastolan ttipitik. Duela kasik orain hamar urte hasi nintzen euskaraz ikasten, zeren eta oso garrantzitsua da niretzat hizkuntza biziaraztea familian, nire apitxi eta amatxi biziarazteko ere. Oso garrantzitsua zen niretzat nire albumean euskaraz idaztea, nahiz eta oso zaila izan niretzat. AEKko taldeko euskara irakasleak lagundu dit anitz eta elkarrekin zuzendu genituen nire hitzak euskaraz, oso ongi izan zen hori egitea. Orain ez naiz biziki ontsa euskaraz, baina bost hilabeteko formakuntza intentsibo bat egiten ari naiz astero-astero 35 orduz, beraz, oso intentsiboa da. Espero dut martxoan ez dudala erranen akatsik eta dena bikain eta errazagoa izanen dela.

Zure musika ibilbidean mugarriren bat aipatu beharko bazenu, zein hautatuko zenuke?

Badira bi momentu oso garrantzitsu niretzat. Lehena da duela bi urte ireki nituenean Baionako bestak Herriko Etxean, balkoian, Txoriak txori kantuarekin eta ene gitarrarekin. Zoragarria izan zen. Anitz-anitz jende izan zen, ez dakit zenbat, baina anitz ziren. Eta, gero, bigarren momentu bat da. Ni errugbi zale handia naiz eta Baionako taldea sostengatzen dut astero errugbi zelaian. Joan den urtean kantatu nuen Donostian, Anoeta zelaian, Txoriak txori ere, taldeak irabazi eta gero, beraz, giroa oso ona zen eta momentu zoragarria izan zen niretzat.

Eta etorkizunera begira jarrita, zein amets duzu musikarekin?

Nire ametsa orain da nire kantuak ezagutaraztea Euskal Herri osoan, Hego Euskal Herrian ere bai. Nahi nuke anitz Hego Euskal Herrian kantatzea ene kantuak eta kontzertuak ematea. Eta bai, kolaborazio bat nahi nuke egin Iñigo Etxezarretarekin, maite dut anitz kantari hori. Edo beste euskal kantari batekin, maite dut anitz Idoia Asurmendi ere, edo Eñaut Elorrieta. Baina ez dut amets handi-handirik, Euskal Herri osoan nire kantuak kantatzea oso ongi izanen da.

Baduzu hurrengo lan edo proiekturen bat esku artean?

Orain nire helburua da kontzertuak ematea diskoa aurkezteko, eta gero ikusiko da. Dena fresko-freskoa da, beraz, kontzertuak eman nahi ditut anitz. Baga Bigarekin naiz eta haiek lotzen dituzte kontzertuak, egiten dute kudeaketa eta promozioa eta dena nire musikaren inguruan.

Diskoa eskuragarri dago plataforma guztietan eta bideoklip batzuk ere kaleratu dituzu. Besteren bat aurkezteko asmorik duzu?

Bai, zergatik ez. Badut beste bideoklip bat egina baina ez da oraindik atera. Sensibilité kantuarena da eta badut bideoklipa, baina ez dakit noiz aterako den. Ez dakit gehiago aterako diren, momentuz ez, baina zergatik ez.