Nafarroako Unibertsitate Museoak museoaren testuinguruan sorturiko ikuskizunei buruzko koadernoak argitaratzeko hautua egin zuen duela zenbait urte, batik bat dibulgazio lanerako. Hala, koreografoei eskainitako Cuadernos de creación (Sorkuntzarako koadernoak) bilduma sortu zuen. Laugarren aleak Kukai dantza taldearen A puerta cerrada proiektuaren sormen prozesua jasotzen du. Jon Maya koreografoak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) Ibis Albisu filosofo eta editorearekin elkarlanean egindako argitalpena aurkeztu du. Dioenez, beste pertsona baten begiradak bultzatuta bere lana beste modu batera begiratu eta azaltzeko aukera izan du.
Ez da ohikoa sormen prozesu bati buruzko liburu bat argitaratzea. Balio berezia du?
Kukain 20 urte daramatzagu lanean eta ikuskizun pila bat egin ditugu baina prozesu horien lekukotza jasotzen duen argitalpenik edo sorkuntza koadernorik ez da inoiz egon. Kasu orokorra dela esango nuke, are gehiago, sormen prozesu eta dantzari buruzko oso liburu gutxi daude. Ibis Albisu liburuaren editoreak aurkezpenean azaldu bezala nolabait fikzioa da koaderno hau, ez baita inoiz existitu. Nire lan koaderno bat ezingo litzake argitaratu, ulertezina litzake, halaber, gauza asko ez daramatzat idatzita. Gertatu ahalko lukeen zerbaiten fikzioa da emaitza.
Abiapuntura joanez, 'A puerta cerrada' sorkuntza berezia izan zen zuentzat. Zergatik?
A puerta cerrada trilogia gisa planteatu genuen 2020ko apirilean, konfinamendu betean. Sortzaileak eta publikoa urruti, ikuskizun guneak erabat itxita eta gure dinamikak etenda zeuden garaian, egoerak uzten zuen baldintzetan sorkuntza lana aurrera atera eta erakutsi behar genuela uste genuen. Museoan aritu ginen lanean gu bakarrik eta emaitza online plazaratu genuen. Jose Manuel Garridorekin izandako harremanak izan zuen eraginik ideian. Hala, trilogiako lehen bi emaitzak ikus-entzunezkoak izan ziren eta hirugarrena antzokietan egiteko utzi genuen.
Eta orain prozesuaren lekuko den argitalpena osatu duzue. Ez da liburu arrunt bat. Nola deskribatuko zenuke bertan jasotzen dena?
Oso liburu konpletoa da, bisuala. Bertan, ikus-entzunezko bi lanak amaituta jasotzen dira, hain zuzen, QR kodeen bidez ikus-entzunezko sorkuntza horiek ikus daitezke. Hirugarrenaren musika ere entzun daiteke. Baina horretaz gain, ekarpen handiena lan horiek egiteko erabilitako imajinario guztia da: hasierako ideiak, jatorria, erreferentziak, lana testuinguratzen duten testuak edota iluminazioko planoak aurki daitezke. Nolabait, lanen tripak daude agerian, normalki ikusten ez den hori. Proiektuaren alde ezezaguna erakusten du sorkuntza prozesuak, ikuslea amaitutako lana ikustera ohitua dago eta kasu honetan entseguetako argazkiak ere ikus ditzake, adibidez. Hori horrela, oso modu ezberdinetan bisitatu daitekeen liburu bat atera da. Nahi duenak musika entzun eta azken emai-tza ikus dezake edo beste batek horren zergatia ulertu nahiko du, testuak irakurriz.
Prozesua jasotzeak ze garrantzia du?
Asko eman dit, nolabait beste baten begietatik nire lanari begiratzeko prozesu bat izan da. Ibisek kanpotik ematen zion begirada horri esker begiratu diot nire lanari, nik nire lana azaldu edo erakutsi behar izan diot, zergatiak azalduz, eta horrek norbere diskurtsoa egituratzen laguntzen du, baita lana eskematizatzen. Bestalde, pandemia garai batean sorturiko proiektu bat da, erantzun gisa sortua, hortaz, liburua pandemiari artetik egindako ekarpen gisa ere garrantzi-tsua iruditzen zait.
Nolakoa izan da obra liburu bihurtzeko prozesua?
Ordu asko igaro ditugu elkarrizketetan. Ibis izan da gidaria, bere lehen saiakera nire unibertso pertsonala ulertzea izan zen, eta hortik abiatuta Kukairena. Izugarrizko dokumentazio lana egin du, niri buruzko datu gehiago ditu nik neuk baino [Barreak]. Oso lan ona egin du, oso ondo ulertu baitu bai nire zein Kukairen lan modua. Proiektu honi zegokion atal bakoitzera egokitu zen, horietako bakoitzean arakatuz. Sorkuntza prozesuan ezinbesteko izan diren hainbat protagonistarekin ere hitz egin du. Elementu txikienean jarri du arreta.
Obra sortzerakoan atzeman gabekorik aurkitu duzu orain libururako ikerketa egitean?
Polita izan da bigarren bueltan begiratzea. Hasieran gauzak modu batera planteatzen dituzu, horiek gertatu egiten dira eta gertatu ondoren begiratzean ikusten da ideia batzuk konfirmatzen direla eta beste pisu bat hartzen dutela edo aldiz modu arinagoan pasatzen direla.
Ze lortu nahi zenuke argitalpen honekin?
Luzera begira norbaitek ikasi edo ikertu nahi badu nondik abiatzen dugun lana eduki dezala abiapuntu hori. Erreferentziak izatea oso balekoa da beti. Arte eszenikoak oholtzan soilik kontsumitzen ditugu eta argitalpenak zein kontsultarako iturriak izatea positiboa da. Halaber, eremu unibertsitarioan sorturiko proiektua izanik, akademikoki azter-tzeko aukera izatea oso garrantzitsua da. Ale bat jartzen saiatu gara. Bestalde, etorkizunean gure lanaren testigantza hor izatea asko baloratuko dugula iruditzen zait.