Orbaizetako Olan zer berri...

'Basolatik berri onik ez' liburuan bildu dituzte Joseba Larratxe eta Asisko Urmenetak Xabiroi aldizkarian argitaratutako komikiak. Orbaizetako arma olan kokatuta dago istorioa, XVII. mendean

26.11.2020 | 17:45
Irudian, Urmeneta eta Larratxe.

Orain dela lau urte hasi ziren Joseba Larratxe eta Asisko Urmeneta komikiak argitaratzen, Ikastolen Elkarteak ekoizten duen Xabiroi aldizkarian. Marrazkiak egin ditu lehenengoak. Bigarrena, bere aldetik, gidoia idazten aritu da. Kontatu dutenez, Dani Fano aldizkariko zuzendaria izan da editorea, eta berak egindako enkargu batetik abiatu zen proiektua.

SORRERA


Larratxe marrazkilari irundarrak esandakoaren arabera, Fanok ondo ezagutzen du Orbaizeta ingurua, eta aspalditik zuen buruan bertan girotutako komikia egitea. Hortaz, gidoilari bat eta marrazkilari bat bildu zituen proiektua elkarlanean sortzeko, Xabiroi komiki-aldizkariak egin ohi duen moduan.


Kokalekua, beraz, editoreak zehaztutako baldintza izan zen. Garaiari dagokionez, kapitulu bakoitza garai ezberdinean girotzea pentsatu zuen hasiera batean Urmenetak, Erdi Arotik hasi eta gaur egun arte. Larratxek dioenez, kapitulu bakoitzean pertsonaiak eta Basola zerotik diseinatzea ekarriko luke horrek, eta lan handiegia litzake. Hortaz, XVII. mendea aukeratu zuen azkenean gidoilariak, "Espainiar inperioa zartatzen hasi zen garaia".


Ikastolen Elkartearen babesean argitaratu dute liburua, baina ez da haurrentzako komiki bilduma. Liburua nerabeetatik hasi eta "misterioz eta intrigaz beteriko istorio zirraragarri bat" irakurri nahi duen edonorentzako zuzenduta dagoela baitio Larratxek.

BASOLATIK BERRI ONIK EZ

Orbaizetako Olan zer berri, horren inguruan darabil liburuak. Historikoa du giroketa, baina fikziozko istorioa da. Kapitulu bakoitza Basolan lan egiten zuten gremio ezberdin baten ikuspuntutik kontatuta dagoela azaldu du Larratxek: "Kapituluz kapitulu joango gara ikusten bazirela mandazainak, Hartzainak, Goaitak, Latsariak, Olariak€".


Fantasiazko mundu horretan, ohiko pertsonaiez gain, pertsonaia mitologiko berriak asmatu dituzte gidoilari eta marrazkilariak: Orkaitzak. "Fantasiazko istorio orok behar duen munstroa dira, baina geroago ikusiko dugu zibilizazio bat direla eta badutela agenda propioa€", Larratxeren hitzetan.


Orain dela lau urte ekin zioten kapituluak Xabiroi komiki-aldizkarian argitaratzeari. Orain, horiek bildu eta liburua osatu dute. Dioenez, euskal imajinarioan merezi duen lekuan jarri nahi izan dute Orbaizetako Ola komiki hauen bidez. Izan ere, leku iradoki-tzailea izan arren, jende askok ezagu-tzen ez duela azaldu du: "Kultura burujabe bat bagina, ziur naiz honezkero hiru filma, pare bat telesail eta dozenaerdi liburu idatziak izango direla Orbaizetako Basolan girotuta".

KOMIKIGINTZA

Munduko hainbat lurraldeetan komikia lehen lerroko artetzat jotzen dutela dio marrazkilariak: Japonia, Frantzia, Belgika edo Estatu Batuak. Bere iritziz, bestalde, Euskal Herrian haurrentzako kontu bat dela pentsatu izan da. "Seguruenik, euskara berreskuratu nahian, letrari irudiari baino garrantzia handiagoa eman diogu, eta ez da inoiz komikiaren industriarik sortu hemen".


Euskal Herrian estilo edo eskola propiorik ez izatea da horren ondorioa, dioenez. Dena den, egile "bikainak" ditugula azaldu du: "Antton Olariaga, Mattin, Zaldi Eroa edo Asisko bera gabe, ez dut uste nire belaunaldia komikiak euskaraz marrazten ariko zenik".


Komikiaren garapenari dagokionez, azken hogei urtetan gorakada garrantzitsua izan duela aipatu du, munduan zein Euskal Herrian. Zentzu horretan, Xabiroi komiki-aldizkariak zerikusi handia izan duela dio irundarrak.


Aipatu duenez, batzuek 'eleberri grafiko' deitzen diete komikiei, baina berak 'paperezko filma' terminoa nahiago du: "liburu forma badute ere, komikiek zerikusi handiagoa dute zinemarekin literaturarekin baino". Horren harira, komikigileak paper zuriaren gainean errealitate txiki bat sortzen duten "jainkotxoak" direla dio, eta hala ere, beren egunerokotasunak ez duela "batere glamourrik". Izan ere, ordu asko igaro-tzen dituzte mahaian eserita, "flexoaren azpian konkortuta".

SORTZE-PROZESUA

Asiskok asmatu eta idatzitako gidoia dute oinarri Larratxeren marrazkiek. Dioenez, komikia marrazten hasi baino lehen, gidoian deskribatzen diren pertsonaien zirriborroarekin hasten da: "Oso garrantzitsua da pertsonaiek itxura mantentzea biñetaz biñeta".


Ostean, komikiaren orrialdeen forma erabaki behar du, Asiskok orrialde bakoitzeko biñeta kopurua zehaztu arren, Larratxeren kontu geratzen baita biñeta horien forma eta orrialdean izango duten konposaketa. Marrazkiak arkatzez marrazten ditu paperean, tintaz errepasatu, eta eskanerrarekin ordenagailuan sartu. Ondoren, arkatz digitalarekin ematen die kolorea.


Azaldu duenez, etxetik datorkio komikiaren munduarekiko interes eta zaletasuna, aitak Tintin eta Asterix eta Obelix-en komikiak irakurtzen baitzizkion. Bederatzi urte zituela egin zuen bere lehenengo komikia, Ikastolako lehiaketa baterako. Orduan jakin zuen buruan zeukan edozer gauza kontatu zezakeela bertan: "Komikietan, muga bakarra irudimena da".