URTETAN antzerkian eta telebistan aritua da Alex Tello (Donostia, 1977) aktore eta gizarte hezitzailea. Laster zinema-zuzendari jarduna ere gehitu beharko die izen-abizenei. Orain ia hamar urte ausartu zen kamerarekin, oholtzatik eta pantailetatik kameraren atzeko aldera salto. Udaberrian bukatu zuen bere gidaritzapeko lehen lan luzea: Animo. Datozen hilabeteotan ikusiko du argia filmak, abiatu aspaldi abiatu bazen ere. Film labur batekin ekin zion 2017an bide horri. Atzetik beste bi etorriko ziren. Horiekin filma osatzea erabaki zuela kontatu du Tellok. Telmo Iruretak egiten ditu Aitorren lanak, protagonistarenak, eta bizitzaren eguneroko borrokak dira mintzagai nagusi.
Film luze bat lehenik eta gero beste bi egin zenituen. Azkenerako, film luzea osatu duzu istorio horiei tiraka.
Hori da. Hasierako ideia izan zen orain filmean hoteleko eszena dena: aita-semeak hotel batean topatzen dira, amets batean. Hori kontatu nahi nuen baina ez nekien nola. Gero etorri zitzaidan Telmo Irureta Elena Iruretarekin autoan dagoen eszena hori, aurretik gertatutako zerbaiten modukoa. Hori izan zen grabatu nuen lehenengo laburmetraia. Handik urtebetera amaren eta semearen arteko elkarrizketa grabatu genuen, film labur gisara ere bai. Eta azkenik, hurrengo urtean, hasierako ideiara itzuli ginen. Eszena horiekin guztiekin hasi nintzen pentsatzen film luzea ere izan zitekeela. Sei atal egin nituen, modu desordenatuan. Guztira ordu erdiko zerbait. Behin muntatuta neukanean, pase bat egin nuen filmean parte hartu zuen jendearekin. Helburua zen filmarekin jarraitu ala ez erabakitzea, eta jarraitzekotan, nola.
Eta azkenean baietz erabaki. Nola, ordea?
Nik Aitorren eta Ametsen istorioak kontatu nahi nituen. Biak ala biak atsekabeturik daude. Batek oso barrutik darama ezinegona, eta besteak, berriz, oso kanpotik. Azkenean elkar ezagutzen dute, eta, minus eta minus, plus. Irauli egiten dira. Lagun batek esan zidan pertsonaia gehiago bazeudela filmean, eta interesgarriak zirela, sakontzeko gehiago horretan. Eta hala, lehendabiziko ordu erdian Aitorren istorioa konta-tzen du filmak, eta hortik aurrerakoetan, arda-tza Aitor bera den arren, Amets, Itsaso, Leire eta beste batzuen bizitzetan murgiltzen da.
Zuzendari lanetan nola moldatu zara?
Antzezlea naiz, baina sortzailea ere banaiz. Istorioak asmatzen, idazten eta lantzen ikaragarri gozatzen dut. Esperientzia ederra izan da zuzendari aritzea. Gainera gidoia ez zegoen itxita. Urtez-urte eraikitzen joan naiz, grabaketen eta beste kontu askoren arabera aldatzen joan naizena, filma bukatu dudan arte. Amaiera bat pentsatua neukan, eta bukaera hori eman nion, baina lasai asko izan zitekeen beste bat.
Atsekabea, maitasuna, bizitza, heriotza, desira… Gai horiek lantzen ditu filmak. Ikuslearen gogoeta eragitea al zen helburua?
Aipatutako sei atal horiek elkarren segida dira, lotura dute. Baina independenteak ere badira. Bakoitzak gogoeta-gai bana proposatzen du. Egitura hori mantendu nahi nuen, atal bakoitzean gogoeta eta magia propioa eskaini.
Animoa behar dugu bizitzaren borroka horiei aurre egiteko?
Denok ditugu gure borrokak, egunerokoan, bakoitza bere buruarekin. Maitasuna, lana, lagunarteko gora-beherak, eta baita familia bera ere. Horietan datza gure borroka. Horiekin ongi bagaude, bizibidea askoz errazagoa eta egingarriagoa da. Baina, ez baditugu zaintzen, ez badaude osasuntsu, konpondu beharreko zerbaiten seinale. Nik egunero entzuten dut “animo” hitza. Adibidez, jendeak galdetzen dizu: “Zerekin zabiltza azkenaldian?”, eta esaten diezu “honekin eta bestearekin”, eta erantzuna beti da “Animo!”. Animoa behar dugu, hori ez bagenu, zail.
Antzerkian eta ikus-entzunezkoetan murgilduta ibili zara. Zer ematen dizute batak eta besteak?
Antzerkia zoragarria da. Jende aurrean zaudenean biziagoa da. Obra bat emanalditik emanaldira garatzen da. Esperientzia izugarria. Baina efimeroa da, zuzenekoa. Ikus-entzunezkoak baditu beste gauza batzuk. Hor geratzen da. Adibidez, orain egindako lana batzuek orain ikusiko dute agian, beste batzuek, berriz, bost urte barru. Horrek nolabaiteko bakea ematen dit. Antzezlan bat egiteari uzten badiote eta ez baduzu ikusi, ezingo duzu gehiago ikusi, tren hori joan da. Audiobisualen kasuan badago aukera hori.
