Irati Irizar Lazkaon jaio zen 1990ean eta betidanik izan du istorioekiko pasioa. Dioenez, ez daki geldirik egoten eta hainbat ogibide izan ditu. Are, Bartzelonan, Mexiko Hirian eta Aragoiko Pirinioetan bizi izan da. Egun, Euskal Herrian dago, baina edozein unetan alde egin dezakeela aitortu du. Ingeniaria da Irizar ikasketaz, eta idazle gaia bokazioz. Baina, batez ere irakurle konpultsibotzat du bere burua. 2023an Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten Igartza Saria beka eskuratu zuen. Ondorioz, 2025ean bere lehen nobela argitaratuko da: Ilargi-kutsadura. Eleberriak honako elementu hauek, eta beste asko, izango ditu: misterioa, basamortua, rock & roll ugari, cowboyak eta (agian) estralurtarren bat edo beste.

Irati Irizarren kultur gomendioak

Abesti bat: Gaztetasuna eta zahartasuna, Willis Drummond-en bertsioa. Azaldu ezin dudan modu batean ukitzen nau.

Pelikula bat: Klasikoak zerbaitengatik bihurtzen dira klasiko: Montxo Armendarizen Tasio. EDERRA da letra larriz, zinez eta zentzu guztietan. Gainera, nire obsesio nagusienetako asko jorratzen ditu: norbere identitatearen bilaketa, askatasunaren esanahia, lurrarekin dugun harremana… 

Liburu bat: Zirriborroak eta gero proiektua gertutik jarraitu dut sortu zenetik eta iaz Consonnik, Azalarekin elkarlanean, liburu bihurtu zuen. Etorkizun itxaropentsua irudikatzea geroz eta gaitzagoa den honetan, fikzioaren bidez ariketa hori egitea arraroa bezain jeniala iruditzen zait. 

Antzezlan bat: Esnearen kolorekoa. Aktore guztiak daude oso ondo, baina Aitziber Garmendiarena demasekoa da.

Telesail bat: Azkenaldian ez dut apenas ezer ikusten pantailan,podcast zalea bihurtu naiz, ordea. Artxipelagoa eta Holobiontea euskarazko fikzioaren kalitate, aberastasun eta orijinaltasunaren erakusle nabarmenak dira.

Kultur espazio bat: Nire leku kuttunenak liburudendak dira. Liburu artean galdu, nahi adina ikasi, goxo jan eta pentsamendu kritikoa elikatzeko bi espazio zoragarri dira niretzat Iruñeko Katakrak eta Donostiako Kaxilda.