Patxo Telleriaren zuzendaritzapean, Alderray izeneko antzezlana aurkeztuko du martxoaren 9an Tartean Teatroak. Bilboko Arriaga Antzokian egingo dute estreinaldia, eta Mikel Martinez eta Sandra Fernandez Agirre arituko dira aktore lanetan. Istorio kontalaria da Telleria. Dioenez, hori da bere ofizio, bokazio eta ogibidea, baita idatzi eta zuzendu duen antzezlan honen protagonistarena ere. Izan ere, horixe bera zen bere asmoa, bere burua pertsonaia bihurtzea. Hortaz, istorio kontalari ofizioaren historia kontatzeko "gogoa eta grinaren gorazarre" bat da Alderray. Prozesuari dagokionez, orain urtebete zutabe bat idazten zuen Telleriak Berria egunkarian. Bertan, Alderray pertsonaia garatu zuen modu literarioan, ipuinen bidez. Azaldu duenez, material hori balekoa iruditu zitzaion antzezlan bihurtzeko, eta egoera dramatiko batean kokatzeko.

Protagonista bi ditu obrak. Batetik, Alderray pertsonaien ehiztari, istorio kontalari eta eskale erraria. Eta, bestetik, morroia, txikitatik Alderrayren narrazioak entzun eta haren bila aritu den gaztea, ofizioa bere ondoan ikasteko asmoz.

Hainbat narrazioz osatutako antzezlana da. Esan bezala, Alderray pertsonaien ehiztaria da. Ehizatzen duen horietako bakoitzak istorio bat gordetzen duela azaldu du Telleriak. Hortaz, narrazioak pertsonaiekin erabat lotuta daude. Guztira hamar biltzen ditu obrak, hasiera eta amaiera propioa dutenak.

Kontakizunak itxuraz independenteak dira, baina benetan zerikusia dute Alderray eta morroiarekin. Telleriak dioenez, "antzezlanean zenbat eta aurrerago joan, geroz eta lotura handiagoa dute istorio txiki horiek bi protagonistekin". Hortaz, amaieran haien bizitza intimoko hainbat gako ezagutuko ditu ikusleak, baita haien minaren zergatiak ulertu ere.

Horrez gain, badago narrazio nagusi bat, nahi gabe bada ere, protagonista biek protagonizatzen duten istorio zentrala, eta zuzendariaren hitzetan, "narrazio osoari batasuna ematen diona". Estilo eta gaiei dagokionez, antzezlana nahiko irekia dela dio. Izan ere, bada aldea batak eta besteak egiten dutenaren artean.

KANPOTIK BARRURA

Antzezlan honen pertsonaia biak dira narratzaileak, baina estilo aldetik erabat desberdinak dira bata bestearengandik. Morroiak narrazio mota modernoa eskatzen du, Alderrayk, aldiz, molde klasikoa nahiago du. Hori dela eta, obran zehar "eztabaida estilistiko bat" ematen dela azaldu du Telleriak. Izan ere, morroiari gehiago interesatzen zaizkio istorio pertsonalak, intimoak eta txikiak. Alderrayri, bestalde, kanpoko istorioak gustatzen zaizkio, pertsonaia erraldoiak, fuerteak eta mitikoak.

Zuzendariaren hitzetan: "Alderrayri gertatzen zaiona da ez diola bere benetako bizitzari aurre egiten, eta horregatik baztertzen ditu bere buruarekin zerikusia duen istorioak". Morroiak badaki hori, eta istorio intimo horiek kontatzera eta bere buruari aurre egitera bultzatuko du antzezlanak aurrera egin ahala.

Gaien artean ere alde handia dago. Hasiera batean Alderrayren estiloko istorioak azalduko dira eta gai sozialak jorratuko dituzte, justizia eta bazterkeriarekin zerikusia dutenak. Narrazioan aurrerago joan ahala, barneko sentimendu eta frustrazioak nabarmenduko dira.

SORMENAZ GOZATZEKO AUKERA

Istorioak kontatzeko gozamena eta plazera ireki nahi dizkiote publikoari, Telleriak dioenez, hori da antzezlanaren motore nagusia.

Bere hitzetan: "Istorioak entzutea eta sortzea gure izaeraren barruan dago jaiotzen garenetik. Gu gara fikzioa eta narrazioa garatzeko gauza garen animalia bakarra, imajinazioaren bidez munduak sortzeko ahalmena duen animalia bakarra. Hori da antzezlan honen bokazio nagusia".

Imajinazio eta sormenerako bidea ireki nahi dutela agerikoa eszenografiari arreta ipiniz gero. Izan ere, "kontornoak eta egoerak oso garbi definitzen ez dituen" espazioa eratu dute. Publikoak imajinatu dezake protagonistak kalean daudela, etxean, txabola batean edo hiri plana moderno batean. "Espazioa erabili dugu imajinazioa martxan jartzeko eta norberak irudikatu dezan zer izan daitekeen", kontatu du Telleriak.

Hutsetik sortutako istorioa dela gogoratu du zuzendariak, antzezlanerako propio egindakoa. Horrez gain, "originaltasun handikoa" ere badela esan du, planteamendu eta egiteko moduari dagokionez. Beraz, Alderray "antzerkiaz eta sormenaz gozatzeko aukera bat" dela azaldu du.