Enkarni Genua (Donostia, 1942) antzerki-sortzailea, idazlea eta kultura-dibulgatzaileak jaso du Manuel Lekuona saria 2022, euskal kultura zabaltzen egindako lanaren aitorpen gisa. Lehen aldia da Eusko Ikaskuntzak sormenaren esparrua saritzen duena, eta oraingoan, Genuaren ekarpena balioan jarrita egin du. Sormena izan du tresna donostiarrak, eta, horretarako, umorea, txotxongiloak, antzerkia eta ipuinak izan ditu bidelagun, bere senar eta taldekide Manolo Gomezekin batera. Bien artean, herritar askoren memorietan iltzatuta geratu diren istorioak eta ipuinak sortu dituzte.
Enkarni Genua, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria 2022. Hitz eta sari potoloa batentzat.
Eusko Ikaskuntzatik deitu zidatenean saria emango zidatela esateko, barrez hasi nintzen, harrituta bainengoen. Nire bizitzan sari asko jaso izan ditut: Victoria Eugenia Saria, Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina, Umeentzako Antzerki Testuen lehiaketako Saria … Baina ez nuen inondik inora ere espero Manuel Lekuona saria jasotzea; izan ere, sari hori intelektualentzako zela uste nuen; alegia, beste maila bateko pertsonentzat. Baina gero, sari hori egindako ibilbideagatik ematen dutela ohartu nintzen, eta Manolo nire senarrak, eta biok, 52 urte daramatzagu honetan; beraz, badira urteak. Bada esaldi zahar bat zeinek honakoa esaten duen: “Inor ez da profeta bere herrian”. Baina ni banaiz. Oso pozik nago sari hori jaso izanaz; batez ere, kalean egiten dugun lanaren aitorpena delako.
Eusko Ikaskuntzak inoiz saritu gabeko esparrua da txotxongiloena. Oihartzun handiagoa izaten lagunduko al du?
Saria jasotzeko ekitaldian aipatu nuen bezala, ni ez naiz Euskal Herriko txotxongilolari bakarra, baina, beharbada, horietako askok ez dute nik haina aukera izan. Nik, esaterako, ez dakit zein arrazoiengatik, baina antzoki garrantzitsu askotan lan egiteko aukera izan dut; besteak beste, Donostiako Victoria Eugenian, Gasteizko Printzipal antzokian, Bilboko Euskalduna jauregian… Leku txiki zein handietan lan eginda, eta bai gainontzeko txotxongilolariek eta nik, guztiek, euskal kultura herri guztietara eramatea ahalbidetu dugu. Manolo eta biok lan honetan hasi ginenean beste inork ez zuen gurea bezalako lanik egiten; gero hasi ziren batzuk txotxongilolari bezala, baina gazteleraz. Gaur egun, aldiz, txotxongilolariek euskaraz egiten dute. Herri txiki horietara ez da joango Bob Dylan edo Cirque du Soleil; alde batetik, dirurik ez dagoelako, eta, bestetik, lekurik ez dagoelako. Gu eskoletara ere joaten gara, eta horietan ez dira sartzen ikuskizun handi horiek.
“Oso pozik nago sari hori jaso izanaz; batez ere, kalean egiten dugun lanaren aitorpena delako”
Zuen eskaintza zer zen herri txiki horietako umeentzat?
Herri txiki batera joaten ginenean, lehendabiziko aldia izaten zen herri horretan umeentzako zerbait egiten zena; lehenengo ikuskizuna zen, eta, beraz, oso garrantzitsua. Gaur egun egoera bestelakoa da, gauzak aldatu egin dira; gurasoak arduratu egiten dira, kotxea daukate eta alde batera eta bestera mugitzen dira; baina lehen, igandea heltzen zen eta frontoia zen ume horientzako aukera bakarra. Niregatik ez da hau guztia goitik behera aldatu, baina, behintzat, erein egiten dugu.
Nolatan hasi zinen txotxongilolari lanetan?
Manolo eta biok betidanik oso antzerki zaleak izan gara. Nik Manolo oholtza gainean ezagutu nuen, atera kontuak! Beti egin izan dugu antzerkia; gazteleraz egiten genuen orduan, ez genekielako hitzik ere euskaraz. Baina alaba iritsi zen, eta berau eskolaratzeko garaia ere. Eta ikastolara eramatea erabaki genuen. Nire aitona euskaldun peto-petoa zen, baina nik ez nuen ezagutu, eta gero gerra etorri zen; nire etxean posible zen euskaraz hitz egitea, baina ez zen hala izan, eta eskolan ere ez genuen egiten, ezta lagun artean ere. Ikastolan matrikulatzeko erabakia hartu, eta pentsatu genuen: “Haurra ikastolara joango da, eta abesti bat kantatzen etorriko da, edo irakurriko du zerbait euskaraz, eta guk, gurasook, bere arduradun bezala, zerbait ikasi behar dugu, ezin dugulako alaba ikastolara bidali eta guk hitzik ere ez jakin”. Beraz, hala hasi ginen euskaraz ikasten. Eta hortik gutxira, ohartu ginen euskara ez zela soilik gure haurrarekin komunikatzeko hizkuntza, baizik eta gure hizkuntza zela. Halako batean, ikastolan, jaialdi bat antolatu behar zuten…
Eta horrekin batera zuen lehen ikuskizuna iritsi zen…
Manolo eta biok andereñoari esan genion umeentzako zerbait egin genezakeela euskaraz, nola gu antzerki zaleak ginen… Jakintza ikastolako neska-mutilentzat zen ikuskizun hura, baina bertan zeuden beste auzoko andereñoak eta. Momentu hartan bertan, gure ikuskizunaren berria zabaltzen hasi ziren. Txotxongilo ikuskizuna soilik egunean bertan egitea zen gure asmoa, baina egun hartakoa ikusita, deika hasi zitzaizkigun, beste toki batzuetan ere egiteko eskatuz. Eta ordutik, 52 urte igaro dira, eta gelditu gabe ibili gara batera eta bestera. Hasieran ez genuen inolako propagandarik egiten, ez egunkarietarako elkarrizketarik ez ezer; ahoz aho zabaltzen joan zen gure lana. Hasieran zer kobratu ere ez genekien; “Ezer ez!”, esaten genuen. Kotxerik ere ez geneukan guk, eta lagun baten kotxean joaten ginen gu biok, txotxongiloak eta gure hiru seme-alabak Euskal Herrian barrena.
