Bere obrak munduko museo garran-tzitsuenetako batzuetan izan ditu ikusgai June Crespo sortzaile nafarrak, baina, hala ere, garrantzia gehiago hartzen dute bere obrek dituzten beharrek. Azkeneko erakusketek espazio berean azken urteetako lanak batzeko aukera eman diote, izaera desberdinak dituzten sormenak elkarren ondoan azalduz. Guggenheim museoan (’Vascular’ erakusketan) eta Tabakaleran (’Larruak eta izurrak’ erakusketan) ditu bere obrak ikusgai. 

Momentu hauetan, Guggenheim museoan eta Tabakaleran ikusgai dituzu zure obrak. Zer sentitzen da horrelako bi lekutan zure lana erakusgai jarrita?

Egia esan, lekuetan baino gehiago, obretan egon naiz zentratuta. Batez ere, fisikoaei edo espazioari sortutako beharretara erantzuten saiatu naiz. Tabakalerako erakusketak desio desberdinak jartzen ditu martxan Guggenheimekoarekin alderatuta. Azken finean, talde erakusketa bat da, eta aurretik egindako lanak batzen dituena, nolabait. 2020an egindako froga batzuen jarraipena da, etta erakusketa honen puntu interesgarriena lan egiteko aukera ematen zidala da. Ez zen guztiz itxitako lan bat, baizik eta erakusketan bertan lanean jarraitzeko aukera ematen zidana. Guggenheimen, aldiz, azken urteotan egindako lanak batzen ditut. Nolabait, lan gorputz baten bukaeratzat dut. Beste prozesu baten fase bat da, bukaerara eramaten dudana. Kasu honetan, izan nuen erronkarik handiena espazioaren eskala izan zen; alegia, gela edo areto horri lana egokitzea eta lan berria sortzea eskala aldaketa handi batekin. Hormigoiarekin egindako frogetan, adibidez, konturatu nintzen gustukoago nuela moldea edo kofratua bera, hortik ateratzen zena baino. 

Bi erakusketek, orduan, lotura bat agertzen dute obrak egiteko erabili duzun prozesuan?

Nolabait, lotura bat dago erakusketa horien artean. Tabakaleran ditudan CORE saileko lanek eraman ninduten Guggenheimen ditudan hainbat obra burutzera. Bestetik, badago beste tipologia bat horren industriala ez dena, organikoagoak diren forma batzuekin. Lan hauek duela urte batzuk izan nuen desio batetik datoz: nire lan egiteko moduarekin nekatuta nengoen, eta existitzen diren objektuetatik abiatzea eta “urruntze” prozesu bat hastea behar nuen. Denbora luzez, elementu organikoetan, botanikakoetan, adibidez, formak bilatzen ibili nintzen, eskala aldaketa bat bilatuz. Prozesu hau bi modutan egin dut: bata eskaner bidez, hiru dimentsiotan eskala aldatuz digitalki eta berriro inprimatuz, eta moldeen bitartez, forma horiek errepikatu, elkartu edo imanduz, bariazioak eta aldaketak eginez. Oso argi neukan forma desberdinek elkarrekin egon behar zutela eta elkarren artean daukaten tirabira hori landu behar nuela. Nire lana jorratzen da existitzen diren objektuetatik, baina hauek beti izaten dira aitzakia gerora interesatzen zaidana agertu ahal izateko. Ez da horrenbeste irudikapen bat edo zerbaiten itxura hartu behar izatea, baizik eta niri fisikoki nola eragiten didaten. Guggenheimeko erakusketak azken urteetako lanak batzeko aukera eman dit espazio berean, desberdinak diren izaerak elkarren ondoan azalduz. Jatorri desberdinak dituzten sormenak batera izatea metafora moduko bat da niretzat.   

     

Lan bat hasten duzunean ez duzu argi izaten nora heldu nahi duzun eta inspirazioak zuzenduta egiten duzu lan. Noiz konturatzen zara zer bilatzen duzun sormen lanean?

Niretzat prozesu horretan oso garrantzitsua da lan desberdinak aldi berean egitea. Hor ematen diren topaketek, haien elementuen artekoak, egokipen bat sortzen dute nik jakiteko bat egiten dutela. Zatien eta osotasunaren arteko tentsio hori sumatzen dudanean, ezin dudanean ezer gehiago gehitu edo kendu, gida bezala balio dit. Halaber, lan horiek aldi berean egiteak nolabaiteko informazioa ematen dit, non batek konplexutasun handia daukan, eta ondoan daukadan beste bat ziurrenik sinpleagoa izango den. Frogatzen ditudan gauzek proba-akats konbinazio bat izaten dute, frogak eginez, zeozer aurkitu arte. Lanak bakarrik ez du hori egiten, nik joan behar dut mugitzen, prozesuaren oso barnean egon eta baita distantziak hartu ere. Askotan, egunak ematen ditut lana ikusi gabe, berriro ere bere aurrean nagoenean argi ikusteko zer ez dudan behar, edo zer kendu behar dudan. Nolabaiteko dantza antzeko bat da. Obren artean ibili edo mugitzeak ere pista asko ematen dizkit. Erakusketan bertan ere gertatzen da. Niretzat oso garrantzitsua da obren artean ematen den zirkulazioa edo ibilbidea, dena kokatzeko helburuarekin.