"Denok ditugu gure borrokak, egunerokoan. Maitasuna, lana, lagunarteko gora-beherak... Horietan datza gure borroka"
Hala ere, agerpen txiki bat ere egiten duzu filmean.
Kameo txiki bat bai, baina nahikoa. Ez bainin-tzen iristen. Gidoia idatzi, ekoizpena… Proiektu osoa nik eraman dut. Antzeztea ere gehiegizkoa zen.
Musikaz blaitutako filma da. Musikarekin hasi eta bukatzen da, keinuz josita dago, pertsonaia musikariak daude… Ez da kasualitatea, ezta?
Nire zaletasun handietako bat da. Filmak gainera ez du mugimendu asko, Telmoren neurrira egokitu dugulako, eta azkenean dinamismo hori, kolorearekin eta abestiekin ematen saiatu gara. Testu asko dago, asko hitz egiten dute pertsonaiek, eta musikak beste freskotasun bat ematen dio lanari. Maite ditudan musikariak eta taldeak sartu ditut. Su ta Gar-ekin, adibidez, badut zerbait berezia eta egiten dizkiet keinu batzuk: kamisetekin, abestiren batekin eta beste kontutxo batzuekin. Bestetik, hasierako kantak ere badu pisua. Mikel Aranzabalen diskoa entzuten ari nintzela, pentsatu nuen ezin hobe enkajatzen zuela kontatu nahi nuenarekin eta lanari hasiera emateko aproposa zela. Proposamena egin nion eta animatu egin zen.
Irudiak ere, animazio modukoak, baliatu dituzu errekurtso gisara. Zer ekarpen egiten diote filmari?
Marrazkiekin, musikarekin bezalaxe gertatzen da. Irudiek lokalizazio askotara eramaten gaituzte. Baina balio dute, era berean, Telmorekin egin ezin nituen gauzak egiteko.
Telmoren baldintzetara egokituta aritu zaretela esan duzu lehen. Zertan?
Eszenak egiteko Telmorekin erabilitako eskema gainerako aktore guztiekin ere erabili dut: bi aktore, lokalizazio bat, kamera oso ongi jarrita eta gorputzari garrantzia kendu nahian. Zentzu horretan, filma ez da inklusiboa, bai, ordea, lanketa. Garun-paralisia dauka Telmok, baina hala ere, saiatu naiz horri nagusitasunik ez ematen. Ikus daiteke zerbait daukala, baina gurpildun aulkia ez da ageri filmean. Momentu bakarren batean ikusten zaio gorputz osoa. Helburua zen aktorea ikustea, garun-paralisia ez daukan aktore batek bezalaxe egingo lukeen moduan egitea.
Euskal eszenako antzezle asko eta aski ezagunak ekarri dituzu lan honetara. Nola izan da fitxaketa?
Luxu bat izan da. Opari bat. Bueno, ez, opari asko. Batzuk ezagutzen nituen aurretik, eta beste batzuk Telmoren oso hurbilekoak dira. Joxe Ramon Soroiz eta Aitziber Garmendia, esaterako, Telmoren orbitan dabiltzala esan daiteke. Klara Badiola ezagutzen nuen Mugaldekoak telesailean egon nintzenetik, Dorleta Urretabizkaia Goenkalen ezagutu nuen… Hain ezagunak ez diren aktoreak ere badaude, baten edo bestearen lagunak zirenak. Oso erraz jarri didate. Interesatzen zitzaien edo sinesten zuten proiektu honetan, eta azkenean casting ederra geratu da.
Filma bukaturik, udazkenean aurkeztekotan zara. Nola daude animo horiek?
Tira, ba banatzailea badut: Bi Tanta etxea. Badu euskal zirkuituan esperientzia eta ari dira estreinaldirako data eta aretoa mugitzen. Pena izan zen iaz Zinemaldian aurkeztu nuela Work in Progress (amaitu gabeko lana) sailean, baina ez zutela aukeratu. Horrek bultzada handia emango zion. Bidali dut beste jaialdi batzuetara ere, baina ez dut lortu. Nik ulertzen dut, lan hau oso independentea da, zirkuitutik kanpokoa, aurrekontu txikikoa... Ez daukat babeslerik ere. Oso iraultzailea izango zen halako zerbait hautatuko balute. Hor daude Telmo Goya sari batekin, Elena, Joxe Ramon, Aitziber eta beste asko. Filmean kalitate handia dago bere xumetasunean, baina ausardia behar da. Berdin plataformekin. Orain ez zait interesatzen, aurrerago ikusiko dugu. Nire ametsa zinema-aretoetan ikustea da. Gainera, ja ez naiz leku guztietara iristen eta ez nago horretarako. Estreinaldiarekin ahoz-ahokoa etorriko da, eta horretan daukat itxaropena. Herri batzuk badakit ziur egingo ditugula: Usurbil eta Andoain. Animo aldetik, ez daukat espektatibarik. Antzerkiarekin izan nituen, eta betetzen ez zirenean... Etorriko dena ongietorria izango da. Ziur naiz film hau orain dela 20 urte egin izan banu arrakasta itzela izango zela. Baina gaur egun, hainbeste dugu hainbestetik. Pena bat da, film hau bakarrik, eta nire poltsikotik egitea oso zaila delako. Gozatu dut, eta oso pozik nago hala ere.