Euskal Herrian eta kanpoan dauden proiektu arriskatuei plaza bat emateko asmoa du Eztenak", azaldu dute jaialdiko arduradunek. Antzerki historia bizia du Errenteria herriak (Gipuzkoa). Halaber, duela hamabi urte Mikelazulo kultura elkartean arte eszenikoetan zebilen hainbat lagunek Eztena jaialdia sortzea erabaki zuten. Hain zuzen, lagun arteko sare horretatik gogoeta bat abiatu zuten garai hartan: beraiek egiten zituzten lan motak zabaltzeko zailtasun handiak zituztela ikusten zuten, "erakusleihoak edukitzeko eta lanak ezagutzera emateko arazoak". Batik bat, lan arriskatu eta esperimentalagoen beharra zuten eta hu-tsune horietatik sortu zen jaialdia. Dramaturgia moduetan arriskatzen zuten obrak nahi zituzten, estetikari erreparatuaz antzerki mota arriskatuak egiten dituzten lanak, eta beraien taldea kudeatzeko moduan arriskuak hartzen dituzten konpainiak. "Oso gutxi programatzen dira halako lanak, beste filosofia baten arabera funtzionatzen duten lanak dira, ez hainbeste irizpide enpresarialen araberakoak", uste dute Eztenakoek. Aurten hamabigarren aldiz, arriskuaren oholtzan arituko dira Errenterian astebetez. Gaur hasi eta datorren larunbat arte, dozena bat emankizun ikusteko, eta batzuetan parte hartzeko, aukera egongo da.

Hamargarren urteurrenarekin batera, duela bi urte, jaialdiak etapa bat betetzen zuela sentitu zuten antola-tzaileek, planteatu zuten jarraitu behar zuten ala ez ere, eta urte hartan, umoretik eta parodiatik sortutako festa batekin ospatu zuten hitzordua. "Hor konturatu ginen zer nolako sarea sortu zen hamar urtetan, zenbat jendek sentitzen zuen atxikimendua eta Eztena bezalako erakusleihoen beharra eta horrek motibatu gintuen jarraitzera", azaldu dute Eztenakideek. Hain zuzen, jarrai-tzekotan ilusioa eta motibo bat egon behar zela sentitzen zuten, ezin zirela programatzailearen errutina hutsean erori. Horregatik, jaialdi hura eta gero, iazko edizioa guztiz desberdina izan zen: hiru antzerki laborategi egin zituzten hiru egunez eta programazioa laborategi horietan ateratako lanekin osatu zuten.

GAZTE KONPAINIAK

Esperientziaren balorazio ona eginik, hamabigarren ediziorako, aurten, apustu ezberdin bat egin dute, "apustu hibridoa". Irailaren 4tik 12ra bi proiektu egongo dira egonaldiak egiten, eta amaieran saio irekiak eskainiko dituzte. Jon Ander Urrestik gidatutako taldeak, Baserri galduen gorputz biziak obra landuko du eta Formol taldeak bestalde, Maketa antzezlana. Bestetik, antzerki obrekin ohiko antzerako programazio bat osatu dute, baina aurten obra guztiek berezitasun bat izango dute, denak gazte konpainiek sortutakoak izango dira. Gazteetan jarri dute protagonismoa. "Azken urteotan ikusi dugu asko identifika-tzen garela Euskal Herrian sortzen diren taldeetan hartzen diren bide berriekin, hots, Eztenaren filosofiarekin guztiz bat egiten dutela jende gazte askoren proposamen berriek". Hain zuzen, Eztenak bilatzen duen obra arriskatuak eta esperimentalak planteatzen dituzte konpainia hasi berriek. Horietako asko eta asko Euskadiko Arte Dramatiko eta Goi Mailako Dantza eskolako ikasleak dira. "Gai batzuk oso modu potentean adierazteko ausardia dute". Hala, programazio osoa sortu ahal izan dute bakarrik gazteen proposamen eta konpainia berriekin.

Horregatik edizio "berezia" izango den zalantzarik ez dute Eztenakideek. Besteak beste, Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua edota Erika Olaizolak beraien obrak aurkeztuko dituzte. Hirugarrenik, Sra. Polaroiska kolektiboak uztailetik ikerketa bat abiatu du herrian bertan, duela hamarkada batzuetako Zumardiko dantzaldi ezagunetan oinarriturik eta emaitzaren estetika eta formatua jendaurrean erakutsiko dute performance modura, jaialdiaren barruan.

ETENGABE BERRASMATUZ

Itxaropentsu daude Eztenakideak. Beraien esanetan, azken urteotan, Euskal Herrian bada antzerki esperimentalagoa egiten duen jendearengan ahalduntze prozesu bat oraindik amaitu ez dena, izan ere, "jendartean ematen ari diren prozesuen isla bat dira arte eszenikoak". Aurrera begira, beraien burua berrasmatzen jarraitu nahi lukete. "Eztenak jarraitzen badu, oso garrantzitsua izango da errutinan ez erortzeko eta gure buruaren funtzionario ez izateko".