Bidasoa mintzatuko balitz, gauza asko izango lituzke kontatzeko”. Hala dio Ximun Fuchs obraren zuzendari eta antzezleak. Mugako gune horrek esateko dituenak jaso eta errealitatean oinarritutako fikziora eraman ditu, euskarri anitzek lagunduta. Horiek plataforma ezberdinetara zabalduko dituzte zuzeneko antzezpenak amaitutakoan.
Migrazioaren historia gorpuzten duen tokian tokiko antzezlana estreinatu duzue. Zergatik migrazioa?
Axut! Hendaian kokatzen da, eta hainbat kide dira Harrera Taldeen parte, beste euskaldun askoren moduan. Hori ez da kasualitatea. Ohartu gara gure familietan denak joan direla mugaren alde batera edo bestera, eta denok daukagula hori gure odolean sartuta; beraz, gai honekiko ulermen edo begirune berezia daukagu. Gainera, gai hau gaurkotasunezko gai modura aipa-tzen da; eta, noski, aktualitatea da, baina beti izan da gaurkotasun gaia. Mugaz gain ihesean, zerbaiten esperoan edo gosez ibili den jendea beti izan da aktualitatea. Hala, gaurkotasunarekiko dugun harreman hori antzerkira eraman dugu.
Baina, zelan landu migrazioa? 200 urteko historia jaso duzue, XIX. mendetik orain artekoa.
Migrazioa zelan definitu? Zelan definitu horretan dabiltzanak? Ez dakigu esan behar den emigrantea, iheslaria, erbesteratua… Hor hasi zen gure lehen debatea. Euskal Herria migrazio herrialdea da, eta Bidasoak ikusi ditu hainbat migrazio fluxu. Guk ez dugu gaurkotasuna bakarrik konta-tzen, 200 urte zeharkatzen ditugu an-tzerkiaren bidez; izan ere, azken 200 urteetan lehen emigranteak edo ai-tzinenak euskaldunak izan dira. Napoleonen garaian, lehenago Fran-tziako Iraultzan, gero Mundu Gerran, 36koan... Izan dira juduak eta portugaldarrak handik, eta orain afrikarrak dira. Beraz, Bidasoa mintzatuko balitz, istorio aunitz izango lituzke konta-tzeko.
Iheslarien kontakizunek konposatzen dute obra. Zelakoa izan da dokumentazio lana?
Dokumentazio lan handia egin dugu, esparru askotan sakonduz: jendea bisitatu, artxibategiak ikusi eta Internet arakatu dugu. Formatu guztietako artxiboak baliatu ditugu: soinu, argazki eta idatzizkoak. Horietatik hainbat fikzio eraiki ditugu, gutun moldean kontatuta. Saiatzen gara istorioak intimotik kontatzen; obra hau ez da panfleto bat, ez da irizpide soil bateko obra bat, baizik eta irizpide kontrajarriak perspektiban jartzeko obra da, intimotik jorratuta. Eta gutuna baliatu dugu horretarako, gutuna gehienetan intimoa den norbaiti min-tzo zaiolako.
Obrak memoria historikoa lantzea du asmo?
Memoria lantzearen ordez, esango nuke hori dela abiapuntua. Gero, sorkuntza lana egiten du obrak. Fikzioak kontatzen ditu, eta kontatzen dituen istorioak dira laguntasun, maitasun edo amatasun istorioak… betiko istorioak, baina testuinguru berezi batean. Memoria historikoan sartu gara gure fikzioak dokumentatzeko, uztartzeko eta baita errotzeko ere, baina gurea ez da memoria ariketa bat, sorkuntza bat da, anbizio handiz partekatzen duguna.
Obra ardazten duen gaiaren espazioan gertatzen da antzezpena: Bidasoa ibaia eta herriak dira eszenatokiak: Hendaia, Urruña, Irun eta Biriatu.
Gure aurtengo tokian tokiko bigarren sorkuntza da; hau da, ez da biran joango den sorkuntza. Hendaian sortu dugu, hor hedatzen ari gara eta hor amaituko dugu. Horregatik deitzen diogu tokian tokikoa. Aurten, gai konkretu batzuk adarretatik heldu eta leku bakarrean eman nahi genituen, publikoarekin sorkuntza artistikoarekiko beste harreman bat sortuz. Ondorioz, obrak ibilbide luze bat egiten du, Hendaiatik Biriaturainokoa, Urruña eta Irun zeharkatuz, eta Bidasoaren alde batean edo bestean ibiliz. Esan dezakegu, formula aski zabala dela.
Zelakoa izan da sorkuntza prozesua?
Sorkuntza hau egiteko beste kide ba-tzuk aritu dira gurekin: Xabier Erkizia eta Gari Garaialde, Antxeta Irratiaren babesarekin. Hala, sorkuntza prozesua izan da aberatsa, kaotikoa, zaila… Obrak daukan berezitasuna da 40 parte hartzaile dituela, eta horrelako sorkuntzek asko aberasten dute ikuskizuna; indarra ematen dio istorioari. Hasierako hautua zen hori, eta argi geneukan hori nahi genuela.
Obran zehar hainbat adierazpen artistiko landuko dituzue: musika, irratia…
Bai, molde anitzetan gainera. Ez dugu soberan kontatzen, ze mugaz edo mugalariez mintzo garenean beti dago sekretu puntu bat, eta sorkuntza honek ere sekretu puntu bat beharrezkoa zuen ondo sortzeko.
16 emanalditako sarrerak guztiak agortu dituzue.
Umiltasunez hartu behar dugu. Gehien pozten gaituena da jendeak gai honetaz euskaraz mintzatzeko gogoa duela. Herri honetan bada herri proiektu bat, eta gure lana izan da hori sentitzea. Artiston lana da airearen zaporea botatzea: zertan dagoen jendea, zer dagoen hitzen atzean, gogoa, desira…
Zuzenean ikusi ezin dutenentzako, gero, plataforma desberdinetara eroango duzue obra.
Emanaldi guztiak amaitzen ditugunean, irailaren 30ean hain zuzen, Antxeta Irratia hasiko da istorio guztiak emititzen. Sortu dugun webgunean ere hainbat artelan eta esparru eskuragarri egongo dira, eta istorio guztiak ikusi eta entzun ahalko dira.
HURRENGO EMANALDIAK
• Irailaren 28a, 13:30 eta 14:30. Hendaia Beltzeniatik.
• Irailaren 29a, 14:00 eta 15:00. Hendaia Beltzeniatik.