Zer dago ondo eta zer gaizki? Zer ezaugarrik definitzen dute arkitektura on bat? Eta txar bat? Zer da norma eta normala arkitekturan? Zerk berma-tzen du arkitektura on bat egitea? Zergatik ez ditugu ezagutzen arkitektura on eta duinen egiletzak?
Zergatik dakigu Donostiako Kursaala Rafael Moneok egin zuela? Zergatik dakigu Bilboko Guggenheim museoaren arkitektoa Frank Gehry dela? Nork eraiki du Enekoitzen etxea? Nor da Roberto Ercilla?
Oharkabean pasa ezin daitezkenen artean sailkatu behar dira berriki hil den arkitekto honen eraikinak. Gutxinaka ezagutu ditut bere obrak, arkitektura eskolan ikasiz, oharkabean deskubrituz, T bisitatuz Gasteizen edo, azkenaldian, A-rekin patataren kapitaletik paseatuz.
Haren eraikinen zerrenda irakurriz ohartu naiz gehienak ezagutzen nituela; harenak zirela, aldiz, ez nekien. Nahiz eta tipologia eta eskala ezberdinetako esku-hartzeak izan, denek dute ezaugarri bat komunean: kalitatezko arkitekturak direla.
Roberto Ercillak (Gasteiz, 1950-2024) arkitektura onaren defentsan metatu zituen indar eta nahiak, eta bide horretan benetan lortu zuen bere helburua betetzea. Arkitektoaren lanbidea gutxi baloratzen den munduaren aurrean, eraikin dotore eta finak landu ditu hark: orokorrean, haren arkitekturek hiriak bizigarriagoak izateko asmoa izan dute, eraikin zaharrak eta berriak bikain integratuz, dagoenaren eta modernoaren artean oreka duin bat lortuz.
Arkitekto gasteiztarraren eraikinek euskal arkitekturan eragin zuzena izan dute hasiera-hasieratik. 1976an arkitekto titulua lortu zuen Bartzelonako arkitektura eskolan eta 1978an ireki zuen bere estudioa Gasteizen, Miguel Ángel Campo Díaz arkitektoarekin lanean hastearekin batera.
80ko eta 90eko hamarkadetan arkitekto esanguratsua izan zen euskal arkitekturaren bilakaeran. Urte haietan, euskal arkitektura neoklasizismoan lerrokatuta zegoen eta Ercillak arkitektura modernoa garatzeko erabakia hartu zuen. Lehen harribitxiak azkar agertu ziren.
Horretarako, bere inguruko errealitate fisiko eta kulturalean arreta jarriz elikatu zen. Erakutsi zuen euskal kultura arkitektonikoak, identitatea galdu gabe, korronte berrietatik ikas zezakeela, arkitektura berri bat sortu eta testuinguruarekin armonian egonik.
Horren adibide dira Araban, eta bereziki Gasteizen, dauden eraikinak: Montehermoso kulturenea, Alde Zaharreko arrapalak, Sancho el Sabio Fundazioa, Lakuako etxebizitza sozialak edo Ogasunaren eraikina.
Eraikitzetik harago oinarritu zen, ordea, bere jarduna, eta hainbat aldizkaritan lan egin zuen: El Croquis, Diseño Interior, Arquitectura Viva, Nuevo estilo, Casa Marie Claire eta Casa Vogue.
Normalean, alarderik gabeko arkitektura sinpleak eta kalitatezkoak egin ohi ditu, eraikun-tza onekoak eta xehetasuneraino definituak. Haren lanen oinarria eta bertutea izan da gure egunerokoa hobetzen duten arkitekturak direla.
Askotariko esku-hartzeak egin ditu: etxebizitza blokeak, eraikin kulturalak, eraikin publikoak, ikastetxeak, espazio urbanoak, dendak, tabernak, irisgarritasun-proiektuak, hirigintza plangintzak, hotelak, liburutegiak, etxebizitza familiabakarrak… Super arkitekto bat.
Estudioaren lana eraginkortasunean, sormenean, errealismoan eta koherentzian oinarritu da: alde batetik, eraginkortasunaren bidez, barne-prozesuen kudeaketa optimizatuz, egikaritze-denborak minimizatu dituzte; bestetik, sormena erdigunean jarrita beraien ekintza guztien elementu bereizlea izan da. Errealismoaren bidez proiektuak bideragarriak izan dira eta koherentzia izan du egindako lanen mailak jorratutako ibilbidearekin.
Askorendako oharkabean pasako da Roberto Ercilla; bere erakinak, aldiz, hor geldituko dira denbora batez, eta zorionekoak gu. Bere planteamenduek gauza hobeak ekarri ditu gure gizartera eta baita euskal arkitekturara ere.
Hala ere, horrelako super arkitektoak deseraiki beharrean gaude. Izan ere, hauen atzean, normalean, lantalde, pribilegio, baldintza eta botere ezberdinak ezkutatzen dira.
Horrelako figurak ez dira errealak. Super arkitekto askoren estudioetan, normalean, oharkabean kontratu gabeko langileak pasatzen dira, edo ordaindu gabeko lan ordu luzeak edukitzen dituzte, edo super esplotatutako ikasleez aprobetxatzen dira. Edo baliteke oraindik oharkabean pasatzea horrelako gauzak.