Lourdes Oñederra euskal filologiako doktore, ikertzaile eta idazleak Ortzadar saria jaso du astearte honetan Gasteizko Artium museoan. Diario de Noticias de Álava egunkariko zuzendaria den Marta Martinek aurkeztutako ekitaldi familiar eta txiki batean -covid-19ari aurre egiteko segurtasun neurriek hala behartuta-, Noticias Taldeak ematen duen golardo hau hartu du.

Noticias de Gipuzkoako Eduardo Iribarri, Noticias de Navarrako Joseba Santamaria, Deiako Iñaki Gonzalez eta Onda Vascako Angel Lopez ere han izan dira. Martinek gogoratu duenez, "pandemiak gure bizitza aldatu du", eta jardunaldi hau lekuz aldatzera behartu du ere. Izan ere, sari hau urtero banatzen da larunbatero taldeko egunkari guztietan argitaratzen den Ortzadar gehigarri kulturalaren esparruan, eta tradizionalki ekitaldi hau Durangoko Azokan antolatzen da.

Oñederrak Ortzadar saria jaso du Euskal literatura eta kultura sustatzeko urte luzeetan zehar egin duen lan eskergagatik, eta hau hartzerako orduan esandako hitzetan, omenaldia eskertu nahi izan du. Urtarrilaren 19an jasotzea ere eskertu nahi izan du, San Sebastian egunaren bezpera alegia.Izan ere, danborradarik gabe geratu da aurten, baina ekitaldi hau antolatu diote. "Eta etxe ondoan, gainera".

15

Lourdes Oñederra, Ortzadar saria

Bere hitzaldian, arrazoiak eman ditu ere "zergatik nik ez dudan sari hau merezi" argudiatzeko. "Iñaki Gonzalezek esan zidan sari hau ematen zutela euskara sustatzeko egiten den lan aktiboagatik, eta uste dut esan nuela aktibo baino, nirea pasiboa izan zela", azaldu du. Izan ere, euskara berarentzat "opari bat" izan da;"lana eman dit, dudarik gabe, baina horrekin batera eman dit oso gaztetatik kronograma bat, eta ez da txantxetako kontu bat".

"Zortea" izan duela adierazi du gainera; "leku egokian, une egokian egon naiz". Eta gaineratu du "niri euskara nolabait gertatu zaidan gauza bat izan dela. Beharbada, beste garai batean sari hau merezi zuten. Nire kasuan pribilegio bat izan da meritu bat baino".

Horren harira, bere gurasoen garaira itzuli da, eta han gogoratu du nola "guraso horiek 60ko hamarkadaren hasierako urteetan ikastola klandestinoetara eraman ninduten. Nire amak, gainera, beti egiten zuen jolas giro batean senti genezan kontua".

Zazpi urterekin, La Asuncion ikastetxera eraman zuten, eta han ikusi zuen "beste Donostia, euskaratik aparte bizi zen Donostia". Ez dauka oroitzapen txarrik, baina garai horretatik aitortzen du jaso duela "sentsibilitate berezi bat", oraindik existitzen den gizarte atal horrekiko. Gero, unibertsitatera eman zuen jauzia, eta euskara bidelagun izan zuen, baita hau amaitzean Estatu Batuetara joan zenean ere euskara abiapuntu izan zuen -bertan Linguistikako masterra egin zuen-. Hona bueltatzean, Koldo Mitxelenak zuzendu zuen azken tesia izan zen berea. "Beraz, euskarak zenbait aukera eman dizkit; nire lanera ekarriz, euskarak eremu bat eman dit nire pasioa egi bihurtzeko, fonologia".

Literatura Hitzaldia amaitzeko, beste pasio bat ere aipatu du Oñederrak; literatura. Izan ere, arlo horretan euskarak materiala ematen dio, berak forma eman ahal izateko. "Horrek lan handia ematen du, baina bereziki askatasuna ematen du", azpimarratu du bukatzeko.

Ibilbide horretan ere, literaturaren munduan, beste zenbait sari jaso ditu. Eta lan horren ondorioz ereindako lehenengo fruitua izan zen Eta emakumeari sugeak esan zion eleberria, 1999. urtean argitaratu zuena. Orain, eta hala aurreratu duenez, lan egiten jarraitzen du. Hurrengo lan bat izango da Europako editorial batek atera behar duen Europako minoria linguistikoen inguruko euskarari buruzko ale bat. "Ari naiz ere euskal fonologiari buruzko liburu bat prestatzen gaztelaniaz". Azkenik, ekitaldia familia argazki batekin amaitu da, eta bertan ere Artium museoko zuzendaria (Beatriz Herranz) eta zuzendariordea (Javier Iriarte) izan dira.