Bideari bide

'Beltxarga beltza' izeneko diskoa atera berri du Ibili Bedi talde nafarrak eta izen bereko birari ekin dio. Bizitzan igarotako une eta pertsona jakinetan oinarrituta sortu dute euren bigarren lana

16.04.2021 | 10:58
2019an sortu zuten Ibil Bedi taldea nafarrek.

Otsail amaieran kaleratu zuen Ibil Bedi taldeak bere estudioko bigarren lana, oraingoan ere, autoekoitzia: Beltxarga Beltza (Ibil Bedi, 2021). Pase bikoitzarekin egin zuten aurkezpena Iruñeko Katakraken, bai eta biak bete ere. Hurrengo hilabeteetarako hainbat data iragarri dituzte eta beste batzuen berri ere emango dutela adierazi dute taldekideek.

Amets Aranguren (Iruñea, 1998) eta Ibai Osinaga (Irunberri, Nafarroa, 1998) dira taldeko letragileak eta ahotsak, besteak beste. Arangurenek azaldu du amari zor diola musika-zaletasuna, eta 7 urterekin ekin ziola saxofoia jotzeari, musika eskolan. Gaurdaino. Pedagogiako adarretik ari da goi mailako ikasketak egiten. Melomanoa behar du ezinbestean, baina, kalean, jendaurrean, lehen esperientzia Ibil Bedirekin izan zuela azaldu du. Osinagak, ordea, kalea gertutik ezagutzen du: bonbardinoa esleitu zioten eskolan, eta harrezkero bere herriko eta Jarauta 69 txarangetan ibilia da, gaztetatik. Hori gutxi balitz, Altxatu taldearekin estreinatu zen oholtzan 12 urte baino ez zituenean. Musikariek aspaldi ezagutzen zuten elkar, ibiliak ziren batera ikasten eta jotzen, 2019an, berriz, Ibil Bedi taldea sortu zuten, eta Hariak izeneko diska kaleratu zuten.

Komeriei laudo

Pentsa liteke, ahate itsusiaren irudia hartu duela boskoteak ikur gisa diskorako, baina aitzitik, Osinagak azaldu duenez, irratian entzundako teoria filosofikoak ematen dio izena. Libanoko Nassim Taleb pentsalariaren arabera, beltxarga beltzak ezinezkoak irudi duten arren, jazo egiten diren gertaerak izaten direla eta sarri fenomeno ekonomikoei lotzen zaie kontzeptua, krisiak edo dorre bikien hondamendia, adibidera. Irunberrikoak esan du horiek ulertu ahal izateko, atzera begirako galderak egin behar direla. Ildo beretik erantsi du teoria euren esparrura eraman zutela, eta ordurako hainbat kantu eginak zituztela, kontzeptuak beregain ongi hartzen zituenak sortzen ari ziren abestiak. Diskoaren azken (eta lehen) abestian laburbildu dute doinu herrikoiaz, lan berriaren ideia edo: Espero gabe gertaturikoak dakarzkigu hamaika komeri. Beltxarga beltza, ze erokeri. Bideak darrai ta ibil bedi. Hala bada, bidean aurrera jarrai-tzeko dei egiten du, iraganekoari erreparatzea ahaztu gabe.


Pandemia bera beltxarga beltza izan zela esan du Arangurenek: "Ez genuen espero, eta bapatean, hara!". Etxealdiko denbora probestu zuten diskoa egiteko, baina egiteko bat bainoago, aitzakia gisa hartu zuten konposizio lanerako. Ez zituzten diskorako kantuak propio idatzi, eta hari horri eutsita hala azaldu du iruindarrak: "Ez nintzen diskoan pentsatzen ari. Gainera, idazten dudan aldiro beltxarga beltz bat bezalakoa da", eta gaineratu du beretzat idazteko arrazoiak, bizitzako gertakizunak, agertu diren pertsonak edo gogoetak izaten ohi direla. Bat dator Osinaga, izan ere, gerora egin duen gogoetetan lehen diskoak ere beltxarga beltzetik asko zuela adierazi du, jorratzen dituzten gaiengatik eta aipatzen duten iruditegiarengatik beragatik: "Kontzeptua ezagutu aurretik idatzita nituen kantu asko, ideia horrekin lotu ditzaket gaur egun". Funtsean, musikariek, eta artistek orokorrean, izaten duten baliabideetako bat dela azaldu du.

Ez zegoen grabaketarik zehaztuta ez eta lanik jomugan ere, eta kantuak sortzen joan ziren heinean erabaki zuten bigarren diskoa egingo zutela. Ibaik, berriz, onartu du Altxatu taldean izandako esperientziatik, barneratuago zuela diskoaren eboluzioak zein izan behar zuen: diskoa udan egin, urri inguruan kaleratu eta, hartara, Durangoko Azokarako prest egotea. "Hori egiteko ideia ere alboratu genuen, eta hain zuzen, Javier taldekidean asko insistitu zuen horretan: ez genuen presarik izan behar".

Hazietatik jaio dira

Basoa, loreak eta landareak. Hirurak dira bigarren disko honetako iruditegiaren parte. Taldekideek, berriz, azaldu dute modu inkontzientean egin dutela hala. Ametsek eta Ibaik bere aldetik idatzi dituzte kantuak, gero taldean proposatu, eta ekarpenak egin dizkote elkarri oinarri batzuen gainean. Landareak, baina, ez ziren ezarri zuten ezaugarrietako bat. "Subkontziente komuna" sortu dutelako irudipena dute, hala ere. Osinaga harago doa, eta Euskal Herriko musikarien erreferentziak barneratuak dituztela uste du, natura bera euskarazko kantugintzan oso presente egon delakoan: Benito Lertxundi, Lete edo Mikel Laboa jarri ditu adibide gisa. "Errealitatetik metaforetara joan behar dudanean segituan jotzen dut loreetara edo", aitortu du Arangurenek. Batere mendizalea ez izanagatik ere, lasaitasuna, goxotasuna eta segurtasuna aipatu ditu landareek transmititzen dioten sentimenduez ari dela, "babestua" sentiarazten baitute.