 

Irudian, Tabakalerako ‘Larruak eta izurrak’ erakusketan Crespok ‘Core’ lan sailaren baitan bildu dituen zenbait eskultura. Tabakalera

Gaztelerazko ‘Tiene un hacer que mientras hace tiene un modo de hacer’ esaldia zure lanarekin identifikatu izan dute. Hau da, lan prozesuan egiten duzunak emaitza baten beste balio izaten duela. Hau nola helarazten zaio erakusketa bateko ikusleari?

Esaldi hori berez Luigi Pareyson filosofoarena da, baina irakurri nuenean oso argi izan nuen hori egiten saiatzen naizela eta desio bat dela horrela lan egitea. Lan praktikoarekiko dudan posizionamendu bat da; niretzat garrantzitsua da munduan existitzea lortzen duen forma hori berez errespetatzea. Gero hori nola antzeman daitekeen kanpotik ez dakit. Nik ikusten dudana da lan askok badaukatela fakturaren berri ematen dituzten arrasto asko, eta nola egin diren ez dutela ezkutatzen. Egiteko behar izan dituzten pauso tekniko guztien arrastoak begi bistakoak ditut. Agian, ikusleak ez du jakin behar nolakoa den fundizio prozesua, baina nire-tzat interesgarria da ematen den tentsio hori, lanaren kutsu hori nola agertzen den. 

Zure lan askok jendearen hurbiltasuna edo parte hartze garbia izaten dute. ‘CORE’ bilduma, adibidez, horren erakusgarri izan daiteke?

Bai, nire lan guztiek ez dute aukera hori, gorputzarekin harreman bat eraikitzearena, baina Tabakaleran dagoen CORE sailaren parte bat edo Bilboko Arte Ederren museoaren kanpoaldean egindako erakusketa horren erakusgarri izan dira. Abiapuntua 2019an David Bestue artista lagun batek egindako proposamen bati jarraituz izan zen: hiri altzariak egitea, zerbait funtzionala eta erabilgarria uztartuz. Nik kasu horretan, espazio publikoan atseden hartzeko elementu batzuk proposatu nituen. Bartzelonako plaza batean kokatu genituen hainbat lan. Nik nahi nuena etzanda egoteko elementuak eskaintzea zen, hiriaren ez ohiko ikuspuntu bat izateko aukera emanez. Aurretik banenbilen zutabe moduko batzuk lantzen, zirkularrak ziren espazioak zituztenak. Nire beste lan batzuekin alderatuta CORE sailak forma sintetikoagoak ditu eta nahiz eta nik etzanda egoteko aukera eman, ez nuen gehiegi ere bideratu. Nahi nuena zen objektu bat proposatzea, gero bai haurrek edo bai helduek erabilera bat eman ahal izateko. Gerora, kanpoko espaziotik barrura ere eraman dira, Artium museoan, adibidez, sail horren jarraipen bat eginez 2020an. Froga gehiago ere egin ditut forma konplexuagoak bilatuz. Kasu horretan, kofratuan hodiak elkar gurutzatzen hasi nintzen eta horrek ardatz desberdinak ematen zizkidan lantzeko. Ederra izan zen lanak ipini genituen egunean hainbat haur segituen etorri eta haiekin nola jolastu asmatzera gerturatu izana. Gerora, froga desberdinak egin ditut pieza berriak kalean utziz, ikertuz jendeak nola erabiltzen dituen. Lagunekin ere froga horiek egin ditut, gorputzak hormigoiarekin bat egiten dutenean, obra horiek osatzen direlako. 

Elkarrizketak erabilgarriak omen dituzu, zure lana aztertzeko modu bat ere izaten delako honen inguruko galderak erantzunez. Zure lankideekin egiten duzu, baina kazetariok galde-tzen dugunean ere balio dute?

 Lankideen artean, metodologia erakusten dugunean, batzuetan elkarrizketa formatua erabiltzen dugu, azaltzen ez dakizuna lehen aldiz aipatu ahal izateko. Kazetariekin izaten diren elkarrizketetan, azken finean, dakizuna errepikatzen duzu. Lankideen artean egindakoak beste patxada bat izaten dute, ez argitaratzeko helburuarekin, baizik eta guregandik zerbait ezagutu ahal izateko. Metodologia gisa elkarrizketa erabiltzea gauza bat da eta beste bat medio batean argitaratuko den zerbait egitea, ezagutzen ez duzun pertsona batekin, gainera. Uste dut testuinguru desberdinak direla, baina tesia egitear nago eta metodologia garrantzitsuenetako bat elkarrizketa edo hizketaldiak dira, beste eskulturagile batzuekin. Interesgarria egiten zait norbait aurrez aurre izatea eta galderak egitea; horrez gain, elkarren arteko interesak partekatzeko balio izaten du.