Eszenatoki batetik bestera dabil Telmo Irureta aktorea, Aitziber Garmendiarekin batera, 'Sexberdinak' antzezlana han eta hemen eskaintzen. Hamaika lanetan ikusi izan du ikus-entzuleak Irureta; bai agertokietan, zein pantaila txikian. Udazkenean estreinatuko den film batean ere parte hartu du, eta bere pelikula bat egiteko asmoa ere baduela aitortu du. Umorea beti bidelagun, oraindik ere asko du erakusteko Zumaiakoak.
Aurkezpen gutxi behar du Telmo Iruretak, baina barrutik begiratuta€ Nor da Telmo Irureta?
Telmo Irureta Zumaiako mutil bat da, 33 urte ditu eta aktorea da. Garuneko paralisi bat dauka, txikitan izendako entzefalitis baten ondorioz. Irakaskuntza ikasketak egin ditu, baina ikusi du interpretazio mundua gehiago interesatzen zaiola, edo hobeto pasatzen duela hori egiten.
Magisteritza ikasi zenuen eta baita Pedagogia ere, baina, ondoren, Arte eszenikoko ikasketak egin zenituen. Azken horri lotuta egiten duzu lan gaur egun.
Hala da bai. Gehiago gozatzen dut. Askotan irakasle zarenean ikasleek ez dizute kasu handirik egiten, erdi derrigortuta daudelako bertaratzen, eta, beharbada, ez daudelako oso gustura klasera joanez. Antzerkia ikustera doana, ostera, antzezlana ikusi nahi duelako joaten da; zu ikusteko sarrera ordaintzen du. Bestelako motibazio batekin ikusten ditut ikusleak, eta gehiago motibatzen nau horrek. Egia da ikastetxeetan badagoela gehiago motibatzen denik, eta badela baita ere antzokian lo hartzen duenik. Bestalde, uste dut badela bi kasuen arteko antzekotasunik ere; ikasleek irakasleengandik ikasten dute eta alderantziz ere gertatzen da, irakasleek ikasleengandik ikasten dutela. Eta antzerkian ere gauza bera gertatzen da: publikoarengandik ere asko jasotzen dugu aktoreok.
Zer da jasotzen duzuna? Zer ematen dizu zuri publikoak?
Motibazioa, energia eta baita feedbacka ere. Antzezten ari zaren momentuan jasotzen duzun feedbackaren arabera, ikusten duzu jasotzen ari direla ematen zabiltzan hori, eragin duzula beraien pentsatzeko eran edo emozioetan, komunikatu eta informatu duzula. Beharbada, aretotik ateratzean ahaztu egingo zaie ikusi dutena, baina momentu hori berezia izaten da.
Interpretazioaren mundua ezagutu zenuenetik lan ugari egin duzu.
Modu profesionalean 2015ean hasi nintzen; antzerki eskolako ikasketak bukatu eta Alex Tellok 'Jendartean bidaide' antzezlanerako hautatu ninduen. Oso gustura ibili ginen eta oso polita izan zen. Hala ere, txikitan, etxekoekin, familia eta lagunekin, film labur bat grabatu genuen. Lehendik ere irudimen asko neukan, baina behin izebak esan zidan: zuk pentsatu istorio bat eta grabatu egingo dugu. Eta horrek honekin jarraitzeko bultzada bat eman zidan. 8 edo 10 bat urte nituen orduan.
Eta, geroztik, lan eta lan.
Lan eta lan ibili naiz baina egia da etenaldiak ere izan direla. Lan mundu hau pixka bat konplikatua da; aktore asko gaude baina lana ez dago hainbeste. Polita da ere bai lanik ez dagoenean norberak sortzea zerbait, telefonoaren zain geratu beharrean. Lehenengo ikusi egin behar zaituzte, ikusten ez bazaituzte nola deituko zaituzte? Mugitu egin behar zara, bestela existitzen zarenik ere ez dute jakingo. Nik uste, gainera, nire egoera fisikoagatik, are zailagoa dela. Beharbada, istorio asko idatzita daude, baina idatzi dutenek ez dute irudikatu pertsonaia ni izan naitekeenik, alegia, gurpildun aulkian dagoen norbait izan daitekeenik. Baina, agian, bai. Nik esango nieke: Agian bai, agian, irudikatzen duten pertsonaia hori aulki baten dago.
Sexuari lotuta lan egiten duzu askotan. Zeinek du garrantzia handiagoa zuretzat, sexuak berak ala besteei jakinarazteak aniztasun funtzionala duten pertsonek sexuaz gozatu dezaketela?
Biak dira gauza inportanteak. Garrantzitsuagoa da nire ustez sexua bizitzea, eta ondoren besteei ikusaraztea, besteak jakinarazita errazagoa delako hori lortzea. Gizarteak ez bazaitu ikusten aukera horiekin, kanpoan geratzen zara. Hori aldatzeko eta gure sexualitatea gainontzekoak bezala bizi ahal izateko, uste dut buruak zabaldu behar ditugula. Esango nuke bi gauzak lotuta doazela.
Zure lanbidean umorerik ez da inoiz falta. Garrantzitsua al da zuretzat?
Bai, oso garrantzitsua da. Gai asko umorearekin askoz errazago lantzen dira, eta publikoa ere errazago harrapatzen duzu. Gai oso serio bat baldin bada ere, beharbada, gehiago harritzen du jendea umorea sartuz gero. Dibertigarriagoa izan daiteke, baina min handiagoa ere ematen du kontatzeak. Zerbait hain iluna denean, eta zu barrez lehertzen zarenean€ Ostikada bat bezalakoa da hori. Niri izugarri gustatzen zait gai ilun eta gogor bat goxotasunetik kontatzea.
