Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak iragarri dituzte aurtengo Arte Topaketetarako 40 proiektu hautatuak. Diseinua, arte eszenikoak, musika, literatura... Nafar geografiaren luze eta zabaleko gazteen proposamen berriak. Aurki eginen dituzte topaketak eta bertan iragarri saridunak. Arantzazu Lizartza Saizar (Leitza, Nafarroa, 1994) Alta-Txostena lanarekin aurkeztu da. Familia eta komunitate medikua da Lizartza, eta poesiarekin uztartzen du lanbidea.

Zeri buruz eta zeri idatzi diozu ‘Alta-Txostena’ lanean?

Poema bilduma hau medikuntzaren inguruan, medikuntza era zabalenean ulertuta, idatzitakoa da. Hiru zatitan banatu dut: lehenean, pazienteari eta haren testuinguruari dagokio; bigarrenean, batez ere, aitaren heriotzaren harira, zaintza lanak izan zuen bereziko garrantziaz; eta, hirugarrenean, nik neuk gaixo bezala osasun sisteman zer esperientzia izan ditudan oinarritu hartuta idatzi dut. Alta-txostena izena jarri nion, izan ere, gogo handia sentitu nuen idazteko kale egoeran zegoen paziente bati txostena eman, eta “alta ohiko bizitokira” jartzen zuelako. Sekulako kontraesana eragin zidan bere ohiko bizitokia kalea baitzen. Medikuntza ederra den bezala, latza eta zitala ere izan daiteke.´

"Medikuntza era zabalean ulertuta” diozunean, zer esan nahi duzu?

Medikuntza ez da soilik biologikoa. Medikuntzak zeharkatzen ditu alderdi soziala, existentziala, filosofikoa eta etikoa; osotasun horretan ez da zentratzen bakarrik gaixotasunean. Heriotza edo ez-amatasuna, kasu, niretzako bereziki garrantzitsuak dira eta horri buruz hitz egiten dut. Baita zain-tzailearen rolaz ere: zer suposa-tzen du zaintzaile izateak, nor izan den zaintzaile orain arte…

"Poema bilduma hau medikuntzaren inguruan, medikuntza era zabalean ulertuta, idatzitakoa da"

Hor bilatu eta aurkitzen dituzu poesia eta inspirazioa?

Kontsulta pasatzean familia, komunitate edo pertsona baten oso barruan sartzen zara. Gatazka eta egoera korapilatsuak ezagutzen dituzu, baina edertasun handia dago pertsona bakoitzaren barruan. Beti bilatzen duzu edertasuna. Justu Nakar taldeak atera du kanta bat honela dioena: “Bortizki naiz goxoa, dena bortitza denean”. Ni neu ere goizeko lauetan, guardia tokatzen zaidanetan, hilda nagoenean, indarra ateratzen dut, ez dakit nondik, goxotasun hori ateratzeko. Agian nire bizitza pertsonalean ezingo nukeen momentuetan.

Epaimahaikideek zure ikuspegi mediko hori da, hain justu, balioetsi dutena.

Lanen kalitatea eta originaltasuna baloratu dituzte Arte topaketetarako, eta hori helarazi didate nire lanaren inguruan ere. Pozik nago, izan ere, niretzako agian aspergarriak diren gaiak dira. Bestetik, uste dut pandemiak sortu duela medikuntzarekiko gaitzespen orokor bat. Beldur ere banaiz literaturara medikuntzatik aurkezten naizenean, ez ote den gaitzespen horrekin lotuko.

"Nire buruan egunero idazten dut; ideia bat edo irudi bat sortzen dut eta ertzak bilatzen dizkiot"

Aurtengo bigarren saria da. “Ezlekuak” izeneko bildumarekin irabazi zenuen Iruñeko egile berrien lehiaketa. Oso bestelako poemak dira, ezta?

Idazle modura hasiberritzat daukat nire burua, sentitzen dut ez dudala baliabide askorik. Orduan, niri formak edo irudiak agertzen zaizkit eta multzoka sailkatzen ditut. Zaborra pilatzen eta pilatzen doa, eta halako batean zabortegi horretan talde ba-tzuk ikusten ditut eta bilduma forma ematen diet. Izan daiteke biluzte ariketa bat egiten ari naizela. Hasieran, zure burua aurkezten duzunean indartsu agertu behar zara. Irakurleekin berdin. Ez dakizu zer pentsatuko duten. Baina, onarpen hori jasotzen zoazen heinean, ezkutuak kentzen eta biguntzen hasten zara. Ez denbora tarte luzea izan, baina agian bai transformazio hori gertatzen ari da. Ez da batetik bestera pasa naizela, bi-biak direlako oso nireak: ironia eta goxotasuna.

Ematen du ia ezkutuan egon zarela idazten, eta bat-batean bi sari. Non egon zara orain arte?

Nerabezaroan zerbait saritu zidaten eta agian da nire poema kuttunenetako bat. Gero, medikuntza etorri zen eta aitaren heriotzak ere gauzak pixka bat nahastu zituen. Abandonatuta utzi nuen literatura. Karrera bukatutakoan urte sabatikoa hartu nuen eta gustatzen zitzaizkidan gauzei tiraka hasi nin-tzen berriz.

Egunero idazten duzula esan izan duzu. Egunero-egunero?

Idatzi paperean beharbada ez, baina buruan beti ari naiz esaldiren batekin bueltaka, hitzen batekin. Idaztea ere bada hitz hori, ideia bat, irudi bat sortzea eta ertzak bilatzea. Buruan egunero idazten dut, nire sakelekoaren oharrak beteta daude. Gero, gehiago kostatzen zait hori transkribatzea, denborari dagokionez behintzat.

Eta orain zer? Nola ikusten duzu panorama?

Euskal literaturan zaila iruditzen zait aitortza hori ez bazatoz bertsolaritzatik, kazetaritzatik, mundu horretatik. Ez duzu inor ezagutzen, eta zuk ere ez duzu aukerarik zure burua ezagutzera emateko eta bidea egiten laguntzeko. Pixkanaka ari naiz jendea ezagutzen, partekatzen, feedback-a jasotzen… Arte Topaketetan edo Zirriborroren moduko ekimenei esker saretxo bat ari naiz sortzen. Ez dut ezinezkoa ikusten, baina bertigoa ematen dit.