Literaturan aitzindari

'Artiadi' poema liburua kaleratu du Beñat Erezumak GPT-3 teknologiaren bitartez. Bilboko Tracking jaialdian aurkeztuko du apirilaren 25ean, Fermin Etxegoienekin batera

25.04.2022 | 16:35
Argazkian, Beñat Erezuma liburua esku artean duela.

Garai berriak dira, literaturarako ere. Bada garaia teknologiari esker fabriketan, industrian eta beste sektore askotan lan mekanikoak makinak egiten hasi zirela. Egun, lan mekanikoez gain sormen lanak egiteko gai dira makina horiek. Arti(fizial)-adi(men), hau da, adimen artifizialaren bidez sortu da 'Artiadi' liburua, Beñat Erezumaren (Getxo, 1981) eskutik argia ikusi duena. GPT-3 teknologia berriak ahalbidetu du hau. Esan daiteke adimen artifizialaren bidez euskaraz idatzi den lehenengo liburua dela.

Erezumak ingeniaritza ikasi zuen eta teknologiako irakaslea da. Beti dabil adi-adi ateratzen diren berrikuntza eta nobedade guztiei eta teknologia honen berri izan zuenean probatzeko grina piztu zitzaion. 2020an atera zuen OpenAI enpresak GPT-3 hizketa eredua. OpenAI inteligentzia artifizialaren inguruan ikerketa egiten duen enpresa da. Ingeniariak izena eman zuen baina ez zioten probatzeko aukerarik eman. 2021ean, ordea, enpresak programa berri hori mundu guztiarentzako ireki zuen eta orduan bai probatzeko aukera izan zuen.

LITERATUR TEKNOLOGIA

"Teknologia berri honek 175 mila miloi testu desberdinetatik edan du, sarean dauden testuetatik, eta berak bakarrik testu hauek nahasten eta elkartzen hasi da. Kutxa beltz moduko bat da, eskaerak egiten dizkiozu, testuan oinarrituta, parametro ezberdinak eskaintzen dizkiozu eta berak erantzun egiten dizu", azaldu du Erezumak. Probak egiten hasi zen eta harrituta geratu zen jasotako erantzunekin. Behin William Shakespeare eta Elon Musk-en arteko gutun bat idazteko eskatu zion. Bueltan ez zuen gutun arrunt bat jaso, edozeinek idatz zezakeena, Shakespeare-en hizkerarekin idatzitako gutuna jaso zuen.

Hainbat hilabetez egon zen probak egiten eta poemak proposatzea okurritu zitzaion. Olerki onak egiten zituela ikusi zuen eta pausu bat gehiago ematea erabaki zuen. "Olerkiak proposatu nizkion eta, ingelesez zirenez, inongo ediziorik egin gabe euskaratu nituen, baina ez nik, itzultzaile neurologikoak. Orduan nik prozesuan bakarrik olerkiak proposatzen nizkion eta emaitza ikusten nuen". Instagram kontu bat sortu zuen eta bertara poemen zatiak igotzen hasi zen.

GAI ANITZAK

Azkenean, 40 poema bildu zituenean liburu batean argitaratzea pentsatu zuen. Aurretik lagun bati liburu bat argitaratu zion Amazon bitartez, beraz bazuen esperientzia jada. Poemek gai anitzak lantzen dituzte. Klasikoa den maitasunetik asko dauka liburuak eta sexua eta pasioa ere lantzen ditu. Horrez gain, egileak kontatu duenez heriotza, prekarietatea eta adimen artifizialaren gaiak ere azaltzen dira 'Artiadi' lanean.

Ingeniaria da Erezuma baina letren munduarekin harreman estua dauka ere. 'Artiadi' liburuaz aparte Euskara Satorra YouTube kanala dauka 2018az geroztik. Kanalean euskara ikasteko bideoak egiten ditu. "Ni ez naiz %100ean teknologo bat, baina ez naiz letretako bat %100ean ezta. Nik ez dut ulertzen bizitza edo zuria edo beltza, grisetan sinesten dut. Nik maite dut komunikazioa, maite ditut hizkuntzak baina maite dut teknologia ere", aitortu du.

Tracking Bilbao, jaialdiaren 10. urteurrena

Tracking jaialdia internet eta sare kulturako jaialdi aitzindaria da, diziplina desberdinetako artista asko biltzen dituena. Aurten hamar urte bete ditu jaialdiak eta edizio berezia antolatu dute.

| Apirilaren 4an egin zen aurkezpena eta 24tik 27ra iraungo du ekimenak. Bilboko BBK aretoan ospatuko da, eta bertan egin zen aurkezpena ere. 12:00etan prentsaurrekoa egin zen eta Manuel Bartual diziplina anitzeko artista, Mamen Moreu marrazkilaria, Javier Anton aktorea, Borja Crespo Tracking Bilbaoren programazio-zuzendaria eta Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arduraduna egon ziren bertan. 19:00etan "Tracking Bilbaoren 10 urte" erakusketaren inaugurazioa egin zen eta 20:00etan 'Biotopía en directo' ikuskizuna eman zen.

| Apirilaren 24an ikuskizunei ekingo zaie berriro ere. Igandean 12:00etan "Educapop: Cinemasrock" kontzertu didaktikoa ikusteko aukera egongo da eta arratsaldean 18:30etan Topaketa egingo da Pedro Vallín kazetariarekin. 20:00etan Mongolia aldizkariaren ikuskizuna izango da: 'Mongolity'.

| Apirilaren 25ean, 18:00etan Elisa Riera, Laura Perez, Elizabeth Casillas eta Mamen Moreu komiki egileen topaketa bat egongo da eta 18:30ean Beñat Erezumaren 'Artiadi' liburua aurkeztuko da. 20:00etan "Ninja Baby" filmaren estreinaldia emango da, Henar Alvarez eta Xavi Daurarekin.

| Apirilaren 26an, 12:00etan Xavi Daurarekin topaketa egingo da eta arratsaldeko 18:00etan Chill Mafia eta Ttun Ttun Brigade taldeetako kideek bideo guda egingo dute. 20:00etan "El Instituto T" antzezlana (Lakanosa Teatroa) emango da.

| Azken egunean, 27an, Paula Bonet artistarekin topaketa egongo da 12:00etan. 18:00etan "No hay negros en el Tibet" zuzeneko podcast-a ikusteko aukera egongo da, Frank T, Asaari Bibang eta Lamine Thior-ekin. 18:30ean "La Conquista de Tinder" liburuaren aurkezpena izango da Jimina Sabadú-rekin eta amaitzeko 20:00etan "Quema la Memoria" kontzertu marraztua egongo da The New Raemon eta Paula Bonet-ekin batera.

noticias de noticiasdealava