Plazera eta pasioa, edo punka eta etxea. Hainbat modutara defini liteke Gilkitxaro, nork begiratzen duen. Zehazteko, antzerki talde bat da, duela mende laurden Deustuko Ikastolako zenbait ikaslek martxan jarri zutena, eta oraindik ere bizi-bizi dabilena. Azken urteetan Galder Perezek eta Ane Zabalak eman diote jarraipena kolektiboari, eta urtemuga ospatzeko liburua argitaratu dute: 25 gau eta bat gehiago: Gilkitxaro antzerki taldeak 25 urte (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea).

Lana baliatu dute urte hauetan guztietan bizitakoa jasotzeko, ordenatzeko, hausnartzeko eta balioa emateko. Erronka bezain aukera handia izan dela aipatu dute bi egileek, eta atzera begiratzearen garrantzia azpimarratu dute: "Proiektu honi esker beharbada galdu egingo ziren gauza asko ordenatzeko aukera izan dugu, eta hori dena partekatzekoa".

Lana bi zatitan dago banatuta. Lehen atalean Euskal Herriko hainbat antzerkilariren oroitzapenak jaso dituzte, Gilkitxaroren ingurukoak baina baita euskal teatroaren aro oso baten bueltakoak ere.

"Lagunek eta konplizeek duten garrantzia erakutsi nahi izan dugu, hori dena sinetsi, guk biok bakarrik ezin izango baikenuke ibilitakoa ibili", gaineratu dute.

Bigarren atalean Gilkitxaro antzerki taldeak azkenaldian taularatutako hiru antzezlanen testuak aurkituko ditu irakurleak: Honolulu, leku bat; 8 begi eta Adarretatik zintzilik.

Duten balio literarioagatik hautatu dituzte lanok, baina baita balio teatralagatik ere, antzeztu nahi dituen edonork eskura izan ditzan. Nolanahi ere, sintesi funtzioa ere badute: "Pentsatu genuen, gainera, lan hauek ondo erakusten dutela nolakoa den gaur gure egiteko modua, kezkatzen gaituzten gaiak, gure lengoaia ederki azal dezaketen adibideak dira. Egiteko modu bat borobiltzen goazela sentitzen dugu eta horren isla izatea nahi genuke".

Aipatzekoa da, bereziki testu zaleak direla Perez eta Zabala. Horrek bultzatzen ditu, hein handi batean, testu-piezak jorratzera. Batik bat, umorezko testu sozialak lantzen dituzte. Komedia maite dute, "gero eta sozialagoa", bikotearen hitzetan. Itxaropena antzerkira eramaten saiatzen dira, hori baita taldearen ezinbesteko ikurretako bat: "Absurdoarekin dantzan egitea maite dugu, poesiarekin lurra hartu, baina, betiere baikortasun batetik".

Antzerkia bizitzeko

Teatrorik gabeko bizitzarik ez da posible Zabalarentzat eta Perezentzat. "Bizitzari zentzua ematen diona" da lehenarentzat, "bizitzaren ez zentzua bilatzeko tresna" bigarrenarentzat. Plazerez antzezten du Zabalak, "musikarako ez ginelako trebeak eta zerbait hautatu behar genuelako", dio barre artean. Perezek, ostera, taula gainean egoteak ematen dion maskara edo boterea baliatzen du benetan pentsatzen duena esateko, bestela zail egiten baitzaio.

25 urte hauetan Gilkitxaro hainbat zentzutan aldatu den arren, bere horretan mantentzen dituzte hasierako helburuak: askatasunez sortzea, dibertimenduak gidatuta. Dena eskaini diote antzerkiari eta Gilkitxarori, eta dena jaso dute ordainetan: "Bizitzari zentzua eman dion plazerezko ekintza bat", Zabalak; "poztasun handia, egunerokotasuneko hainbeste frustrazio kolektibo zein indibiduali begiratzeko beste modu bat, komikoa eta tragikoa", Perezek.

25 urteko zutarria Antzezteko desirak elkartu zituen Deustuko Ikastolako zortzi lagun 1997an. Eskolan bertan egin zituzten lehen antzezlanak eta Deustuko Gazte Lokalean jarraitu zuten entseatzen ikasketak amaitutakoan.

Antzerkiarekin jolasteko gogoak bultzatu zituen kolektiboa osatzera, tabernetan kontatzen zituzten istorioak taula gainera eraman nahi zituzten. Horrela hasi ziren, eta horrela jarraitzen dute.

Tarte luze honetan gauza asko aldatu dira barruan zein kanpoan. Gizartea aldatu da, Euskal Herrian hainbat gertakari jazo dira, eta eurak ere ez dira orain 25 urteko berak. Kolektibo batetik ateratako antzerki taldea eraldatuz joan da, eta azken urteetan Zabalak eta Perezek eman diote jarraipena.

"Gauza bakarra ez da aldatu - gaineratu du Ane Zabalak -, Galder duela 25 urte burusoila zen, gaur bezala". Eta Perezek erantzun: "Nire ileordeak aldatzen joan dira. Aldatu ez dena da gure autogestio modua, sortzeko askatasuna".

In portis infernorun izeneko antzezlanarekin jarri zuten Gilkitxaro kolektiboa martxan orain dela mende laurden. Geroztik, hainbat eta hainbat taularatu dituzte, kolektibo eta elkarlan zabalean.

Berbarako, 2017an Aiora Sedanorekin Morbus Operandi antzezlana taularatu zuten, eta orain Aitor Garcia de Bikuña musikariarekin ari dira lanean Lutxo Egiaren Identitarteak antzezlana prestatzen. Bitartean, ETAren agiri bulegoa antzezlanaren emanaldiak egiten jarraitzen dute.

Emanaldi horietan guztietan eskuratu daiteke "25 gau eta bat gehiago" liburua, baita Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen webgunean ere (ehaze.eus), Bilboko Louise Michel liburu-dendan edo egileei beraiei eskatuta.