Síguenos en redes sociales:

Erakusketa

Markos Gimenoren palindromoak, artearekin eta ikusleekin hartu-emanean

‘Markos Gimenoren Karteletrak’ erakusketa Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunera iritsi da. Urriaren 26ra bitarte, hainbat artistak eta ‘Markus’-en lagunek ilustratutako 50 palindromotik gora egongo dira ikusgai. Bisita gidatuak, tailerrak eta kontzertuak ere prestatu dituzte hitz-jostari ezagunaren lana goraipatu eta bizirik mantentzeko asmoz

Markos Gimenoren palindromoak, artearekin eta ikusleekin hartu-emaneanIzaskun Arruen kulturgunea

Artista polifazetikoa izan zen Markos Gimeno Vesga (Ermua, Bizkaia, 1975-2018), Markus gisa ere ezaguna. Diziplina ugari landu zituen, besteak beste, pintura, musika, antzerkia eta literatura, beti arauen gainetik jostari. Horren adibide garbia, eta Izaskun Arrue Kulturgunera iritsi berri den erakusketaren muina, hitzekin jolasean sortu zituen ehunka palindromoak dira. Ezkerretik eskuinera zein alderantzizko zentzuan berdin irakurtzen diren hitzak edo esaldiak dira palindromoak, Markusek bere bizitzaren azken urteetan sakon landu zituenak, besteren artean, Zerojasoa proiektuarekin.

Gimenoren lagunek eta hainbat artista ezagunek urteak daramatzate bere lana berreskuratzeko eta nabarmentzeko ekimenak antola-tzen. 2023an Markos Gimenoren 101 letrakartel liburua argitaratu zuten eta Arabako hiriburura iritsi berri den erakusketa inauguratu zuten Gernika-Lumon (Bizkaia). Liburua zein erakusketa, biak oinarritzen dira hainbat artistak ilustratutako Gimenoren palindromoetan. Gernikan ez ezik, erakusketa Bergaran, Eibarren, Ermuan eta Bilbon izan da, eta orain Gasteizen dago ikusgai urriko azken igandera bitarte.

‘Karteletrak’

Lazarraga Kultur elkarteak antolatuta, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak hartu du Karteletrak erakusketa. Joseba Sarrionandiak eta Esteban Montoriok komisariatu dute euskaraz ida-tzitako 50 palindromo ilustratutik gora jasotzen dituen lana. 2023an argitaratutako liburuan oinarritutako piezez gain, Markos Gimenoren eta benetako zein fikziozko hainbat egileren idazkiak, erliebeko lanak edo Esther Astarloaren zeramikak ere daude erakusketan gozagarri, urriaren 26ra arte.

Ikusizko esperientziaz gain, hitzen jokoaz gozatzeko egitarau betea antolatu du Lazarraga Elkarteak. Urriaren 3an Joseba Sarrionandiaren bisita gidatuarekin eman zioten hasiera erakusketari, eta jarraian Anari eta Ihana Iriondo musikariek kontzertua eman zuten. Sarrionandiak berak azaldu du “oso egun polita” izan zela eta jende asko bertaratu zela erakusketaren inguruko azalpenak eta musika entzutera.

‘Markos Gimenoren Karteletrak’ erakusketa Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean dago ikusgai.

Hurrengo ostegunean beste bisita gidatu bat egin zuten, Iñaki Lazkano Markusen herriko lagunak eta Roberto Sanchez palindromo egileak gidatuta, eta jarraian Mursegok emanaldi musikatua eman zuen. Markusen hurbilekoa zen Maite Arroitajauregi, musikari esperimentala bera ere. Sarrionandia komisarioaren hitzetan, kon-tzertua “ikusgarria da, oso gauza ederra”. 

Artea elkarrizketa bat dela defenda-tzen du idazle iurretarrak, “elkar osatze bat”, eta uste du Mursegok beren-beregi sortutako kantuekin palindromoak “beste dimentsio batera” eraman dituela. Honela borobildu du emanaldia: “Nire ustez Maitek Markosen espiritua dauka sormen aldetik, eta bere sormen prozesuarekin identifikatzen da. Kartel batzuen bertsio musikal inpresionantea egin du, artearen gehiketa horretan osagarria dena, eta oso gauza polita sortu du”.

Gaur, urriako 18, haur zein helduen-tzat ikastaroak antolatu dituzte Bigara taldeko eta Abere ba proiektuaren sortzaile diren Jon Ander Garziak eta Itziar Aranburuk, eta Roberto Sanchezek berak ere. Joseba Sarrionandiak ezbairik gabe dio: “Sanchez momentu honetan Euskal Herrian dagoen palindromista bereziena da”.

Markus

Zuzenean ezagutzeko aukerarik izan ez bazuen ere, Joseba Sarrionandiak estimu berezia dio bai Markusen figurari, baita bere sormenari ere. “Itzelezko sormena” zuen pertsona gisa definitzen du, “zirkunstantzia oso berezietan” bizi izan zena. Sarrionandia “kasualitatez” lotu zen proiektura. Gimenoren ama eta arreba ezagutu zituen egunean, haren lanak ikusi zituen hormetan eskegita, elkarrekin eta testuinguruan jarrita. Horrek bultzatu zuen idazlea Gimenoren lanaren inguruko ikerketan murgiltzera.

Bereziki interesgarria suertatu zaio bilaketa hori, hain zuzen Euskal Herritik kanpo egondako urteetako gertakariak bildu zituelako Gimenok. “Kanpoan egon naizen denborako gauzak errekuperatu ditut”, aitortu du. Zentzu askotan irizten dio interesgarri Markusen lanari, batez ere hizkuntzaren ikuspegitik. Idazlearen esanetan, azken hamarkadotan euskara batuak ekarritako gramatikalizazioaren eraginez, “mendiko hizkuntza baztertu eta araurik gabea” izatetik “oso hizkuntza arautua eta eskolakoa” izatera igaro da euskara.

Ermuarraren lanaren originaltasuna goraipatzen du Sarrionandiak: “Markosen lanak beste dimentsio bat aportatzen du: desaraututako hizkuntzarekin jolasten du, hitzen sormenean sartzen da. Markosek palindromoez aparte egiten zituen asmakizunak, anagramak, neologismoak… hizkuntzaren arautasuna gainditzen saiatu zen”.

Horrexegatik guztiagatik, edonor gonbidatzen du Gimenoren mundua barru-barrutik ezagutzera. Erakusketa eta egitaraua publiko ororentzato egokiak dira, baina, bereziki interesgarriak izango dira jakin mina duten eta sormen jolasean parte hartu nahi duten horientzat: “Behar duen ikuslea interesatua eta parte-hartzailea da”.