Gelditzeko unea zela ikusirik, 2009. urtean Ondarroako Gaztetxean eskaini zuen 'Keike' rock musika taldeak bere azken kontzertua. Hamahiru urteren ostean, alta, oholtzara itzuli dira. Hilaren 2an Berrizko (Bizkaia) Topa tabernan entzun ziren talde ondarroarraren rock doinuak berriz ere.
Pandemiak eztanda egin aurretik itzultzea zen 'Keike' taldekoen asmoa. Egoerak baina dena bertan behera utzi zuen eta itzulera atzeratu behar izan zuten. Normaltasunera bueltan, berriro hasi ziren elkartzen eta haien arteko "kimika musikala" nahiz pertsonala berreskuratu zuten. Hala, taldekideek itzultzeko zuten gogoaz gain zaleen eskari eta nahiek bultzatuta itzuli dira. "Gure harridurarako bere sasoian ezagutzen ez gintuen jendea jarraitzaile bihurtuta zegoen, 20-30 urte bitarteko jendeak ezagutzen gintuen eta horrek ere bultzatu gintuen kontzertuak berriz ematerako orduan", adierazi du Jon Kirru Iparragirre Keike taldeko gitarristak.
Iparragirrez gain, Gorka Ruiz 'Epi' baxuan, Axular Arrasate gitarran, Denis Alberdi baterian eta Nerea Sanchez ahotsak osatzen dute 'Keike' taldea. Ondarroarrak dira gehienak, baina Mutrikun entseatu ohi dute MRK kolektiboaren lokaletan. Iparragirreren esanetan, eduki dituen taldeetatik, kuttunena da Keike. "Lagunak gara denok eta harreman ona izaten jarraitzen dugu". Nahiz eta azken urteetan aldenduta egon harremana berreskuratzea oso sentsazio atsegina izan dela aitortu du. Horrez gain, talde modura elkartzea, lokalean batu eta elkarrekin sortzeko uneak izatea eta berriz ere abestiekin bat egitea "berezia" izan dela adierazi du.
Rock-a erraietatik
"Rock irekia" egiten dute 'Keike' taldekoek. Diotenez, 'Keike'-ren identitatearen oinarria emozioa da. Une oldarkor eta indartsuak une lasaiagoekin nahasten dituzte eta gitarraren pisuaren garrantziaz gain, Nerea Sanchez abeslariaren ahotsaren bi alderdiekin orekatuta, batzuetan zorrotz eta besteetan goxo aritzen dira. Halaber, iturri ezberdinetatik edaten dute musikalki, baina batez ere 1990eko hamarkadako taldeen eragin nabarmena dute: hard rock, stoner edo punk-a bezalako soinu estiloa da beraiena. Alta, eraginak eta estiloak asko izanik ere, batik bat, erraietatik datorren sentimendu baten gisa definitu daiteke Keike.
Abesti propioak interpretatzen dituzte oholtzan, hain zuzen, hogei bat abesti inguru dituzte aurreko etapatik eta horiekin itzuli dira oraingoan. Iparragirrek aitortu du berezia izan dela kantak berriro interpretatzea: "lehen topatzen ez genituen ñabardurak antzematen ditugu orain", adierazi du. Urte hauetan beste proiektu musikal batzuk izan dituzte taldekidek eta "heldutasun musikal" bat lortu dutela uste du Iparragirrek: "Musikari bezala eboluzionatu dugu eta kantak ondu ditugu, orain kontzienteago gara egiten dugunaz eta sentsazio ezberdinak ditugu". Hala, neurri batean, abesti eta letrei beste interpretazio bat eman diete. Beti ere, hasierako ilusio berarekin. Hori horrela, etorkizun ertainean ez dute baztertzen abesti berriak sortu eta hirugarren diskoa grabatzea.
2002. urtean sortu zen 'Keike' taldea Ondarroan. Iparragirrek adierazi duenez, azkar egin zuten haien lekua musika munduan. Horren adibide, 2003. urtean Gaztea Irratiko Maketa Lehiaketako entzuleen saria eskuratu zuten eta horrek denbora luzez kontzertuak ematea ahalbidetu zien.
Lehena, itzela Berrizko kontzertutik egun batzuk igarota oso sentsazio onak dituztela adierazi du Iparragirrek: "Jendearen harrera ikusgarria izan zen, gure sentsazioak ere oso onak dira eta gustura sentitu ginen lehen kontzertua eta gero. Gau ahaztezina izan zen". Era berean, Iparragirrek nabarmendu du duela hamar urte beraien kontzertuetara hurbiltzen zen jende asko gerturatu zela apirilaren 2ko estreinako kontzertura. "Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorri ziren gainera". Halaber, jende gaztea ere antzeman zuten, hogei urtez azpiko hainbat gazte, besteak beste. Hala, itzulera honetan lehendik taldea ezagutzen zuten entzuleekin eta publiko berriarekin egin dute topo eta jarraitzaileen artean belaunaldi ezberdinak izateak harro sentiarazten ditu. "Harrotzekoa da taldeak bizirik jarraitu duela ikustea".
Bestalde, harreman berezia dute Berriz herriarekin eta horrek ere egin zuen kontzertua berezi. Taldeko bateria jolea berriztarra izateaz gain, lehenengo etapako lehen kontzertua ere bertan eskaini zuten. "Oso herri berezia da, sortzen den giroa ezin hobea eta jendea oso jatorra". Are gehiago, kontzertu hura orain arte emandako guztietatik emotiboena izan dela aitortu du Iparragirrek.
Kontzertu gehiago
Datozen hilabeteetarako bestalde, hamar bat kontzertu dituzte adostuta eta horiek disfrutatzea da beraien intentzioa Iparragirreren esanetan. Datorren larunbatean, Zumaian eskainiko dute kontzertua; bestalde, aurreikusita dituzte hurrengo hitzorduak ere: Berriatua (maiatzak 6), Ondarroa (maiatzak 21), Elorrio (ekainak 11) eta Aulestin (irailak 23) izango dira. Keikekoak zain eta gogotsu daude zaleekin berriz ere elkartzeko.