"Teloia igotzen den momentutik sorpresaz beteriko bidaia bat da publikoarentzat". Jon Lopez eta Martxel Rodriguez dantza bikoteak oholtzara igo eta beren gorputzekin, eszenografiarekin eta atrezzoarekin pertsonaia desberdinak irudikatzen dituzte 'Los Perros' dantza erakustaldian, denboran zehar bidaiatzen duen ibilbide bat eginez. Laztanak, biolentzia, laguntasuna, maitasuna zein gorrotoa lantzen dira besteak beste 50 minutuko iraupena duen emanaldian.

Txakurrek beraien jabearekiko laguntasun eta maitasun itsua dute, oso animalia leiala da eta pertsonei laguntza asko ematen die baina aldi berean zaunka egiteko kontra egiteko ahalmena dute. Ideia horiek aintzat hartuz Led Silhouette konpainiako kideek ikusi zuten txakurra animalia egokia zela piezaren izenburuarentzat eta baita beraien presentzia pixka bat gorputzarekin irudikatzeko. Elkarlanean errealitatea aldatzeko nahia eta desioa zituzten, ideia denak bere gorputzekin adierazi nahi zituzten, irudiekin batera plazaratu, testuen laguntzarekin eta gainontzeko elementuekin.

Rodriguezek azaldu duenez, pieza sortzerakoan txakurren izaera begi bistako edo figuratiboena albo batera utzi da eta halaber, emanaldia ez da gai konkretu baten inguruan ardazten, ez dago historia lineal konkretu bat. Alta, dioenez, ia edonork konektatzen dituen bizipenak dira protagonista. "Gai oso irekiak eta esaldi indartsuak ageri dira, humanitatearekin eta bizi dugun horrekin konektatzen gaituena", adierazi du. Era berean, aitortu du jendea bere lekutik deskolokatzea ere bazutela helburu: horren erakusle piezaren izenburua.

Hiru bloketan bereizi dute pieza, hiru belaunaldi ezberdin edota bizitzaren hiru fase irudikatuz. Estetikoki indar handia du sortzaileen esanetan. Saloi zahar bateko lurra izan zitekeen 5x5eko lur batean gertatzen dira sekuentzia guztiak. Sabaia igo eta jaitsi egiten da emanaldian zehar. Oro har, pieza minimalista dela azaldu du Rodriguezek. "Ikusi dutenek lan plastikoa dela diote,eta plastikotasun horretan galtzea dela agian piezaren alderdi indartsuena". Halaber, oholtza gainean bi pertsona ageri badira ere atzetik lan talde handia dago pieza aberastu eta unibertsoa sortzen. "Dantza bakarrik ere bada interesgarria eta badu ikerketa handi bat atzetik, lan handia, entsegu asko baina gainontzeko elementu denak batzerakoan pieza beste maila batera eramaten du". Argia, soinua edota off ahotsen entzuten den testuak osatzen dute dantza pieza.

PASIOZ BETEA

Ideia eta zuzendaritza artistikoaz Markos Morau koreografoak arduratu da. La Veronal konpainia zuzentzen du 2005az geroztik Morauk. Hain zuzen, bi dantzarien eta koreografoaren harremanetik sortutako pieza da 'Los Perros', hiruek eta parte diren sortzaile belaunaldiak elkarbanatzen dituzten ideia, desio eta arduretatik. "Ideiaren inguruan hitz egiten genuenean Markosek esaten zigun irudikatzen gintuela bi txakurren gisara, elkarrekin jolasten, elkarrekin dantzan eta aldi berean mundu zail honetan pasioz eta gogoz bizitzeko borrokan. Irudi horrek hunkitzen gintuen eta hortik jarraitu genuen", azaldu du Rodriguezek. Hala ere azpimarratu du pieza batek nahiz eta titulu, estetika eta aldagai konkretu batzuk izan azkenean pieza hori zer den publikoak zehazten duela.

Dantza garaikidearen barnean, baina batez ere pasiozko dantza gisa deskribatu du 'Los Perros' pieza Rodriguezek, batik bat sentimenduetan oinarritu direlako. Inprobisaziotik abiatutakoak dira ia eszena denak baina azken emaitzan mugimenduak sinkronizatuak daude musikarekin. "Koreografia osoa mugimendu formal batetik planteatu da, pauta konkretu batzuekin eta espazioa, gorputza, denborak eta artikulazioak lantzeko Markosek duen Coba deituriko metodologia erabili dugu", gaineratu du. Hala ere, Rodriguezek azpimarratu duenez lan honetan buelta bat gehiago eman diote sorkuntzari eta zerbait "pasiozkoagoa eta emozionalagoa" egitera ailegatu dira, nagusiki testuinguruak ahalbidetzen zuelako bai dramaturgiagatik, bikotearen harreman horrek suposatzen duenagatik eta gaiagatik ere.

BALIO ERANTSIA

Kanpotik etorritako koreografo batekin elkarlanean egindako lehen lana izan da konpainia nafarrarentzat eta lehenengo aldi honetan erreferente "handi" batekin lan egin dutela adierazi du Rodriguezek. "Orain arteko eszenografia handieneko pieza da, hala, pixkanaka beste maila batean dauden produkzioetara hurbiltzeko pausua izan da". Halaber, halako proiektu bat aurrera ateratzera animatzeak erronka handi bat izateaz gain beren buruengan konfiantza handiagoa izateko balio izan die. "Hauspotzea eta ahalduntzea izan da zentzu guztietan". Urtebete pasa iraun duen sorkuntza prozesua oso aberasgarria izan dela azpimarratu du.

Horrez gain, Europa mailan dantza garaikidearen alorrean ezaguna den koreografo batekin lan egiteak Led Silhouette konpainiako kideei erakutsi die nola konpainia handiek hasten daudenean beren zailtasun antzekoak dituztela. "Ohartzen gara zein zaila den errealitate hau aldatzea oholtzatik, lan honetan jarraitzea profesionalki baina aldi berean zein betegarria den eta ilusio horrek noraino garamatzan".