KATTALINEN amaren gorputzean xomorro bat sartu da. Sartu eta irribarrea lapurtu dio. Jolasteko gogoa lapurtu dio gero. Ilea ere eraman du xomorro lapurrak. Azkenean lortu dute kanporatzea, baina ez da esku hutsik joan, eta orduan konturatu da Kattalin xomorroak eskuak ere bazituela.

Irati Garmendiak (Ordizia, 1994) Haur Hezkuntza ikasi zuen, egun irakasle moduan dihardu eta bera da 'Xomorro lapurra' istorioaren sortzailea. Ane Arzelus (Donostia, 1993) ilustratzailea da, Arte Ederrak ikasi zituen eta ipuinaren ilustrazioak sortu ditu. 2017an Garmendiaren amari bularreko minbizia diagnostikatu zioten eta aurrerago baita amonari ere. Oso albiste gogorrak izan ziren haiek eta terapia moduan eta barruko guztia askatzeko idazten hasi zen. Idatzitakoak ipuin itxura hartu zuela ikusita, eta, Garmendiak adierazi duenez, euskaraz gai hau lantzen duten oso liburu gutxi daudenez, argitaratzea erabaki zuen. Publikatzeko unean Etxepare sarietara aurkeztu zuten ipuina eta ez zuten irabazi. Ate desberdinak jo ondoren eta azkenean Erein argitaletxearen eskutik lortu dute paperean ateratzea.

Bikoteka tailerraren bitartez ezagutu zuen Ane Arzelus ilustratzailea. Iruñeko Udalak eta Galtzagorri Elkarteak antolatzen duten tailerra da honakoa eta bertan idazleek eta ilustratzaileek topo egiten dute haurrentzako bildumak sortzeko helburuarekin. Eskertuta agertu da Garmendia tailerrean Yolanda Arrieta idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen partetik jasotako ekarpenengatik: "Laguntza handia izan zen guretzat Arrieta eta Alonsorena. Funtsezkoa izan zen, behar genuen laguntza hori". Hasierako testua oso literarioa zela eta dena hitzen bitartez kontatzen zela gehitu du, ez zen irudirik behar istorioa ulertzeko. Yolanda Arrietak asko lagundu zion hasierako testu hori umeen espresioetara eramaten eta hirugarren pertsonatik lehenengora aldatzen, elkarrizketa asko sartuz.

TABU DIREN GAIAK

Minbizia gizartean oso presente dagoen gaixotasuna da, zoritxarrez. Ohikoa da minbizia sufritu duen norbait ezagutzea, bularreko minbizia izan duen ama, lagun edo izebaren bat. Oso prozesu latzak izaten dira guztiontzat, baina haurrek nola prozesatzen dute halako gai konplexu eta potolo bat? Eta batez ere, nola lantzen da haurrekin minbizia bezalako gai bat? Garmendiaren hitzetan, oso ipuin gutxi daude euskaraz minbiziaren gaia lantzen dutenak. Ezinbestekoak direla uste du, izan ere, haien tresna dira, irakasleen tresna dira halako gaiak landu ahal izateko. "Askotan iruditzen zaigu helduon munduan gertatzen diren gaiak direla, baina helduen munduan ezinbestean daude umeak, eta umeek helduek baina azalpen gehiago behar izaten dituzte". Minbizia bezala, herio-tza, sexualitatea eta beste hamaika gai daude haurrekin hitz egiteko unean tabu izaten jarraitzen dutenak. "Guri kostatzen zaigu hitzez esatea, askotan minbizia hitza erabiltzea ere kostatzen zaigu", horregatik dio Garmendiak zaila egiten dela haurrekin gai hauen inguruan hitz egitea. Hala ere, ahalegintzea eta halako gaien inguruan jardutea oso beharrezkoa dela uste du.

ILUSTRAZIOEN GARRANTZIA

Irudiek pisu handia dute liburuan, eta oso lagungarriak dira haurrek ideia era errazagoan jaso ahal izateko. Argi zuten bi sortzaileek xomorroa irudikatzerakoan, halabeharrez, maltzurkeriak egiten dituela erraz ikusi behar zela. Hala ere, ez zuten beldurrezko irudirik sortu nahi. Ane Arzelusek adierazi duenez, hasieran xomorroa era atseginean agertzen da, Kattalinek hala imajinatzen duelako. Istorioa aurrera doan heinean eta xomorroak amari gauzak lapurtzen dizkion heinean, handitzen doa marrazkia eta era maltzurrago batean irudikatzen da. Hori erakutsi nahi izan dute, baina, haatik, liburua itxaropenarekin bukatu nahi izan dute. "Modu zintzoan landu behar zen gaia baina liburua esperantza puntu batekin amaitu behar zen", adierazi du Arzelusek. Yolanda Arrietak eta Aitziber Alonsok amaieran xomorroa esplizituki akabatu behar zela aholkatu zieten. "Nora joan da xomorroa? Non dago xomorroa orain?". Umeak horrelako galderekin eta zalantzekin ez geratzeko beharrezkoa zen amaiera hori ilustrazioen bidez argi uztea.

Garmendiak liburua familientzako tresna erabilgarri bat izatea espero du, egoera hau bizi duten familientzat tresna izatea eta bizi ez dutenentzat ere hezitzeko modu bat izatea. Guztiok inguratzen gaituen gaia da eta txikitatik landu behar dela uste du, "sentsibilitatez" baina baita "naturaltasunez" ere. Horrez gain, bere ama eta amonarentzako opari bat ere bada. "Txar guztiak dakar ona. Bizitzan gauza guztietatik ikasteko aukera daukagu eta honetatik ere jaio da zerbait positiboa", adierazi du idazleak.