NATURA zaintzearen garrantzia. Balore batzuk nabarmenduz, gaur egungo ohiturek eta bizimoduak ekar ditzaketen ondorioak azalerazi nahi dituzte Zutik! pelikularen egileek, teknologiarekiko menpekotasunaren arriskuak nabarmenduz. Bi mundu kontrajarri horiek erakutsiko dituzte Zutik! pelikularen protagonistek. Istorioa kontatzeko errealitatea zertxobait esajeratu dutela onartu du Baleukoko produktore eta bazkide den Egoitz Rodriguezek: "Egia da egoera batzuk mugara eraman ditugula, baina ez mezua". Dramatikoak izan gabe, ingurune naturalean jardutearen eta gero eta teknologikoagoa den ingurune indibidualistaren artean oreka bilatu behar dela uste dute ekoizleek. "Ez bata ez bestea ez da deuseztatu behar. Gailuak berez ez dira txarrak, baina orekatu ditzagun bi mundu kontrajarri horiek". Fikzioa baliatuta, beraz, errealitatean begiak zabaltzea da pelikularen helburuetako bat.
Baloreak transmitituz eragin nahi dute gazteenengan: eskuzabaltasuna, adiskidetasuna, naturaren defentsa€ "Sortzaileak garen aldetik, inguruan ikusten dugunetik ideiak sortzen zaizkigu, bizi dugun errealitatetik sortzen ditugu fikzioak, istorioa erakargarriago egiteko", azaldu du Rodriguezek. Hala ere, irakaspen bat ere eman nahi du pelikulak; alegia, praktika batzuek beraien ondorioak izan ditzaketela. "Tabletekin eta mugikorrekin umeak indibidualismora eramatearen arriskua dago, eta naturarekin jolastean, behintzat, talde lanean arituko dira. Mezu horretan badira transmititu nahi ditugun balore batzuk".
Proiekzio zabala
Ikuslea hausnarketara eramango duen filma da Zutik!, eta istorioak berarekin daraman mezu horretatik harago, pelikula horrek beste hainbat balio ere baditu, Rodriguezek azaldu duenez. Euskal komunitatetik begiratzen badiogu, euskaraz sortutako nazioarteko koprodukzio bat da. "Seguraski hau esatean jendea ez da ohartuko Brasilekin eta Mexikorekin euskaraz lanean aritu garela. Beraiek izan dituzten animaziorako ahotsak euskaraz izan dira. Itzulpenak izan dituzte eta beraiekin komunikazioa gazteleraz egin da, bai. Baina hasierako materiala, eta pelikula bukatu denean sortu den materiala euskaraz egon da. Gero egin dugu gaztelerara bikoizketa". Beraz, hizkuntzari begiratuta, euskal komunitatearen proiekzioa du pelikulak.
Bestalde, kulturari eta euskal mitologiari dagokienez ere, euskal kulturaren eta kultura zeltiarraren arteko uztarketa da Baleukok egin duena, istorio berezi bat sortuz. "Zeltiarren horoskopoan zuhaitzak dira unibertsoaren erdigunea, eta noiz jaio zaren arabera, zuhaitzaren izaerak definituko du nolakoa zaren; hau da, pertsona bakoitza arbola mota bati lotuta dago. Polita iruditu zitzaigun eta euskal mitologiakoak diren iratxoen eta galtzagorrien istorioari lotu genion, bien arteko fusio bat egin dugu. Horrela, mitologia zeltiarraren izaerari jarraituta, zuhaitzaren izaera izaki bizidun bati eman diogu pelikulan, galtzagorri edo iratxo bati, hain zuzen. Beraz, zuhaitza hiltzen bada, zuhaitzaren ezaugarriak dituen iratxo hori ere desagertu egingo da".
Gaiari erreparatuta, aldaketa klimatikoa landu nahi izan dute, baina familia ikuspegitik, umeek istorioa gertukoago sentitzeko. Pandemiak prozesu guztiak azkartu dituela uste du Rodriguezek, eta digitalizazioa beharrezkoa dela uste duen arren, naturarekiko kontaktuak ere gizakiari gauza asko ematen dizkiola uste du: "Hala ere, ez gara horrekin ohartzen. 2030 agendan helburu jasangarriei begiratzen diegu, baina ez dakit zein punturaino garen kontziente aldaketa klimatikoak dakarrenarekin, edo Garapen Iraunkorrerako Helburuak lor-tzeak zer suposatzen duen. Pelikula honetan hori islatu nahi izan dugu".
Umeekin elkarreragin 2017an idatzi zuten pelikularen gidoia eta lehenengo diseinuak egiten hasi ziren. Pandemiak, baina, bete-betean harrapatu zuen proiektua. "Gure asmoa zen estreinaldia lehenago egitea, baina pozik gaude bederen zinema aretoetan ikusiko delako". Filmax arduratuko da banaketarekin eta, espainiar estatura ez ezik, nazioartera ere iritsiko da Zutik!. Euskarazkoa da bertsio orijinala. Euskal herritik kanpora, ordea, gaztelerazko edota ingelesezko bertsioak helduko dira.
3D formatuan egindako pelikula da, haurrei zuzenduta. Hala ere, lanketak berezitasunak baditu Baleukoren azken lan honek. Rodriguezek azaldu duenez, "azken ukitua, testurak edo azken margotze hori pintzeladez eginda dago. Nolabait esateko, marrazkilariaren pintzelada nabaritzen da. Beste teknika bat da, lengoaia propio bat sortzeko erabili duguna".
Bestalde, pelikularen egileek nabarmendu dute umeekin elkar eragiteko proiektua dela honakoa. Horretarako, www.gookapi.com ataria sortu dute. Edukiekin elikatuko dute, eta aplikazioak zein iratxoei lotutako hainbat eduki argitaratuko dituzte bertan.