Hor Konpon eta Malenkonia taldeen parte izan ziren musikariek osatzen dute Mila Modu musika taldea. Xabier Yanizek abiatu zuen proiektua 2020.urtean, eta ordutik, hiru disko kaleratu dituzte oñatiarrek: Absurdoaren Paradisua (2020), Intra (2022) eta Kenopsia (2023). Oraingoan, erregistro berriekin datoz, Miren Fernandezen teklatu eta sintetizadore doinuekin bestelako soinuak jorratu baitituzte. Kenopsia da normalean jendez beteta egoten den baina une jakin batean hutsik dagoen leku batean sortzen den emozio berezia, eta Yanizek dio sentipen hori ardatz hartuta ondu dutela beraien lan berria. 

Zertan desberdintzen da ‘Kenopsia’ aurreko lanetatik? Erregistro desberdinak hauteman daitezke oraingoan. 

Ez da horrenbeste denbora pasatu Intra gure bigarren diskoa kaleratu genuenetik, baina oraingoan aldaketa nabarmenak daudela esango nuke, batez ere produkzioari dagokionez. Izan ere, instrumentuen artean lekua utzi diegu sintetizadoreei, pianoei eta organoei. Horiekin soinu berriak landu ditugu. Gure estilotik mugitu gara apur bat, eta erantzuna positiboa izan da. 

Zergatik erabaki duzue pauso hori ematea?

Beste dimentsio batera eramaten zaituztetelako soinu horiek. Soinuari dagokionez, beste perspektiba bat eskaintzen dute. Organoarekin 70eko soinuak gogorarazi ditugu, eta sintetizadorearekin, aldiz, soinu garaikideagoak lortu ditugu. Normalean, letrekin edo hitzekin emozioak bilatzen ahalegintzen garen arren, soinu berri horiek emozioetan sakontzeko gaitasuna eskaintzen dute, beste instrumentu batzuekin alderatuz, behintzat. 

Soinu berriak jorratzeak lanketa berriak dakartza. 

Orain arte gure erregistroak beti izan dira gitarra elektrikoarenak edo akustikoarenak. Beste diskoetan, akaso, produkzioa handiagoa izan da, instrumentruak gehiago batu izan ditugulako. Izan ere, taldean bi gitarra jole gauden arren, aurreko diskoetako zenbait kantutan lau gitarra entzun zitezkeen aldi berean. Gitarren batura horietan hutsuneak eraiki eta lekua eman diegu beste soinu berriei oraingoan. Horiei protagonismoa ematea bilatu dugu, behar den neurrian, eta oso pozik geratu gara egindakoarekin. Hala ere, oinarria rock melodikoa da, baina interpretatzeko moduan beste zabaltasun bat eman diogu lanari. 

Soinu berriak lantzeaz gain, zazpi kantutan horren ezaguna ez den kontzeptua jorratzea erabaki duzue: ‘kenopsia’. Zergatik?

Kenopsia kontzeptua emozio bat da, normalean beteta egoten den leku bat bat-batean hutsik ikusterakoan sortzen dena. Hori, modu metaforikoan, gure bizitzetan islatuta ikusi dugu. Izan ere, asko dira bizi ditugun momentu edo une iheskorrak, bat-batean igarotzen direnak. Disko bakoitzean horrelako kontzeptu bat hartu izan dugu oinarritzat, eta oraingoan uste dugu bizitzarekiko dugun pertzepzio hori laburbiltzen duela ezezaguna den hitz horrek. Egia da, baina, diskoaren ardatza hori izan arren, diskoa tren geltoki ezberdinetan kokatu dugula. Usain erromantikoa dute geltokiek, bizitza eta amets asko batzen direlako horietan, baita amets galdu asko ere. Bizipenen eztanda egoten da, eta horietan kokatu dugu lana. Diskoan, gainera, pertsonek uzten dituzten hutsuneez ere ari gara. Hutsune horiek bat-batean heltzen direnean konturatzen gara joandako lagunak ez ditugula aprobetxatu. Bizitzak beti ematen dizkigu aukerak, baina askotan ez gara horietaz konturatzen galtzen ditugun arte. 

Lanaren sortze prozesua zelakoa izan da? 

Lehenengo bi diskoen sortze prozesua nahiko pertsonala izan zen nire kasuan, nik etxean dena grabatzen nuelako eta gero taldean grabatutako hori moldatzen genuelako, baina oraingoan, dena da lokalean sortutakoa. Gainera, Robertok ere bi kantu ekarri ditu. Kenopsia denon artean egindako lana da, zerbait desberdina besteekin alderatuz. 

Taldearen erreferenteak zeintzuk dira?

Bakoitzak bereak ditu, eta hori da politena. Miren gurekin hasi da, eta berak entzuten duen musikak ez du zerikusirik gurearekin. Iturri ezberdinak ditugu, denetarik dago. Gustatu egiten zaizkigu sintetizadoreak erabiltzen dituzten taldeak, Leon Benavente esaterako. Oinarria, hala ere, 90eko hamarkada da: Pearl Jam, Red hot chili peppers... Hori mantentzen da, baina musika berriarekin osatu dugu lana. Koloretsuagoa da, sintetizadoreak erabiltzeak hori dakarrelako. Gitarrekin edo ahotsekin, kolore asko sor daitezke, baina sintetizadoreek eskaintzen dituzten koloreek beste leku batera eramaten dituzte kantuak. 

Orain, kontzertuak ematea da xedea?

Orain gure zuzenekoa lantzen ari gara, eta hasi gara zenbait kontzertu lortzen. Poliki-poliki martxa har-tzea da helburua. Momentu polita daukagu aurrean, gogotsu gaude, eta ikasteko prest. Gu baino gazteagoak direnetatik ikasten ari gara, ze musikari oso onak daude, oso gauza politak eta onak egiten dituztenak, eta hori oso aberasgarria da.

Taldekideak

- Xabier Yaniz (Ahotsa)

- Oskar Arlantzon (Bateria)

- Andoni Campos (Baxua)

- Rober Ferreiro (Gitarra)

- Miren Fernandez (Teklatua)