Lanetik kanpo ere, beti irribarretsu ikusten zaitugu. Lanean bezain inportantea al da zure bizitzan umorea?
Ez dut nire bizia umorerik gabe imajinatzen. Arazoak guztiok ditugu, baina umorearekin arazo horiek txikitu egiten dira, edo arindu, behintzat. Arazo batzuk ezin dira konpondu, eta horiekin bizitzen ere ikasi behar dugu. Nahi duzu bizi arazoekin, baina ahalik eta hoberen, ala mingostuta? Nik nahiago dut lehen aukera.
'Sexberdinak' antzezlanean Niko da protagonista. Ba al du Nikok Telmotik zerbait?
Niko berez Telmoz blai dago, Niko oso Telmo da. Niretzat lan terapeutikoa izan da; nire gauzak kontatu ditut pertsonaia horren bitartez. Egia da Nikoren gauza guztiak ez direla nireak, baina gehienak bai. Oso Niko sentitzen naiz, eta Niko oso Telmo sentitzen da. Anak ere izango ditu Aitziberren [Garmendia] gauza batzuk. Oso gertuko pertsonaiak sentitzen ditugu.
Zein da 'Sexberdinak' antzezlanaren helburua?
Publikoko jendea beste batzuen lekuan jartzea nahi dugu. Sexuaz gutxi hitz egiten bada, gutxiago hitz egiten da aniztasun funtzionala duten pertsonek duten sexuaz. Uste dut interesa badagoela, baina ez gara ausartzen galdetzera, askotan ezjakintasunean igerian gabiltza. Gainera, askotan, aniztasun funtzionala duten pertsonei buruz hirugarren pertsona batek hitz egiten du. Jendearen buruetan klik bat egitea da lortu nahi duguna, aurreiritziak zapalduz eta eskemak puskatuz. Batzuek ez dute informazioa nahikoa, eta beste batzuek, daukaten informazio gutxia beraien eran eraiki dute, benetakoa ez den ideia dutelako.
Orain arteko ikuskizunetan gurpildun aulkietan eseri duzue publikoa.
Bai, nire pertsonaiarekin enpatia gehiago izateko, nire lekuan jartzeko. Gustua ematen du besteak ere gurpildun aulkietan ikustea, ez naizela hain desberdina dirudi hartara -barre artean kontatzen du-. Antzezlanaren momentu batean publikoari esaten diot: Izorra zaitezte orain! Batzuetan amorrua ematen du ikustea ni gurpildun aulki batean nagoela eta beste asko ez. Baina okerrena ez da ni gurpildun aulkian egotea, baizik eta beste batzuen buruetan horrek eragiten duena, inuzente hutsa naizela pentsatzen du jendeak. Nork bere ideiak ditu buruan, jakin gabe nolakoa eta nor naizen. Gainera, aniztasun funtzionala dugun pertsona guztiak ez gara gure artean berdinak, beraz ez zait gustatzen zaku berean sartzea, nik publikoa zaku berean sartzen ez dudan bezala; gu ez gara bat, gara bakoitza mundu bat.
Aktore ez ezik, zuzendari eta gidoilari bezala ere lan egin duzu. Zeinetan sentitzen zara zu gusturen?
Nire burua beti aktore bezala aurkezten dut. Egia da lan batzuetan nahiago dudala kanpotik ikusi eta zuzendu, baina oraingoz gehiago sentitzen naiz aktore, zuzendari baino. Bakarrizketak egin izan ditut, baina galdetzen didatenean ea bakarrizketaria naizen ez dakit zer esan: agian bai, baina, akaso ez naiz hitz horrekin identifikatzen; kasu horretan, bakarrizketak egiten dituen aktore bat naizela esango nuke. Idatzi ere egiten dut eta ez naiz idazle sentitzen. Hala ere, ni ez banaiz zerbait, nire pertsonaietako bat izan daiteke. Aktorea zarenean, zu izatez gai beste pertsonaia asko ere bazara.
Zer geratzen zaizu egiteko?
Gauza asko falta zaizkit oraindik egiteko. Gertu daukadan proiektu bat, esaterako, bideoklip bat da. Abestia badaukat: Sexmodus. Nik idatzi nuen letra, eta abestu egiten dut, baina musika Iker Laurobak egin dit. Polita geratu da, Sexberdinak ikuskizunean jartzen dugu abesti zatitxo bat. Mezu bera bidaltzen dut: jendeak ez dezala pentsa aniztasun funtzionala dugunok gaitasun gutxiago dugunik sexuan; alegia, guk ere plazera senti eta eman dezakegu. Gauza da bideoklipa egiteko lehen saiakera bat egin nuela, baina oso gaizki atera zitzaidan, eta orain, bigarren saiakera bat egiteko asmoz nago. Ikusiko dugu noiz gauzatzen den, baina buruan hori daukat, eta oso burugogorra naiz€
Bestalde, aspalditik buruan daukadan beste kontu bat nire pelikula bukatzea da. Nire kontura hasi nintzen, guztia egiten. Esan nuen pelikula bat egingo nuela, baina horrek suposatzen zuen jakin gabe, erraza balitz bezala. Ikasi dudana da pelikula bat nola ez den egiten. Nik uste dut ikasiko dudala nola egiten den, baina, momentuz, atsedena hartuko dut, ez dut nahi guztiaren ardura eduki. Orain, adibidez, ideia paregabea iruditzen zait norbaitek film bat egitea eta pertsonaia baten papera niri ematea.