Aspaldi ezagutzen dute elkar Liher Larrañaga, Lander Amorrortu, Pablo Garcia eta Paul Urigoitiak. Zeker taldea osatzen dute laurek eta ezagutzeaz gain lagunak ere badira. Aurretik beste proiektu ezberdinetan elkarrekin egonak dira, Pixontxis eta Bultz! taldeetan aritu izan dira batzuk. 2020an geldirik zeuden laurak eta berriro elkartzea erabaki zuten, talde berria sortuz. "Abesti batzuk sortuta nituen nik, banenbilen etxean abestien maketak grabatzen eta komentatu nien beste taldekideei ea talde bat sortu nahi zuten, eta horrela hasi zen", kontatu du Liher Larrañagak (Elorrio, 1993). Taldeko ahotsa eta gitarra da Larrañaga eta lehenengo disko honetan letrak ere idatzi ditu.
Punk-rock soinuak eta gitarren melodiak dira Zekerren bereizgarri. Estatu Batuetako punk-rock musikatik asko edaten dutela adierazi du musikariak eta Oi! musika zaharra ere asko gustatzen zaiela kontatu du: "Niri pertsonalki melodiak asko gustatzen zaizkit". Erreferenteen inguruan galdetuta Su Ta Gar aipatu du Larrañagak.
Lor, Iheskide eta inguruko artistek ere eragina izan dute taldearengan. "Gu jotzen hasi ginenean haiek jada martxan zebiltzan eta hori zen guk ikusten genuena". Hala ere, musika estilo oso desberdinak entzutea gustatzen zaie: "Niri Su Ta Gar asko gustatzen zait eta baita Ruper Ordorika ere".
Covid-19ak asko kaltetu ditu musikariak eta kulturaren arloko artistak, oro har. Zeker taldeak, ordea, denbora hori probestu du abestiak idatzi eta diskoa egiteko. "Aurretik geneuzkan kantuei forma emateko eta bukatzeko denbora hartu dugu. Kontzerturik ez zegoenean diskoa egiten zentratu gara".
Egia da, hala ere, pandemia traba izan dela une batzuetan. Lehenengo entseguak Amorrorturen etxean egin behar izan zituztela aipatu du Larrañagak, lokalak itxita zeudelako garai hartan. "Gero, entsegu lokalak zabaldu zituzten eta lehenengoak izan ginen joaten".
Autoekoizpena
Lehenengo disko hau autoekoitzi egin dute. Orain arte horrela aritu dira eta oraingoan ere modu berean jarraitzea erabaki dute. Gauzak nahi duten moduan egiteko ahalmena eskaintzen die autoekoizpenak eta hasieratik oso argi zuten hori. "Gai gara autoekoizteko eta sinesten dugu horrela lan egiteko moduan. Gainera, pozgarria da pentsatzea hau guk sortu dugun gauza bat dela, guk nahi dugun moduan". Underground estiloan sinesten dute, nahiz eta aipatu duten azkeneko urteetan ez dutela oso indartsu nabaritu.
Punk-rock musika, gitarren soinuak eta ahots indartsuen atzean sentimenduz beteriko letrak antzeman daitezke. Nabaria da letrak barru-barrutik atera dituela Larrañagak. Lehen "kanpora begira" idazten zuela adierazi du musikariak, asko pentsatzen zuen idazten zuena jendeari gustatuko zitzaion edo ez: "Disko honetan haustura bat egin dut orain arte idatzi ez ditudan gauzak adierazten, bizipen pertsonalak, ingurukoekin konpartitu nahi ditudanak". Maldan behera edo Zuekin, hobe abestietan agerikoa da hori.
Urtarrilaren 29an aurkezpen kontzertu berezia eman zuten Elorrioko gaztetxean. Dj pintxada antolatu zuten Bilboko Pantx Records kolektiboarekin eta Wood Strings Aretxabaletako taldea ere egon zen. Helburua jai bat antolatzea zen, aurkezpen jaia, haien etxean eta lagun artean proiektu berriari irekiera emateko. Bi aste beranduago, Unidad Alavesarekin beste kontzertu bat eman zuten Larrabetzun.
"Oso gogotsu geunden. Orain hasi gara kontzertuak ematen berriro hainbeste urte eta gero, eta talde berri batekin. Bageneuzkan gogo handiak berriro ere furgoneta kargatzeko eta taldearekin egoteko, baita lekuko jendearekin eta beste taldeekin ere momentuak konpartitzeko." Unidad Alavesa aurretik ezagutzen zuten.
Zuzenean mila aldiz ikusteaz gain, disko berriko Gure zorrak abestian kolaboratu dute. Apirilean hainbat kontzertu dituzte itxita jada eta udara begira oholtza gainean jarraitzeko asmoa du Zekerrek.
Grabaketa Lorentzo Records estudioan
Aitor Ariñorekin batera grabatu du Zeker taldeak diskoa, Berrizko Lorentzo Records estudioan. Aurretik ezagutzen zuten Ariño, zuzeneko teknikari moduan ibilia delako. "Estudioak urteak darama martxan eta bertan disko pilo bat grabatu dira. Oso talde garrantzitsuak igaro dira bertatik eta ohorea izan da guretzat. Gure etxetik bost minutura dago eta pasada bat da etxe ondoan horrelako estudio bat izatea", kontatu du Larrañagak.
Oso esperientzia polita izan da taldekideentzat eta eskertuta agertu dira Ariñorekin lan egin izanaz: "Gozada bat da horrelako jendearekin lan egitea. Etxean bezala egon gara".