Oihalaren beste aldea ezagutu dute Miren Amuriza idazleak eta Malen Amenabar ilustratzaileak. Anita Maravillas antzerki konpainiak egiten duen lana aztertzeko aukera izan, eta Titiritari poesia liburu ilustratuan jaso dute. Txotxongiloak sortu eta maneiatzen dituzten pertsonak dira titiriteroak, eta horixe da Anita Maravillas antzerki konpainiako kideen lana. “Konpainiakoek esan ziguten titiritero erabiltzen dutela gehien hurbiltzen den hitza delako, baina gaztelaniatik dator eta genero marka dauka.
Titiritari sonoritate aldetik polita da, ulertzen da eta kasu honetan hari gabeko txotxongiloak izan arren, lotura hori dauka hariekin. Horrelakoetan malguagoak izan behar gara: hiztegia hainbeste begiratu beharrean, falta zaizkigun hitzak topatu eta erabili behar ditugu”, azaldu du Amurizak.
Antita Maravillas konpainian ikuskizunak egiten dituztenean publikora hurbiltzeko ohitura daukate, eta txotxongiloak erakusten dizkiete haur eta helduei. Hori dela eta, haurrek euren lanaren inguruko galdera ugari egiten dizkiete; hala nola, zer egiten duten eta zer den txotxongilo bat. Horregatik, antzezlanen atzean dagoen lana bildu eta jendeari erakustea gustuko dute. Oraingoan, Amurizak eta Amenabarrek egindako lanaren bidez oholtzako lana paperera eraman nahi izan dute.
Amenabarrek esan du lantalde “politean” egindako lana dela. Izan ere, liburuko egilez gain, Iñigo Astiz kazetaria eta idazlea editore izan da eta Miren Agur Meabe idazleak eta itzultzaileak gaztelerara itzuli du: “Modu bilkinean itzuli du. Ohore bat da berak itzuli izana”. Euren lana eta Anita Maravillas antzerki konpainiarena eskertu du.
Oholtzatik papera jauzi egiteko Amenabarrek eta Amurizak antzerki konpainiako sormen prozesua ikusteko aukera izan dute. Amenaberrek kontatu dunez, ateak ireki izana “oso berezia, interesgarria eta polita” izan da: “Zorte handia izan da ez duelako edozeinek konpartitzen nolakoa den sormen prozesu bat. Gainera, artisten figura oso erromantizatua eta idealizatuta dago. Tripak ikustea edozein obra ikustea baino interesgarriagoa da”.
Liburua sortzeko prozesuari dagokionez, lehenik, entseguak ikustera joan ziren, eta ostean, bana-banakako elkarrizketa saio sakonak izan zituzten. “Jakin nahi genuen zertan datzan euren lana eta zertan jartzen duten fokua”, esan du Amurizak. Testua sortzeko elkarrizketa horietatik jasotzen zituzten testu zati “interesgarrienak” edo “literarioenak” erreskatatu zituzten. Ostean, liburuaren egitura zehaztu zuten.
Hiru atal nagusi ditu liburuak: lehenengo atalean txotxongiloen inguruan hitz egiten dute; hau da, zer diren, nola egiten diren eta beste gauza batzuk. Bigarren atalean, ofizioari edo lanari heltzen diote, eta azken atala “libreagoa” da.
Amurizak azaldu du egitura horren gainean alde batetik testuak egiten hasi zirela, eta bestetik, ilustrazioen bidez kontakizun bat sor-tzen: “Kasu honetan ilustrazioak ez dira testua bere horretan ilustratzen duten zerbait, baizik eta, aparteko narrazio bat irudietan”. Amenabarrek dioenez, normalean lan egiteko bi modu daude: testua sortu eta irudietan testuko xehetasun batzuk sartu edo alderantziz. Halere, lehena gehiagotan egiten da.
Testua eta ilustrazioek lotura daukaten arren, Amenabarrek argi dauka independenteak izan behar direla: “Ilustratzaileon lana da testuek esaten dutenetik interpretazio bat egitea. Testua eta ilustrazioak berdinak izango balira ez luke funtzionatuko, oso erredundantea izango litzateke eta indarra galduko luke”.
Jolasaren bidetik Antzerki mutua egiten dute gehien bat Anita Maravillaseko kideek; hau da, antzezlanetako txotxongiloek ez dute hitz egiten edo hitz konkretu batzuk esan eta onomatopeiak egiten dituzte. Amurizak esan du bide horretatik jarraitu nahi izan dutela liburuan: “Ikusten dugun horretan eta mugimenduan jartzen dute indarra.
Gainera, antzezlanek, zentzu onean, ez dizute esaten zer pentsatu behar duzun gai baten inguruan eta zein den istorio horren ondorioa. Horregatik, irakurleari zati batzuk emango dizkiogu irakurtzeko, jolasteko eta bakoitzak berea ikusiko du eta irakurriko du”.
Haurtzaroarekin lotzen dituzte Amurizak eta Amenabarrek txotxongiloak. Amenabarren amak, esate baterako, txotxongilo bat zeukan gaztetan. Amurizaren kasuan, eskola garaiarekin lotzen ditu gehiago. “Marrazki bizidunekin bezala gero ikusteko ohitura galtzen da. Gainera, liburu ilustratuen kasuan ere haurrentzat izango balira bezala ikusten ditugu”, esan du Amurizak.
Bat egin du horrekin Amenabarrek, eta nabarmendu du zailena dela publiko zabal batentzat sorturiko literaturaren alde borroka-tzea: “Etxean liburu ilustratu pila bat genituen, eta, agian, ez genuen dena ulertzen, baina detaileekin geratzen ginen”.
Testuari dagokionez, zailtasun “gehiago” daudela dio Amurizak, gramatikan, hiztegian, sintaxian eta bestelako gauzetan arreta berezia jarri behar delako. Hala ere, ez dute horrenbeste hortik jo: “Ez da horrenbeste ulermen kontua, baizik eta eramaten uztean eta jolasean sartzean. Ikuskizunetara haurrak helduekin doaz, orduan liburua elkarrekin, jolasean eta ahots goraz egiteko ekintza bat izatea nahi genuen”.