Kulturaren bidez sexu aniztasuna “ahalik eta gehien” zabaltzea du helburu nagusi Zinegoak jaialdiak. Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia ekainaren 24tik uztailaren 1era izanen da. Berrogeita hamar jarduera baino gehiago antolatu dituzte Bilboko zenbait espaziotan; ikus-entzunezko proiekzioak, solasaldiak eta jardunaldi profesionalak eginen dituzte. besteak beste.

Horrez gain, Euskal Herriko 53 herritan izan dira: “Beti gonbidatzen dugu jendea etor-tzera, istorio interesgarriak egonen direlako eta errealitate ezberdinetatik asko ikasiko dutelako”, esan du Zinegoakeko Julen Nafarratek. Aurten etorkizunari begira ari dira.

Gai ugari landuko dituzte jaialdian: sexu-grinaren areagotzea eta polimaitasuna; LGTBfobiaren kontrako salaketa eta ahalduntzea; asilo politikoa lortzeko prozesuetan egiten diren galdeketak eta beste. Horien adibide dira hurrenez hurren: Vera y el placer de los otros (Vera eta besteen plazera); Mavi Kimlik eta The Hearing (Entzutea) filmetan lantzen diren gaiak.

“Ahalik eta errealitate gehien islatzen saiatzen gara”, nabarmendu du Nafarratek. Film luzeen sail ofizialean lehiatuko diren pelikuletako batzuk dira, baina guztira hamabost izanen dira. Nazioarteko filmak dira: hala nola, Nigerian, Txinan, Mexikon, Alemanian eta Grezian ekoitzitakoak.

Etorkizunari begira Film laburrei dagokienez, hogeita hamar lan lehiatuko dira sail ofizialean, eta bost ziklo izango dira: Haurtzaroa eta Nerabezaroa, Emakume Zuzendariak, TBIQ+, Queertopiak eta Sexilioa. Azken biak, ziklo berriak dira. TBIQ+ zikloa iaz abiatu zuten; asmoa da, LGTBIAQ+ siglen artean ikusgaitasun “gutxiago” duten identitate eta bizipenei ikusgaitasuna ematea. 

Queertopiak zikloak hartu du indar gehien aurtengo edizioan. Izan ere, “etorkizun bizigarriagoak” posible direla ikusaraztea du helburu aurtengo jaialdiak: “Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo pertsona eta kolektibo ugari ari dira eurek bizi nahi duten moduan sortutako errealitateak imajinatzen eta irudikatzen”.

Hortaz, mezu “ezkorretan” geratu baino, aldarrikatu nahi dute gizarteak ezarritako oztopoengatik “batzuetan zaila” izan arren, kuirtopiak bizileku izateko zirrikituak eta arrakalak sortzen ari direla. 

Bazterkeriaren ondorioz euren herriak utzi behar izaten dituzten pertsona sexu-genero disidenteen istorioak jasoko ditu Sexilioa zikloak. Hala ere, zikloa ez da soilik espazio fisikoetara mugatuko: “Zer edo nor garen onartzen ez dutelako gure kuadrillak, familiak eta inguru afektiboa utzi behar izateaz berba egiten duten lan batzuk ere jaso nahi izan ditugu”.

Sail ofizialetik kanpo Erroak saila ere izanen da. Horren helburua da Euskal Herrian sortutako lanak biltzea: “Beti saiatzen gara ahal dugun neurrian Euskal Herrian sortzen diren lanei ikusgarritasuna ematen, eta euskaraz badira are gehiago”. Euskarazko lan “txukun asko” jasotzen badituzte ere, “ahal den neurrian”, gehiago jaso nahiko lituzkete. Horregatik, euskal zinemagileak sexu-genero disiden-tziei loturiko gaiak sortzera animatu nahi dituzte.

Berezitasunak Nafarrateren arabera jaialdiak zenbait berezitasun ditu; horien artean, gazteez osaturiko epaimahaiaz gain, 65 urtetik gorako pertsonez osaturiko epaimahaia egonen dela nabarmendu du. Xedea da pertsona nagusiak ere kontuan hartzea eta ikusgarritasuna ematea, gizartean orokorren “oso baztertuta” daudelako eta “ikusezinak” direlako: “LGTBIQ+ kontuetan estereotipo bat dago, eta ematen du izan behar garela gazteak, mutilak, eta gehienetan, estetika konkretu batekin. Badirudi 65 urtetik gorako pertsonak ez direla existitzen”.

Ikus-entzunezko proiekzioaz gain, jarduera andana antolatu dituzte ZG PRO jardunaldi profesionaletarako; horien artean, jaiak ikuspegi “kritikotik” aztertuko dituzte Plazeratu.klub kolektiboaren eskutik. Zaintza ardatz izanik, Plazeratuk jaiez gozatzeko praktika kolektiboak sustatzea eta gune seguruak sortzea du helburu. “Orain arte landu ez dugun gai bat da, eta erakutsi nahi dugu dantza egitea askatzeko modu bat izan daitekeela”, azaldu du. Hortaz, jai espazio moten inguruan teorizatu eta praktikara eramango dute: “Zer-nolako jaia planteatzen duten praktikan jartzeko aukera izanen dugu Biran”.