Kontrara, nahita bilatu dute bidearen erreferentzia, fetitxe gisakoa akaso. Eskerrak bideari, kantatu diote, Urrobi ibaiari, basoko zidorrei eta aurrera egiteko ideiari. Barruan duten zerbait dela azaldu dute, eta ez bakarrik sinbologiari dagokionean: "Diskoa egitea ere bidea egitea da, eta zain-tzea oso garrantzitsua da", esan du Osinagak. Ametsek, bere aldetik gaineratu du gauzak egiteko moduari garrantzia handia eman diotela, emanaldi bat dutenean bezala, bidea gozatzen saiatzen direla.

Izaerari eutsita, aldakor

Etiketarik ez duen taldea dela esan izan diete Ibil Bediekoei, edo jarri dizkiete, india edo folka kasu, garrantzi handiegirik eman ez badiete ere. Haiek popa erabiltzen dute, "zabalena"delako. Estiloa, nolanahi ere, nahiko finkoa dute bibolinak, saxoak, teklatuak, ahotsak, melodia propioak sortu dituzte. Hala ere, Hariak diskotik, Beltxarga Beltza honetara, bada aldaketarik. "Grabatzen ari ginela, ohartu ginen kantuak alaiagoak zirela, lehenengoan baino", Osinagak. Arangurenek ordea, arriskua hartu du hizpide:"Niri berdin zait zer etiketa jartzen diguten. Zer da egin nahi duguna, hau? Bada, egingo dugu. Arriskatu egin gara", eta gehitu du talde batek bere buruari exigitu beharreko gutxienekoa dela. Aldaketak bilatu dituzte, baina oharkabean ere etorri direla nabarmendu nahi izan dute: "Egin genezake dena modu batera, baina zure burua behartzen ari zara. Aldiz, horrela atera dira, eta desberdinak suertatu dira". Gaineratu dutenez, aldaketak, detaileetan egin dituzte, eta txikitasun horiek, ongi neurtuta, egin dutela diskoa kaleratu duten modukoa.


Entzuleak nekez imaginatuko du autotunea boskote nafarraren kantu batean. Hiraeth abestiak, ordea, harritu egingo zituen. "Hasieran martzianada bat izan zen guretzat, guzti guztia elektronikoa baitzen, baita musika instrumentuak ere", aitortu du Arangurenek. Ahots sintetizadoreekin "oso kritikoa" zela aitortu du, baina denborarekin ulertzen joan da, azkenaldion musikari dezente erabiltzen ari delakoan. Irunberrikoak azaldu du, jendea harritu egingo dela agian, estilo horretan en-tzuteagatik, baina "normalizatzen" hasi den tresna dela. Beste panorama musikal batzuk jarri ditu adibide, eta Euskal Herrian, ere badaudela azpimarratu dute: Sara Zozaya edo J Martina esaterako.


Arreta berezia jarri diote elkarlanari. Iruñekoaren hitzetan, ez litzateke berdina izango kantu guztiak taldekide bakar batenak balira, edo batzuenak bakarrik. Denek egin diote ekarpenik, soinu eta letra aldetik. Horrek berezitasuna eman dio diskoari "taldekide bakoitzetik pixka bat duenez, modu berean, denetarik dago pixka bat".

Iturri argirik gabe

Erreferenteez mintzo direnean, ez dute oso argi erantzuna. Iturriak oso ugariak dira, taldekide bakoitzak bere gustuak ditu. Physis versus nomos edota Izaki Gardenak aipatu izan dizkiete. Hain justu, Osinagak azaldu du agian, taldearekin hasi zirenean talde gasteiztarrari begiratzen ziola eredu gisa, helburuak eta beste batzuk ziren arren. Aranguren, berriz, sekula entzun gabe zegoen Jon Basagurenen taldea. Hala ere, alderatu izan dituzte Espainiako zein AEBtako beste talde askorekin, zeinak erabat ezezagunak baitziren taldearentzat. "Hori ere oso aberasgarria da, guri kritikak egin dizkiguten heinean, beste talde batzuk ezagutzen hasi garelako, eta gustatu zaizkigulako", Osinagak.


Ametsentzat lehen aldia da bi kantutan "protagonista" izatea. Orain arte saxoan, teklatuan eta koruetan ibili da, eta horietan jarraitzen duen arren, gitarra hartu eta lehen lerroan kokatzen da berak idatzitako bi abestirekin, Egurrezko eskuotan kantuan, gainera, Anariren kolaborazioa izan du. "Ahotsa oso instrumentu indartsua dela uste dut, eta oso eroso sentitzen naiz". Kantuak bereak diren heinean, gogoz irteten zaizkiola gaineratu du. Ez luke, halaber, uneoro horren bistan egotea eskertuko, kosta ere egiten zaiolako jendea parez pare izatea eta atentzioa bereganatzea. "Gainera, nire kantuak dira eta ez luke zentzurik Ibaik kantatzea. Nire kontuak dira".


Otsailean estreinatu zuten diskoa, hamaika kantu oso desberdinekin, baina euren esen-tziari eutsita. Gustora daude egindako lanarekin, eta izaten ari den harrerarekin. Aurkezpen kontzertu bikoitzaren ostean, udaberri eta uda parterako data ugari iragarri dituzte: Azpeitian, Erriberrin, Irunberrin edo Gasteizen, esaterako.

noticias de noticiasdealava