Egun bateko ikuskizuna izatetik, Txotxongilo Taldea sortzeraino. Zein helbururekin sortu zenuten taldea Manolo eta zuk?
Ikastolan egindako ikuskizunaren egunean bertan jaio zen Txotxongilo Taldea, izan ere, hurrengo egunean izen bat jarri behar izan genion, nolabait deitzea beharrezkoa zen. Garai hartan ikastolak jaioberriak ziren eta oso material gutxi zeukaten, eta antzerkirik bat ere ez. Pailazoak, esaterako, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon, hurrengo urtean sortu zituzten. Gu konturatu ginen gure herriko hizkuntza euskara zela, eta ekarpen garrantzitsua egin genezakeela. Eta hori izan zen gure helburua, ez dirua irabaztea. Nik, paraleloan, ikasi egiten nuen. Nire eskola erdibituta zegoen; batetik, pobreak zeuden, eta, bestetik, aberatsak. Ni pobrea nintzen, eta pobreek ez genuen Batxilergoa ikasten. Baina nire ilusio galdua zen irakaslea izatea; horretarako, ezkondu eta gero, umeak eduki bitartean, Batxilergoa ikasten hasi nintzen, eta gero Filosofia eta Letras ikasketak ikasi nituen Deustuan. Eta halako batean, Tolosa agertu zen gure bizitzan. Tolosako Ekinbide Etxean umeentzako zerbait egiteko asmoa zuten; beraz, txotxongiloak eramatea pentsatu zuten, eta horretarako, gurekin hitz egin zuten. Laguntza eskatu ziguten, eta hala egin genuen, beste hainbatekin batera, martxan jarri genuen Tolosako Txotxongilo jaialdia. Horrez gain, hor dago TOPICere, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa, gure ahaleginarekin martxan jarri genuena.
Duela 50 urte, txotxongiloek euskaraz hitz egitea oztopo izan al zen?
Hasieran ez zen batere erraza izan. Ni Erriberara joaten nintzenean, Cascantera, Castejonera, Ablitasera, Garraldara… Esaten zidaten: “¿En vasco vais a hacer?” Eta nik baietz erantzuten nien. Eta esaten zidaten orduan: “Bada, haurrek ez dute ulertuko”. Baina nik baietz, ulertuko zutela. Garraldan, esaterako, Pirinio aldean, inork ez zekien euskaraz, eta orain Garralda oso euskalduna da. Nigatik? Ez, baina nik egin dut nire ekarpen txiki bat.
“Hasieran ez zen erraza izan. Erriberara joaten nintzenean, esaten zidaten: ‘¿En vasco vais a hacer?’ eta nik baietz”
Gaur egungo haurrek badute denborarik eta interesik txotxongiloetarako?
Gaur egungo umeei haurtzaroa denon artean murriztu diegu. Lehen, guregana etortzen ziren 10-12 urteko umeak. Orain, jada adin horretakoak ez dira umeak, beste bide bat hartzera bideratu ditugu. Egungo haurrek, gainera, ez daukate denborarik ere jolasteko. Eta hori nire ustez oso larria da. Musika ez bada, judoko entrenamenduak dira, edo txistua jotzen ikasteko klaseak, edo balletekoak… Eskolan lan egiten dute, baina, eskolaz kanpo beste hainbat ekintza dituzte, beraien gurasoek ez daukatelako denborarik umeekin jolasteko. Eta, gainera, makinak iritsi dira, eta lau urteko umeek ere jolasten dute. Beste garai batean sartzen ari gara.
Zer dira txotxongiloak zuretzat, Enkarni?
Nik maite ditut txotxongiloak, beraiek gabe ni ez nintzateke txotxongilolaria izango. Batzuetan galdetzen didate: “Seme edo alaba bat bezala maite dituzu?”. Beno, ba hori galdetzen duenak ez daki zer den seme-alaba bat edukitzea. Maite dut nire lana, egindako lan denak, eta egiten ditudan lan eta ipuinak maitasun osoarekin egiten ditut. Ez banu nire lana maiteko, egiteari utziko nioke.
52 urte eta zenbat gehiago? Noiz arte bide horretan?
Ba egia esan, ez dakit; lan hau gogorra da, ez pentsa. Gaur bertan [elkarrizketa egunean], adibidez, Gernikan (Bizkaian) egon naiz, bost urteko 80 umerentzat ikuskizuna eskaintzen. Emanaldiak ordubetetxo irauten du, eta arreta hori mantentzeak ez du eskatzen soilik lan intelektuala, baizik eta lan handiagoa. Eta horretarako, osasuna ezinbestekoa da. Guk osasuna oraingoz badaukagu eta jendeak jarraitzen du deitzen; beraz, nik, behintzat, ez dut epe mugarik jarriko. Iritsiko da egun bat zeinetan honetan jarraitzea ezinezkoa izango den, eta, orduan, ezin badut, ez dut egingo.