Síguenos en redes sociales:

Euskal musikaren bozgorailua

Beranduegi erromeria Euskal Herriko hamaika herrietan jotzen ibili da zazpi urte hauetan, baina agur esateko unea heldu zaie

Euskal musikaren bozgorailuaYASIN CHEKROUN CASAS

Demboran atzera egin beharra dago Beranduegi erromeriaren lehenengo emanaldira bidaiatzeko. Ugaon (Bizkaia) izan zen lehen kon-tzertu hura, duela zazpi urte. Ainize Perezek, erromeriako abeslariak, gogoratzeko moduko kontzertu gisa definitu du: “Oso etxekoa eta lagun artekoa izan zen, ni bertakoa bainaiz; egia esan ez genuen hainbeste jende espero”. Zazpi urte pasata, azkeneko kontzertuak izan arren, aldaketa bakarra nabari du Perezek kontzertuei dagokionez: nostalgiaz sentitzen ditu. Emanaldietan ondo pasatzen jarraitzen duten arren, nekearen eta kontzertuen ordutegien ondorioz erromeriari itxiera ematea erabaki dute. Hori bai, amaiera on bat eman nahi diote.

Abeslariari erromeriak gustatzen zaizkio; gozatu egiten ditu eta eredu gisa eduki ditu betidanik. Hortik abiatuta, gaur egun Beranduegiko kide ohia den Mikelekin hitz egin zuen. “Zergatik ez gara erromeria bat sortzera animatzen?”, galdetu zion Perezek. Horrela jaio zen oraindik martxan dagoen taldea.

Urteak aurrera egin ahala, taldekideak alda-tzen joan dira; eta, horrekin batera, erromeriaren inguruko beste hainbat xehetasun: “Hasieran erromeria bat bainoago, lagun talde bat zela esango nuke; gaur egun ere lagun talde bat gara eta oso ondo pasatzen dugu, baina formalki”. Lehen ezjakintasunez igotzen ziren oholtzara; gaur egun, aldiz, lan bat bezala hartzen dute, nahiz eta harekin disfrutatu.

Beranduegiren taldearen xedea euskara jai giroan bultzatzea zen hasiera batean; eta, abeslariaren aburuz, zazpi urte hauetan publikoari hori helarazi nahi izan diote. Hala ere, azken urteetan formatu bereko taldeen funtzionamendua eta musika aldatu dela sumatu du: “Gaur egun ez bezala, lehen ermitetan elkar-tzen ziren; musikaren aldetik, orain ez dira Alaitz eta Maider bezalako erromeriak ikusten”. Horrez gain, Beranduegik aldaketak onak direla diote, gazteleraz edo ingelesez abesteko joera areagotu arren, agian euskarari eta euskal kulturari hainbesterako garrantzirik ematen ez zaiolakoan.

Zazpi urteko ibilbidea egin du Beranduegi erromeriak.

Erromeria bakoitzak joera propioa dauka, baina, nola bihurtzen da musika talde bat erromeria? Eta, nola ezberdintzen da beste musika taldeengandik? Perezek erantzuna oso argi dauka: “Gu gara musika taldeen bertsioak egiten ditugunak; haiek musika sortzen dute, eta guk zati bat hartzen dugu, gurea ere egiteko”. Erromerien bidez euskal musikaren transmisioarentzako espazio berriak sortzen dira; hau da, gustuko dituzun edo ez dituzun abestiak jotzen dituzte. 

Egokitzapena

Abeslariaren ikuspuntutik, talde hauen garrantzia publikoaren laginaren aniztasunean dago: “Euskal taldeek haien musika jotzen dute, hala ere, askotan ikusi ditugu erromerietan beste talde batzuk ikustera ez doazenak”. Jotzen dituzten kantei dagokionez, abestien zerrenda orduaren arabera moldatzen dute: adibidez, arratsaldeetan euskal dantzetako abestiak jotzeko une aproposa iruditzen zaie. Zerrenda horien barruan taldekideek gustuko dituzten abestiak txerta-tzen dituzte, ezagunak izan zein ez. “Liher, Hertzainak eta Skabidean taldeen abestiak jo-tzen ditugu; egia da batzuk lehen gehiago en-tzuten zirela, beste batzuekin guztiz kontrakoa gertatzen den bezala”, dio Perezek.

Abestiak bezain garrantzitsuak dira taldekideak erromeria bat osatzerakoan. Hori dela eta, abeslariak aipatu duenez, talde bat behar bezala osatzeko ezinbestekoak dira jarrera, musikaz apur bat jakitea eta baita ondo pasa-tzeko grina ere. Esandakoari jarraituta, kon-tzertu guztiak une kuttunen kaxan kokatu ditu Perezek. Salbuespena, pandemiak eragindako etenaldia.

Publiko Gazte(egia)

Publikoak ere abestien eta taldekideek bezain funtzio garran-tzitsua betetzen dute ekitaldietan, giroan nolabaiteko bilakaera eduki arren. Agian, adinarekin zerikusia duen hausnarketa egin du abeslariak: “Hor behean egoten zen jendea gure adinekoa zen; egungoak, berriz, guretzat oso gazteak dira. Ez dakit gu heldutu garen, edo jende gazteagoa datorren jai esparru hauetara.”

Zazpi urteko ibilbidea egin du Beranduegi erromeriak.

Publikoaren adinarekin bat, abesti eskakizunak datoz. Izan ere, reggaeton edo antzeko estiloak entzuteko nahiak gora egin du. “Askotan horrelako abestiak jotzea eskatzen dizkigute, baina guk ez daukagu musika elektronikoa egiteko baliabiderik”, gehitu du musikariak.

Musikaz gozatzeko, hainbat herrietako jai giroan murgiltzeko eta une polit ugari bizi-tzeko aukera edukitzeaz gain, erromerian kantatzeak bere buruarengan segurtasuna lortzen lagundu diola baieztatu du Perezek: “Hasieran asko kostatzen zitzaidan eszenatoki gainean jartzea, batez ere emakumea izanda; egun, mikrofonoaren aurrean abesteko eta hitz egiteko segurtasuna daukat.”

Une gozo hauek bizitzeko hainbat aukera egongo dira 2025ean zehar, oraingoz baieztatuta daudenen artean Galdakaoko Gazte Egunean, maiatzaren 10ean, maiatzaren 17an Amurrion eta ekainaren 7an Lekeition izango da Beranduegi erromeria. Azken kontzertuaren data, lekua eta formatua ez dute guztiz zehaztuta, baina argi daukate 2026ko urtarrila-otsaila aldera zerbait egitea gustatuko litzaiekeela.