2019an elkartu ziren lehen aldiz Lidia Insausti eta Mikel Makala proiektuari forma emateko. Lehendik ezagutzen zuten elkar, aspaldi zuten buruan elkarrekin zerbait egiteko ideia. "Ikusten genuen genero eta estiloei dagokionez antzeko bisioa genuela", argitu du Insaustik, eta orain bi urte Zarautzera bizi-tzera joan zenean "poliki-poliki hasi zen dena". Makala zarauztarra da eta bertan gorpuztu zen Arima Soul.
Gainerako bi kideak beranduago batu zitzaizkien, Insaustik eta Makalak kantuen egituraren zirriborroak eginda zituztenean. Horrela sortu zuten laukotea, Lidia Insausti ahotsean, Makala baxuan, Paul San Martin teklatuan eta Hilario Rodeiro baterian. Haizezko instrumenturik ez dute, batez ere 70eko hamarkadako soul musikatik edaten baitute.
Hain zuzen ere, hori da taldearen helburuetako bat: garai hartako musika aldarrikatzea. "Soul musikari diogun maitasuna aldarrikatu nahi dugu, eta Euskal Herrian dagoen hutsunea bete, ez baitago apenas gure hizkuntzan egiten den soul musikarik", aipatu du Makalak. "Fermin Muguruzak pintzelkada batzuk eman ditu, eta akaso Afrika Bibang da gehien sakondu duena, baina soularen barnean azpigenero asko daude eta guk fokua 70eko hamarkadan jarri nahi dugu", dio musikari zarauztarrak.
"Soul Cuétara kutxa bat"
Batez ere 70eko hamarkadako estiloan barneratzen diren arren, XXI. mendeko korronteetara ere ekarri dute Arima Soulen musika, hau da, jazzarekin harreman zuzena duen neo-soulera. Euskaraz kantatutako bost abesti ditu argitaratu berri duten lanak, eta denetarik dakar: soul-funka, neo-soula, jamaikar kutsudun rocksteadya eta baita gospel ukituak ere. "Soul sorta bat egin nahi genuen", azaldu du Makalak barrezka, "soul Cuétara kutxa bat bezala".
Zuzenekoetan, abesti propioez aparte bertsioak ere jotzen dituzte, estilo horien adierazle diren musikarienak. Tartean dira Bill Withers, Etta James, Curtis Mayfield, Dee Dee Bridgewater edo Marie 'Queenie' Lyons. "Gure helburua da estilo hau aldarrikatzea eta ahal den heinean jendea dantzan ipintzea", laburbildu du Makalak.
Euskaraz sortzearen hautua erronka txiki bat izan da Lidia Insaustirentzako. Ingelesez konposatzera eta abestera ohituta, "beldur pixka batekin" hartu zuen Makalaren proposamena, baina ideia originala iruditu zitzaion eta eroso dago hartutako bidearekin. "Gure publikoarekin harreman hurbilagoa dugu horrela", jarri du azpimarra.
Berea izan zen taldearen izenaren ideia, Arima Soul. Hitz-jokoa gustatu zitzaion, soul musikazale amorratua izateaz gain, "musika entzuleen arimetara iristeko tresna" dela uste duelako. Hortik Arima Soul izena, "arimara iristen den soul musika", argitu du.
Aurkezpenak eta sorpresak
Momentu okerrenean harrapatu zituen koronabirusaren pandemiak Arima Souleko kideak, hasiera-hasieran. Itxialdiak sortzeko denbora eta patxada eman zien, baina ondorengo neurri murriztaileek diskoa aurkezteko zailtasunak ekarri dizkie. "Pazientziarekin eta ilusioarekin aurrera goaz, presarik gabe", azaldu du abeslariak.
Nolanahi ere, ezin daiteke esan aireratze txarra izan dutenik. Kontzertu bat edo beste emateko aukera izan dute, eta urte hasieran Madrilgo Premios Enlace Funk 2020 sarietan Talde Berri Onena sailean finalistak izan ziren. Horrek oihartzun handia eman die, bai eta poz izugarria ere.
Horri esker, udara begira "sorpresatxo bat" prestatzen ari dira. Aurreratu dutenaren arabera, aldizkariaren bitartez binilozko single bat plazaratuko dute, zazpi hazbetekoa. "A eta B aldeak ditu, abesti propio bat eta bertsio bat", azaldu du Insaustik.
Arima Soul entzuteko
Bost kantuko diskoa Fredi Pelaezen Pottoko estudioan grabatu zuten 2020ko udan, Beasainen. Genero hauetan "abilidate handia" eta "instrumentu oso egokiak" dituelako erabaki zuten bertan egitea, eta ez dira damutzen. "Esperientzia oso ona izan zen, une oro oso adi egon zelako eta oso azkar ulertu zuelako zer nolako soinua nahi genuen, oso organikoa eta nahiko minimalista, baina toke retro edo vintagearekin", azaldu du musikari ahotsa jarri dion Lidia Insaustik.
Diskoa grabatzeko dirua iazko udan Elorrioko Musikaire jaialdian emandako kontzertuari esker lortu zuten. "Zorte handia izan genuen, iaz izan zen urte txarrarekin kontzertua eman ahal izatea asko eskertu genuen, eta oso ondo etorri zitzaigun", azpimarratu du Makalak. Euskal Herrian ohikoa den bezala, lana Durangoko Azokan aurkezteko prest zuten, baina pandemiaren bigarren olatuak gogor jo zuen eta ozta-ozta lortu zuten zuzeneko bat eskaintzea.
Arima Soul streaming plataforma ohikoetan dago entzungai. Diskoa ez dute dendetan jarri salgai, izan ere, momentuz CD formatuan baino ez dute atera eta tirada txikia egin dute, baina eskuratu nahi duenak euren kontzertuetan edo Makalaren Orrua Diskak ekoiztetxearen bitartez egin dezake. Zuzenean ikusteko hurrengo aukera apirilaren 16an izango da, ostiralez, Zarauzko Modelo aretoan.